Urteberri eguna ospatzeko modu asko daude, baina pertsona batzuek ez dute aski era bakarrarekin, eta guztiak probatu nahi dituzte. Azken taberna itxi zuten atzo Urnietan (Gipuzkoa) Irati Otegik, Uxue Maiozek eta Iñigo Juanikorenak. Erraza da 17 urte inguruko gazteen arteko ondorengo elkarrizketa irudikatzea:
—Zer? Adarrara igoko gara?—Bai zera!
—Salda ematen diete, doan, mendizaleei.
—A, orduan bai!
Eta hala abiatuko ziren hirurak, kaletik errepidera; errepidetik pistara; pistatik mendi bidera eta mendi zidorretatik harri artera, alkandora, minigona eta takoiekin, hego haize bortitzaren hotzaren edo orkatila bihurtzearen beldurrik gabe. «Lehen aldia dugu horrela gaupasaz mendira igotzen», esan zuen Otegik, «baina datorren urtean, berriz».
Erotuta al daude urnietar hauek? Kontatzen dutenez, ez nekea, ezta bide txarra ere ez dute sentitzen Adarraren lepoan zain duten edabe magiko bati esker: Euskalduna mendigoizale taldeak urtero prestatzen duen salda beroa.
Astebete ematen dute taldeko kideek eguna antolatzen. Abenduaren 30ean eta 31n egosten dute salda, harategi batean. «Barazkiak ere baditu», esan du Joxe Mari Gonzalezek. Gonzalezen gurasoak aritzen dira goian mendizaleei salda banatzen, baina talde handiago baten lana da prestakuntza. Urtezahar egunez, mendian gora abiatzen dira, estalpea, sukaldea eta eltzeak igotzeko. Lanik handiena, ordea, salda eta ura garraiatzeak ematen die. Salda kontzentratua egiten dute, denera, 60 litro. Urteberri eguneko 04:45ean geratzen dira behean sei lagun, eta bakoitzak bost litroko bi bidoi salda igotzen ditu. Tontorrean ez dago iturririk, eta ura ere bizkarrean eramaten dute, 31n. Denera, 180 litro salda beroa banatzen dute. Goiz ibili behar da dastatu nahi izanez gero, 11:00etarako bukatu ohi delako.
Topa, saldarekin
Gonzaleztarrek 38 urte daramatzate salda banatzen. «Garai batean sekulako jaia antolatzen genuen hemen, kabiarra, xanpaina eta guzti», esan du Gonzalezek, baina, azkenean, apaldu egin behar izan zuten, gehiegizko lana zelakoan. Beherago ematen zuten salda, Besabin (315 metro), baina leporaino igotzea erabaki zuten: «Ze ostia! Salda nahi duena igo dadila».
2016ko Urteberri eguneko 09:45ean, 200 bat lagun daude Adarraren lepoan, tontorretik 200 bat metrora, eta salda hartzeko ilara luzea da dagoeneko.Topa egiten dute mendizaleek plastikozko ontziekin, urte berri ona saldarekin opatzeko elkarri.
Esther Azpeitia da horietako bat. Ospakizun bikoitza du: bezperan erretiroa hartu zuen, 65 urterekin. Adarrako ospakizuna 45 urtez egin du, eta, oroitu duenez, gaztetan ohikoa zuten gaupasaz egitea. «Sasoitsu nago, atzo San Silvestre lasterketa egin nuen», esan du. Argitu behar da: gimnastika monitore zuen lanbide.
Belaunaldiz belaunaldi igarotzen da ospakizuna. Leire Peñagarikano eta Mikel Azkarate gurasoekin hasi ziren Urteberri egunez Adarrara igotzen; «gero, lagunekin». Azkaratek kontatu duenez, ordu batzuk lehenago emaztearekin gurutzatu da etxeko korridorean: «Hura komunetik ohera zihoan; ni, berriz, ohetik mendira».
Musika ere bada, saldagunean zein tontorrean. Gurutz Aranagak leku guztietara eramaten du txistua. Urrestillarrak (Gipuzkoa) kontatu duenez, Auntxa trikitilariaren semea da.«Mendi txistularirik onena naiz, eta txarrena, bakarra bainaiz». Aldapak ere txistua jotzen igotzen dituela dio. Musika tresna berezia du horretarako: duela 50 urteko txistua, «Oraingokoak baino zaratatsuagoa, gaurkoak orkestrekin jotzeko egiten baitituzte». Haize zakarraren kontra, Eusko Gudariak jotzen geratu da Aranaga Adarraren tontorrean, urte berriko dozena bat mendizalerekin.
ATZEKOZ AURRERA
Takoiekin, mendi puntara
Urte berria mendian hastea tradizio aski osasungarria da, gehienetan. Urnietako Adarra mendian (811 metro) ehunka mendizale eta beste elkartu ziren atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu