Mendia. Base jauziak

Txorien pare

AEBetan sortu zen kirol gisa; Norvegian arrakasta izugarria izan du; eta orain, mundu osoan dago modan. Base jauzia esaten diote, eta, espezialisten ustez, «hegan egitetik gertuen dagoen kirola da».

2013ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Azken asteotan makina bat paraxut ikusi dira Euskal Herriko zeruan. Ez dira paraxutistak, ordea, base jauzilariak dira. Objektu finko batetik egiten dute jauzi, eta airean zabaltzen dute paraxuta. Euskal Herrian gero eta arrakasta handiagoa du kirol horrek.

Patrick Gisasola (Bilbo, 1977) surflaria izan da betidanik. Tarteka eskalatu ere egiten zuen eta, muturreko kirolek erakarrita, orain dela zazpi bat urte deskubritu zuen paraxutismoa. Mendizaletasunak, ordea, base jauzira eraman du azken urteetan. «Beti izan dut gustuko neure beldurrei aurre egitea, eta base jauzia amets bat izan da hasiera-hasieratik», azaldu du. Alex Berastegi ere (Bilbo, 1977) jauzilaria da. Snowboardeko irakaslea zen, baina hark ere orain dela sei bat urte izan zuen paraxutismoa probatzeko aukera. Hegazkinetatik, globo aerostatikoetatik eta bestelakoetatik jauzi egin ostean, orain bi urte igaro zen base jauzira. 2011n Zionflyers hegalari taldea sortu zuten bost lagunek (Juanra Nestares, Victor Gordillo, Alex Berastegi, Pablo Otxoa eta Oscar Busturia), eta ordutik jauzi ikusgarriak egiten dituzte han-hemen. «Ez gara honetatik bizi; ezinezkoa da. Guk geure lana daukagu, eta hau zaletasun bat baino ez da guretzat», azaldu du.

Alex Txikon (Lemoa, 1980) kirol askotan aritzen da, baina batez ere mendiarekin lotuta ezagutzen dugu: 31 urterekin 11 zortzimilako igo ditu. Ohikoa da, ordea, lemoar abenturazalea herri kiroletan, mendian korrika eta beste hamaika plazatan ikustea. Joan den urteko urrian beste urrats bat egin zuen. Hegan egin nahi zuela erabaki, eta ordutik hamaika lekutan ikusi dugu paraxutarekin. Haitzean jaioak, ordea, haitzera nahi, eta mendizaletasunak base jauzira eraman du lemoarra. «Bizirik sentiarazten nau. Bihotz taupadak topera jartzen dizkit, eta listua ere ezin irentsita egoten naiz ahoan. Salto egiten duzunean ez dakizu zer gertatuko den, eta hori sentitzea oso interesgarria eta bizia da niretzat». Urtebete baino ez darama jauzilari, eta ehundik gora jauzi egin ditu jada.

Paraxutismoa vs base jauzia

Lehen base jauziak XVIII. mende amaieran egin ziren. Louis-Sebastien Lenormand fisikari frantsesak Montpellierko behatokitik (Frantzia) egin zuen salto, 1783an, eta hori da jasota dagoen lehen jauzietako bat. Hala ere, adituentzat, base jauzia AEBetan sortu zen kirol gisa. Michael Pelkey eta Brian Schubert paraxutistek egin zuten lehen base jauzia, 1966an, Kapitainetik. Biak hil ziren hor. Haien ondotik hainbat jauzi egin ziren hormatzarretik, eta tartean istripu asko izan ziren. Azkenean, Yosemiteko parke naturaleko ardunek galarazi egin zuten base jauzirik egitea Kapitainean. Izan ere, base jauzia muturreko kirola da, eta hainbat istripu izan dira azken urteetan. Abuztuan, esaterako, zazpi lagun hil dira Alpeetan.

Base jauziak paraxutismoan dauka jatorria, eta base jauzilari gehienak paraxutista izan dira aurrez. Egun, ordea, base jauzia aireko kirol modalitate bat da, eta gero eta eskola gehiago daude jauzilari titulua eskuratzeko. Gisasolak orain dela bi urte atera zuen titulua, Toledon (Espainia), Skyvive Lillo zentroan. «Base jauzia egiteko aurretik paraxutismoa egin behar duzu, nahi eta nahiez. Niretzat oso lagungarria izan zen, neure burua airean ezagutzeko eta ondoren base jauzian oinarri sendo bat izateko», azaldu du bilbotarrak.

Hala ere, paraxutismoa eta base jauzia ez dira gauza bera: biak dira eroriko librea, baina paraxutistek mugimenduan dagoen objektu batetik egiten dute jauzi; base jauzilariek, berriz, objektu finko batetik. Horrek hain zuzen ere, erabat aldatzen du jauzia gauzatzeko modua. «Paraxutismoan orientazioa ez da horren garrantzitsua, normalean ez daukazulako hormarik inguruan. Base jauzian, ordea, orientazioa erabakigarria da, zubi batetik edo eraikin batetik salto egitean, esaterako, inguruan horma asko egon litezke eta», azaldu du Gisasolak.

Garaierak ere asko baldintzatzen du jauzia. Paraxutistek 4.000 metrotik egin dezakete jauzi, eta 1.000 metrora zabaldu dezakete paraxuta. Base jauzian, ordea, garaiera askoz txikiagoa da eta jauzilariek askoz denbora gutxiago dute airean paraxuta zabaltzeko. Muturreko kiroletan bortitzena eta arriskutsuena da askoren ustez, baina espezialistek oso jarduera kontrolatu eta neurtua dela diote; haizea, orientazioa, paraxuta ongi tolestuta izatea, dena kontrolatu behar da jauzia ondo egiteko. Fisikoki ez da oso kirol gogorra, bai, ordea, mentalki. Gisasolak ondo baino hobeto daki zer den hori guztia, 295 bat jauzi egin ditu azken urteetan, horietatik 115 base jauzian. «Jende askok esaten du kirol arriskutsua dela, baina ekintza bera ez da arriskutsua, jendea da arriskutsua. Horregatik kontrolatzen duen jendearekin aritzea komeni da. Burua ongi prestatua izatean dago gakoa. Buruko jolas bat da, kontzentratuta egotea eta beldurren aurrean jarduteko gai izatea», azaldu du.

Zer sentitzen da, ordea, airean jauzi egitean? «Emozio handia sentitzen duzu, hegan egitearen parekoa da», azaldu du Gisasolak. Egin dituen jauzi guztiak izan dira «ederrak eta ezberdinak», baina estualdiren bat ere izan du. Bizi-bizirik dauka, esaterako, aurtengo otsailean Veleta (Sierra Nevada, Granada) mendian gertatutakoa. «Mendian behera korrika hasi nintzenean elurretan irrist egin nuen eta desorekatuta aireratu nintzen. 150 graduko bira bat eman nuen airean eta hormatzar batetik 10 metrora gelditu nintzen. Ia pentsatu ere egin gabe erreakzionatu behar izan nuen. Lan handiak izan nituen paraxutaren kanpaia geldiarazi eta berriz gidatzeko. Horixe izan da niretzat unerik larriena», azaldu du Gisasolak.

Berastegik ere paraxutista titulua atera zuen base jauzian hasi aurretik. «Paraxutismoa kontrolatuagoa da, baina mendia gustuko baduzu, base jauziak naturarekiko lotura estuagoa dauka, basatiagoa da». Oinak lurretik aldentzen diren unea da zirraragarriena Berastegirentzat. «Mundua ahaztu egiten duzu. Lagunak, familia eta lana bigarren mailan gelditzen dira eta burua abiadura izugarrian hasten da lanean. Dena ongi prestatu duzula aztertzen du buruak, automatikoki, eta ondoren beldurra kontrolatu behar duzu. Salto egiteko eta ez egiteko, biak esaten dizkizu buruak. Une horretan tentsioa kontrolatzea ikaragarria da, horrek erakartzen nau gehien, une hori gainditu ahal izateak», azaldu du. Berastegik ere ehundik gora jauzi egin ditu eta berak estualdirik izan ez badu ere, han-hemen denetarik entzun du: «Hasiberri askori gertatu izan zaie adrenalina kolpeari ezin erantzutea eta begiak zabalik izan arren itsu geratzea une batez, blokeatuta gelditzen dira», esan du.

Eraikina, antena, zubia...

Base ingeleseko akronimo bat da eta lau hitz biltzen ditu: building (eraikina), antenna (antena), span (zubia) eta earth (lurra, horma). Hain zuzen ere, lau objektu finko horietatik egiten da salto base jauzian. Jauzi batek bi atal ditu: eroriko librea eta kanpaiaren azpian egiten den denbora. «Hegazkin batetik salto egiten dugunean aparatua bera mugimenduan dago eta horrek bultza egiten digu nolabait; eraikin batetik salto egiterakoan, ordea, zerotik ateratzen gara eta oso garrantzitsua da jauzia ondo egitea, ondoren airean ere orekari eusteko eta paraxuta zabaltzen dugunean kanpai azpian guk nahi dugun norabidean joateko», azaldu du. Kanpai azpian mugimenduak ongi egitea ere oso garrantzitsua da, orekari eusteko eta arazorik gabe lur hartzeko, inguruan eraikin, horma eta mendiak izaten baitira.

Base jauziaren beste ezaugarrietako bat paraxuta tolesteko modua da. Edozein jauzi egin aurretik, paraxuta zabaltzeko zenbat denbora daukan aztertu behar du jauzilariak, horren arabera paraxuta era batera edo bestera tolestu behar baita aurrez. «Joan den astean BECeko dorretik egin genuen salto. Jauzia oso txikia zenez, hormatik atera orduko zabaldu behar genuen paraxuta. Norvegian, ordea, horma ikaragarrietatik egin daiteke jauzi, eta halakoetan 25 segundo ere egiten dituzu airean paraxuta zabaldu aurretik. Bi jauzi horiek egiteko, paraxuta ezberdin tolestu behar da poltsan», azaldu du Berastegik.

Globo aerostatikoetatik, zubietatik eta beste hainbat hormatatik egin du jauzi Berastegik, baina berak beste eraikin bat dauka begiz jota. «Denok egin nahi dugu jauzi Iberdrolako dorretik, Euskal Herriko eraikin garaiena delako. Gainera oso ederra eta enblematikoa da, eta inork ez du oraindik handik jauzi egin. Oraingoz, ordea, ez daukagu baimenik handik salto egiteko», esan du barrez.

Garaieraren arabera bi jauzi mota daude: baxuak (200 metrotik beherakoak) eta garaiak (200 metrotik gorakoak). Jauzi ultra-baxuak ere badira, 30-60 metro artekoak. Garaierak erabat aldatzen du jauzien iraupena eta modua, eta jantzia ere ezberdina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.