Mendia. Nuria Picas. Mendiko korrikalaria

«Txikitatik ibili naiz mendian, eta han sentitzen naiz gusturen»

Urteetan suhiltzaile lana eta kirola uztartzen aritu ostean, aurten kirolari profesional gisa ari da Nuria Picas. Munduko korrikalaririk onenetakoak bikain hasi du urtea, Transgrancanaria eta Fujiko ultratraila irabazita.

NURIA PICAS.
Ainhoa Lendinez
2014ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Suhiltzailea, ama eta munduko mendiko korrikalari onenetakoa. Lasterketa luze nahiz laburretan goren-gorenean dago egun Nuria Picas (Manresa, Katalunia, 1976). Alaia, mendizale sutsua eta familiazalea nahiz lagunzalea. Katalana dela harro esaten du.

«Burdinazko emakume katalana» zara askorentzat. Nor da Nuria Picas?

Kirolzale sutsua eta naturaren maitalea naiz, baina dena ez da korrika egitea niretzat. Haitzean eskalatzen aritzen naiz, mendiko eskian edo bizikletan, baita seme-alabekin basoan jolasten ere.

Noiz eta nola hasi zinen kirolean?

Kirolak txikitatik eman dit bizia. Zorte handia izan dut, gurasoek izugarri maite dituztelako eskalada eta mendizaletasuna. Ni txikitatik ibili naiz mendian, neure etxea da, mendian sentitzen naiz gusturen. Geroago mendiko bizikleta probatu nuen, espeleologia ikastaro bat ere egin nuen, eta, azkenik, abenturazko raidetan murgildu nintzen. Hiruzpalau urte hauetan mendiko lasterketetan zaildu naiz, baina haitza eta pedalak ez ditut sekula alboratu.

Nola murgildu zinen mendiko lasterketetan?

2010ean izan zen. Kataluniako zenbait lasterketatan hartu nuen parte, eta Kataluniako Selekziotik hots egin zidaten. Chabertonera (Italia-Frantzia) eraman ninduten korrika egitera, eta laugarren amaitu nuen proba. Malaysiara joan ginen gero, eta, denon harrigarri, Munduko Kopako lehen proba irabazi nuen. Urtebete geroago, 2011n, iritsi zen bizitza aldatu zidan lasterketa: Cavalls del Vent (100 km). Orduan hasi nintzen ultratrailetan.

Nolakoa da zure egun arrunt bat?

Esnatu, eta bi biberoi prestatzen ditut. Ondoren, haurrak eskolara eraman, eta goiz osoa izaten dut niretzat. Gosaldu, eta posta elektronikoa begiratzen dut, eta 10:00 aldera entrenatzera ateratzen naiz. Bazkaldu, siesta egin, eta 15:00etan haurren bila joaten naiz eskolara. Orduan hasten da bigarren entrenamendu saioa niretzat, gogorrena baina baita atseginena ere! [barrez]

Suhiltzailea zara, lanbidez. Nola uztartzen dituzu lana eta kirola?

Orain dela egun batzura arte ahal nuen bezala uztartzen nuen dena; egun batean lan egin, eta hiru egun izaten nituen libre. Orain dela hilabete, ordea, eszedentzia hartu nuen. Urtebeteko geldialdia egin dut lanean, goi mailan lehiatzeko eta egutegian jasota dauzkadan lasterketa guztietan parte hartzeko.

Kirolari profesionala zara, beraz?

Orain, bai, korrikalari profesionala naiz. Babesleei eta lasterketa batzuetako sariei esker, kiroletik bizi naiteke, baina badakit hau ez dela futbola eta bizimodu honek iraungitze data daukala. Oinak lurrean izatea komeni da, uneaz gozatzea, eta kirol honen edertasunak ematen didan minutu bakoitza zukutzen jakin.

Zer eman dizu mendian korrika egiteak? Eta zer kendu?

Mendiko lasterketek hiru urte zoragarri eman dizkidate. Jende zoragarria ezagutu ahal izan dut, eta inoiz imajinatuko ez nituen leku eta mendiak bisitatu. Kendu, berriz, goizean jaiki eta nahi dudana egin ahal izatea: horman eskalatzea, bizikleta hartu eta mendira joatea, edo etxean geratu eta lasai-lasai liburu bat irakurtzea. Gezurrik ez: entrenatu egin behar da, eta honen guztiaren atzean ahalegin handia dago.

Buff taldean zaude egun. Nola aldatu da zure kirol bizitza?

Lehen ere egunero gozatzen nuen kirolaz, baina jaiki eta nahi nuena egiten nuen, edozer, inolako betebeharrik gabe. Orain konpromiso sendoagoa daukat. Entrenamendu zehatz eta zorrotza daukat, baina, hala ere, lehen bezainbeste gozatzen dut, ezberdin, baina lehen bezainbeste.

Nola antolatzen dituzu entrenamenduak?

Pau Bartolok prestatzen dizkit entrenamenduak, eta oso pozik nago egiten ari garen lanarekin. Entrenatzailea ez ezik, lagun minak gara, eta, bera ere kirolaria denez, oso ondo ulertzen dugu elkar. Dena den, ilusioa, lana eta lasterketetan horren beharrezkoa den heldutasuna dira gakoak, nire ustez .

Zeintzuk dira zure ibilbideko mugarriak?

1999an egin nuen lehen mendi maratoia, Anetokoa. Hiru hilabete geroago, ezker oineko astragaloa hautsi nuen, eta neure ibilbidea han amaituko zela uste izan nuen. Zazpi urtez egon nintzen korrika egin gabe, eta, oraindik ere mina ematen didan arren, horrekin bizitzen ikasi dut. 2012a, berriz, urte magikoa izan zen. Ultratrailen Munduko Kopa irabazi nuen, eta amestu ere egiten ez nituen lasterketetan hartu nuen parte. 2013a gogorragoa izan zen, baina emaitza onak izan nituen.

Distantzia luzeetan ikusten zaitugu, baina baita laburretan ere. Non moldatzen zara ondoen?

Zalantzarik gabe, 80 eta 100 kilometro arteko lasterketak dira niretzat egokienak. Distantzia luzeagoetan, erritmoa eta hankak ez dira nahikoa; burua erabakigarria da. Maratoiak oso egokiak dira entrenatzeko eta erritmoa hartzeko, baina, egun, distantzia luzeetarako ari naiz prestatzen.

Zergatik daude modan ultratrailak?

Jendeari mendian korrika egitea gustatzen zaio; zenbat eta kilometro eta ordu gehiago, hobe! Ultratrailak ez dira lasterketa hutsak, erronka pertsonala dira. Halako proba luzeetan denetarik sentitzen duzu. Oso lasterketa gogorrak dira, eta lasterkariak bizi osoan gogoratzen du erronka hori.

2014a bikain hasi duzu. Transgrancanaria eta Fuji irabazi dituzu.

Bai, denboraldia bikain hasi dut, eta ez nuen inondik inora ere espero! Gogor egin dugu lan maila horretan egoteko, baina Munduko Txapelketako bi ultratrail horiek irabaztea izugarria izan da. Garaipen horiek direla eta, egutegia aldatu behar izan dut, eta denboraldi hasieran buruan ez geneuzkan zenbait probatan parte hartzeko aukera izango dut. Ea hasitako bideari eusten diodan!

Zertan pentsatzen duzu horrenbeste orduz korrika zoazenean?

Oso kontzentratuta joaten naiz, lasterketan murgilduta, eta konturatu gabe irensten ditut metroak. Denerako astia dago, eta neure buruan pentsamendu positiboak nagusitzen dira: familia, lagunak, jarraitzaile duzun jendea, bidean animoak ematen dizkizuna, amaieran zain daukazun dutxa beroa, entrenatzen bakarrik egin dituzun orduak... denak dauka zentzua!

Nola ikusten duzu zeure burua etorkizunean?

Kirolaz gozatzen: haitz eskaladan udan eta izotz eskaladan eta mendiko eskian neguan. Garrantzitsuena, ordea, familiaz eta seme-alabez gozatzen segitzea izango da, eta lagunekin denbora gehiago egitea, azkenaldian ez daukat-eta asti handirik haiekin egoteko.

Joan den urtean bigarren egin zenuen Zegama-Aizkorrin. Zer esango zenuke lasterketaz?

Zegama bikaina da! Mundu osoan eredu da maratoian. Aurten zaila izango da parte hartzea astebete lehenago Australian lehiatuko naizelako, baina Zegaman egongo naiz, zalantzarik gabe. Dortsalarekin ez bada, bezperan txakolina prestatzen arituko naiz herrikoekin, eta, egunean bertan, izugarri gozatuko dut Aizkorrin, zoro pare korrikalariak animatzen!

Hainbat lasterketa egin dituzu Euskal Herrian. Zer iruditzen zaizu gure herria?

Ohorea da Euskal Herrian korrika egitea, izugarri gustatzen zait. Mendiko lasterketetan ere erreferentzia zarete, eta euskaldunen mendizaletasuna bakarra da munduan. Txapela kentzeko modukoa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.