Tradizionalaren aldeko aldarria

Ander Zabalza eskalatzaile nafarrak bukatu berri du Xabier Ormazabal mendi bekara aurkeztu zuen proiektua: hainbat bide zabaldu eta errepikatu ditu Lofoten uharteetan eta Eskoziako Foula uhartean. Eskalatutako horma eta bide guztietan ez dute iltze bakar bat ere sartu.

Lofoten uharteetako hormetako batean, Esel kvist bidea zabaltzen. A. ZABALZA.
ramon olasagasti
2023ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Eskalada tradizionala da eskaladaren jatorria eta oinarria: hormak ez daude ekipatuta, bideetan ez dago aurrez ezarritako paraboltik edo seguru finkorik, eta eskalatzaileak joan behar du arrakaletan eta aurkitzen dituen kokaguneetan iltzeak, friend-ak eta artesietakoak jartzen gora egiteko; behin lerro hori eskalatu ondoren, atzera kendu egiten ditu seguru horiek, horma zegoen-zegoenean eta garbi uzteko. 1980ko hamarkadatik hona, eskalada eskolak eta ekipatutako bideak ugaritu ahala, eskalada tradizionala indarra galduz joan da, eta kirol eskalada nabarmen sendotzen. Kirol eskalada joko fisikoa da batez ere; eskalada tradizionala, aldiz, joko fisikoa eta mentala, konpromisoa nolabait handiagoa baita. Eskalada tradizionala kirol hori ulertzeko modu bat da; filosofia bat hainbatentzat eta hainbatentzat, eta asko dira Euskal Herrian horren jarraitzaileak. Ander Zabalza iruindar gaztea da horietako bat.

Zabalza Espainiako Mendi Federazioaren (FEDME) alpinista gazteen taldean egon zen duela urte batzuk. Talde hartan ezagutu zuen Bernat Vilarrasa (Girona, Herrialde Katalanak), eta haren eskutik joan zen barneratuz eskalada tradizionalaren munduan. «Vilarrasarekin hainbat eskalada egin eta gero, haren beste lagun bat ere ezagutu nuen: Gerber Cucurell. Hark hainbat bide zabaldu ditu Pirinioetan; bidaia dezente egin ditu estilo horretan eskalatzeko, eta hainbat leku aipatu zizkigun eskalada tradizionaleko bideak zabaltzeko». Zabalzak su geldoan egosi zuen asmoa, eta 2020an Xabier Ormazabal mendi beka eskuratu zuen, proiektu erakargarri batekin: Horma birjinak Artikotik gertuko latitudeetan. Pandemiak, ordea, erdiz erdi eten zuen proiektua, eta aurtengo udara arte ezin izan du amaitu.

Proiektuaren lehen geltokia Lofoten uharteak izan ziren, Norvegia iparraldean, joan den urteko udan. Vilarrasa, Mikel Inoriza gasteiztarra eta hirurak joan ziren Lofoten uharteetara. Oslora lehenbizi eta Bodora gero hegazkinez iritsi ondoren, handik aurrera garraio publikoan mugitu ziren—autobusetan eta ferryetan—, Lofoteneko Moskenesoya herrira iritsi arte. Itsas mingain batean, horma ikusgarriz inguratutako arrantzale herri kozkor bat da Moskenesoya. Lofotoneko postal bete-betekoa. «Zoragarria da lekua, eta bakartua; inor gutxi joaten da hara eskalatzera. Lauzpabost arrantzale familia baino ez dira bizi bertan. Hormak granitozkoak dira, 200 eta 800 metro artekoak; ez dira horma txiki-txikiak ere, eta ia itsasotik bertatik jaiotzen dira», jakinarazi du Zabalzak.

Nahi beste ordu

Eskalatzaileen alerik ez, horma ikaragarri ederrak aukeran, nahi beste lerro eta bide zabaltzeko... Pagotxa aurkitu zuten hiru eskalatzaileek. «Guk dakigula, Gerber Cucurellek berak eta Jordi Estevek eskalatutako bideren batzuk bazeuden, baina askoz gehiagorik ere ez», ekarri du gogora Zabalzak. Gainera, Artikotik gertuko latitude haietan udan iluntzen ez duenez, nahi beste ordu zituzten eskalatzeko. «Joan gintezkeen lotara 07:00etan, 16:00etan jaiki, 17:00etan eskalatzen hasi, eta 04:00etan bukatu. Berdin zion ordua. Beste leku eta horma batzuetan, orduaren presioa duzu, eta oso goiz mugitu behar duzu egun argiarekin iristeko gora. Han, aldiz, lasaitasun hori genuen; bagenekien ez zuela ilunduko».

Lofoten ikusgarria da, baina latitude haietan, Norvegiako itsaso betean, eguraldi makur samarra izaten da sarri, eta hainbat egunetan langarrarekin eta hormak bustita eskalatu behar izan zuten. Halako batean, ordea, egun pare bateko leihoa ireki zitzaien, eta, gauerdiko eguzkiari esker, ederki baliatu zuten menia. «Horma nagusietako batean ginela, behera egin behar izan genuen, hala ere. Bernatek ez zuen iltzerik eraman nahi, eta sekzio batean geure burua babesteko modurik gabe geratu ginen. Iltzeak eraman izan bagenitu, pasatuko ginatekeen seguruenera, baina tira, jolasaren parte zen: bagenekien zertara gindoazen». 20:00etan jaitsi ziren. «Zer egingo dugu? Ona iragarri dute; goazen beste hormaren batera», deliberatu zuten. Eta hala, beste bide bat eskalatu zuten. 24 ordu guztira, gelditu gabe.

«Artesietakoekin eta friend-ekin babesten ginen. Ez genuen iltzerik eta mazorik eraman. Orain, ikusitakoak ikusita, agian eramango genituzke, baina horrela erabaki genuen orduan, eta kito. Bazeuden arrakalak friend-ak eta artesietakoak sartzeko, baina beste zati batzuk itsaspenekoak ziren, eta, horietan, metro dezentetan ezin genuen babesteko ezer sartu, eta dezenteko beldurra pasatu genuen». Horra eskalada tradizionalaren izaera, hitz gutxitan azalduta. Hiruko sokadan eskalatu zituzten bide guztiak, 40 metroko soka laburragoak erabilita eta luzez luze elkarri txandak emanez: «Horrelako eskaladetan, lehena doanak neurona gehiago erretzen ditu beti».

Lau bide zabaldu zituzten guztira Merraflestinden eta Moltbaertinden hormetan: Alle blinde, Brutt, Garn thong eta Esel kvist. «Zailtasun aldetik ez ziren gogor-gogorrak ere izan: gehienez ere 7a zailtasunekoak, baina ez zen hori helburua, bide gogorrak irekitzea. Dena irekitzeko dagoen leku batera iristean, nahi duzuna da ahalik eta gehien eskalatu eta lerrorik politenak eskalatu. Gozatu», nabarmendu du Zabalzak.

Foula uhartea, Eskozia

Proiektuaren bigarren geltokia Eskoziako Foula uhartea izan da, aurtengo ekainean. Gerber Cucurellek berak aipatu zien Foulako itsaslabarrak ikaragarriak ikusten zirela irudietan, Dave MacLeod delako batek hainbat bide zabaldu zituela uharte hartan, eskalada tradizionalerako sekulako lekua zirudiela... eta halaxe joan ziren Zabalza eta Vilarrasa gogoa eta grina elikatuz. Bigarren espedizio honetan, Mikel Perez de la Raya eta Eduardo Sola batu zitzaizkien, biak nafarrak.

Eskoziara baino lehen, Galesen egin zuten geldialdia, Pembroke hiriaren inguruko itsaslabarretan. Trad eskaladaren edo eskalada tradizionalaren leku gurtuetako bat da Pembroke. «Gogoa genuen hura ezagutzeko, estilora moldatuz joateko. Astebete egon ginen Pembroken, eta asko gozatu genuen, baina une oro meteoari begira ginen, Foulara joateko baldintzen zain, Foulakoa baitzen helburu nagusia», jakinarazi du Zabalzak. Astebete hartan, eskalatzaile galestarrekin hitz egin zuten Foulari buruz, baina inork ez zuen uhartearen berririk.

Foulako eguraldi iragarpenak zertxobait hobetu zirenean, hara bidean jarri ziren. Bidaia luzea izan zen: Erresuma Batu osoa gurutzatu behar izan zuten hegotik iparrera; ondoren, hamabi orduko ferry bat hartu, eta gero beste laburrago bat, Shetland uhartedian bertan, Foulara iristeko. Oso-oso iparrean dago Foula. «Uharte txiki-txikia da. Berrogei bat lagun bizi dira bertan, jende jatorra. Autoz eraman gintuzten kanpaleku nagusia ezarri genuen lekura. Mesede galanta egin ziguten. Esan ziguten ibili izan dela jendea Foulan eskalatzen, baina ez zela batere ohikoa», oroitu du Zabalzak. Hurrengo egunetan ulertu zuten zergatik.

Biharamunean, euri langarrarekin esnatu ziren, baina, hala ere, labarretan behera rapel egin eta hormak aztertzen hasi ziren, bideak zabaltzeko lerro egokien bila. Ostarteak zabalduz joan ziren egunak aurrera egin ahala, baina haiei gogoa goibelduz joan zitzaien labar bat eta beste bat eta beste bat aztertu ahala. «Etsigarria izan zen: harkaitza oso-oso txarra zen, apurtu egiten zitzaigun eskuetan. Uharteak kilometro oso gutxi ditu, baina lehen egun hartan asko ibili ginen batera eta bestera; hiruzpalau labarretan behera jaitsi ginen, baina guztietan harkaitz apurkorra aurkitu genuen. Neka-neka eginda eta abailduta itzuli ginen kanpalekura». Eta biharamunean ere, gauza bera. Foula uhartea ez zen eskaladarako amesten zuten paradisu hura.

Foulako egonaldiko azkeneko egunetan, lau eskalatzaileek elkarri esan zioten ezin zutela handik alde egin esku hutsik edo saiakera bat egin gabe behintzat. Hala, Nebbifeld labarrean —uharteko handienean— begiz jota zeukaten lerro bati heldu zioten. «Han ere harkaitza oso txarra zen: babesteko aukera gutxi eskaintzen zuen, bustita zegoen, eta jaistea erabaki genuen», dio Zabalzak. Azkenean, lerro horren ezkerrean dagoen bide bat errepikatu zuten, The Nouse. «Nebbifeld labar horretako ezproi batean gora egiten du bide horrek, eta, egia esan, abentura handi samarra izan zen. Geneukan krokisa oso txarra zen, eta ez zen batere erraza izan lerroari jarraitzea. Goiko aldean, gainera, fulmarren habia pila bat zeuden, eta kaio moduko horiek, egia esan, ez ziren batere lagunkoiak». Hegaztien erasoei aurre eginez, lortu zuten azkenean bidea gainditzea.

Tradizionala bultzatzeko

Foulako bidaia amestutakoa ez izan arren, «abentura eta ikasketa handia» izan dela nabarmendu du Zabalzak. «Helburua bazen hori ere: eskalada tradizionalarekiko han duten filosofia hori geureganatzea, eta gurera ekartzea. Alde horretatik, lehen ez geneukan esperientzia hori irabazi dugu, hemen erabiltzen ez diren baliabide asko eskuratu ditugu, eta alde horretatik proiektu aberasgarria izan da».

Ez Lofotenen, ez Pembroken eta ez Foulan ez dute iltze bakar bat ere sartu eskalatu dituzten bide guztietan. Harkaitzak zeuden moduan utzi dituzte. Pozik dira horrekin, eta asmo argi bat ere ekarri dute: Euskal Herrian eskalada tradizionalari bultzada emango dion elkarte bat sortzea. «Katalunian badute, eta hemen ere elkartu eta egin dezakegu zerbait. Rokodromoetatik datozen gaztetxoek, askotan, ez dakite aurreko belaunaldien eskalada tradizionaletan oinarrituta iritsi garela honaino. Eskalada tradizionalean, batez ere eskaladari berari jartzen zaio arreta, eta ez hainbeste graduari eta zailtasunari. Ekipatu gabeko bideetan, agian 6b zailtasuna egiten ari zara, baina estutuz zoaz, konpromisoa handiagoa delako. Gradua bigarren mailan geratzen da», azaldu du Zabalzak. Azken urteotan, ordea, gradua gurtzen da batez ere, eta, horren ondorioz, kirol eskaladari lotuago dauden beste modalitate batzuen itzalean geratzen ari da tradizionala, Zabalzaren irudiko. «Hori dela eta, gure helburua da pixka bat tradizionalaren balioak ere nabarmentzea». Nolabait, kirol horren jatorrietara joatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.