Txangoa Ultzaman: pagoa eta garoa

Baztan eta Ultzama arteko mugan, pago eta garo artean, aurrera doa euskal lurraldeak elkartzen dituen ibilbidea. Ehiztarien paradak, bordak eta perretxikoak ez dira falta.

Txangoa Ultzaman: pagoa eta garoa.
Joxemi Saizar.
2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Ura zen gizona, ura! Zazpi oin ta erdi bai luze, makal zugatzaren irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezala trinko, gorosti ezearen antzera zimel. Orrela zan Joanes nik ezagutu nuanean» hasten da Txomin Agirreren Garoa eleberria famatua. Eta zer du ikustekorik horrek Urmugarekin? Garo artean ibili direla ibiltariak ostiraleko etapa osoan zehar, Gorostieta lepotik Belate mendatera, Baztan eta Ultzama haranen artean denbora guztian (Nafarroa). Urrian behien azpiak egiteko garoz betetako gurdiek ateratzen zuten soinua izan dute gogoan baserri mundua bizi izan dutenek. Desagertzen ari den mundu bat, Asier Altunaren Amama film kutunean paregabeki agertzen den modura.

Bildu gabeko garo ugariko zelaiak topatu dituzte, GR-12 bidea ia ixtera iritsi arte. Nola egongo ote dira beste bidexka eta bidezidorrak? Horiek ere desagertzen ari dira. Eta botak eta motxila daramatzaten mendizaleak ere azken mohikano gisa sentitzen dira batzuetan. Jende gutxi topatu dute, korrika edo bizikletan doazenak oinezkoak baino gehiago.

Gorostietako lepoan, Orokieta eta Saldias lotzen dituen errepidean, Errenteriako (Gipuzkoa) bikote bat elkartu da taldera. Kontzerturik ez da, baina txantxangorria, pintxona, berdotsa, zozo-birigarro eta miruen kantuak identifikatu dituzte haiei esker, egunari hari musikala jarriz, gainetako haize txistuarekin batera.

Usotokietan lo egin dutenaren antzeko borda eta txabola ugari izan dituzte txangoan —gehienak txukun mantenduta daude—. Ehiztarien paradak —txosnak deitzen diete Errenteriakoek— ez dira falta. Eguerdian parrilan erreta jango dituzten onddo zuriak ere jaso dituzte. Urradi lepoan, Zumardena, Maizterreneko etxola, Bentaxar pasatu dituzte. Pagadiak dira nagusi berriz ere, harizti batzuk ere bai. Mendi leunak. Tontorrik ez dute zapaldu, Soratxipi eta Txaruta gertu izan arren. Ultzama eskualdea, hamalau kontzeju, Larraintzar burua. Baserri handiak, geranioz betetako balkoiekin. Mami famatua, perretxiko ugari. Putzuetako gaina pasatuta, Ilerrizokoa errepikagailua eta leheneratu nahi dituzten zohikaztegiak. Belate mendatera iritsi dira, Erreagako bentatik gertu. Zenbat mendate daramaten jada urmugalariek!

BIHARKO ETAPA:

14. Etapa: Ibañeta-Azpegi (Uztailak 27)

10 km; 847 m igo, 1.089 m jaitsi; sei ordu; Astobizkar, Urkulu, Lepoeder, Bentartea, Arnostegi eta Organbide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.