Ultrailusioa, ultraerronka

Gaur arratsaldean hasiko da Mont Blanceko Ultra Traila, munduko mendi lasterketa luzeetan ospetsuena, ChamonixenHainbat euskaldunek parte hartuko dute, eta batzuk faboritoen artean daude

Ultrailusioa, ultraerronka.
2013ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
«Nork bere eran kudeatzen du bere bizitzako abenturarik harrigarriena bizitzeko emozioa. Baita helmugaraino iristeko gai izango garen jakiteko beldurra ere». «Ez dakigu lortuko dugun, baina ziur gaude zoriona lortuko dugula». Kilian Jornet historiako mendi korrikalari onenaren gogoetak dira, Correr o morir (Korrika egin edo hil) liburuan.

Antzeko pentsamenduak izango dituzte gaur 16:30ean Chamonixen (Frantzia) Mont Blanceko Ultra Traila (UTMB) abiatuko duten 2.300 parte hartzaileek. Bai eliteko atletek, bai gainerako guztiek. Erronkaren neurriak eragindakoak: 170 kilometro eta 9.600 metroko desnibel positiboa Mendi Zuriaren inguruan. 46 ordu gehienez proba amaitzeko —lehenak hogei orduren bueltan ibiltzea espero dute—. Hiru herrialde (Frantzia, Italia eta Suitza), Alpeetako hiru bailara (Savoia, Aosta eta Valais) eta hamabost herri. Horixe da UTMB, munduko mendi lasterketa nagusia. Munduko lasterkari onenetakoak izango dira irteeran, tartean baita euskaldunak ere. Joan den urtean, eguraldi txarra zela medio, laburtu egin behar izan zuten ibilbidea, baina aurten, ondo bidean, 170 kilometro egin beharko dituzte.

Mendi korrikalari gehienen ametsa da UTMB. Bizitzan behin baino ez bada ere egin beharrekoa. Noiz eta nola sortu zen, ordea, munduko mendi lasterketa nagusia? 1978an Jacky Duc eta Christian Rousselek 25 ordu eta 50 minutu behar izan zituzten Mont Blanc-i bira emateko. Ordutik, hainbatek egin dute balentria hori, baina erlojua aurka dutela, balentria hori lasterketa bihurtu baita.

1987an egin zen lehen lasterketa Mendi Zuriaren inguruan, Super Marathon du Mont Blanc. Zazpi urte geroago, taldekako lasterketa bihurtu zen. Lasterketak sei urte bete zituenean, ordea, 1999an, Mont Blanc-eko tunelean jazotako hondamendiaren ondorioz, bertan behera gelditu zen proba. 2002an zabaldu zuten berriz tunela, eta Chamonix-Mont-Blanc-Marathon elkarteko presidente Rene Bachelardek proba berreskuratzea proposatu zuen. Distantzia luzeko trailak sortzen ari ziren orduan, eta taldeko kide batek, Michel Polettik egindako ultra-trail bat abiapuntu hartuta, lasterketaren formatua aldatzea erabaki zuten: banakako lasterketa bat, egun bakarrekoa, mendi ibilbide batean. Horrela sortu zuten Ultra-Trail International du Tour du Mont-Blanc. Catherine eta Michel Poletti anai-arrebak dira egun antolatzaile nagusiak.

2003an, 19 herrialdetako 718 korrikalari bildu ziren irteeran, eta 250 boluntario aritu ziren dena antolatzen. 11 urte geroago, bost kontinente eta 80 herrialde inguruko 2.300 korrikalari izango dira—6.000 korrikalari lau probetan—, eta 2000 boluntario ibilbidean zehar laguntzen. Mont Blanc komunitatea osatzen dute denek.

Lau lasterketa

Izan ere, UTMBz gain, beste hiru lasterketa ere egiten dira egunotan Chamonix inguruan: CCC Courmayeur-Champex-Chamonix (100 km, 5.950 metroko desnibel positiboa), TDS Traces des Ducs de Savoie (119 km, 7.250 metroko desnibel positiboa) eta PTL Petite Trotte à Léon (300 km, 24.000 metroko desnibel positiboa, taldeka).

Mikel Valdivieso beasaindarrak ondo baino hobeto ezagutzen du UTMB. Mendizalea izan da betidanik, mendian korrika ere hasi zen aspaldi, eta 2007an hartu zuen parte lehenengoz. Orduan ez omen zegoen arazorik dortsalak lortzeko, parte hartzaile kopurua egun baino askoz txikiagoa zelako, eta tartean oso euskaldun gutxi zegoen: «Munduko probarik onena da niretzat. Paisaia, horrenbeste korrikalari, giroa. Liluratuta etorri nintzen. Mendi korrikalaria bazara eta UTMB egin ez baduzu, ez duzu korrika sekula egin».

Lesio bat zela medio, ordea, ezin izan zuen berriro proban parte hartu. Orduan sortu zitzaion Euskal Herrian halako mendi lasterketa bat sortzeko grina. «Euskal Herrian Hiru Handiak proba geneukan, baina ez zegoen 100 kilometrotik gorako lasterketarik. Horren mendi zoragarriak izanik eta mendizaletasunak horrenbeste indar edukita, nolatan ez daukagu halako lasterketarik?.

2008an hasi zen jendeari bere asmoaren berri ematen. «Jendeak zoratuta nengoela esaten zidan hasieran. Lan handiegia zela. Herriz herri proiektua azaldu, sinetsarazi eta laguntza lortu». Bi urte eta erdi behar izan zituen ametsa egi bihurtzeko. 2010ean iritsi zen Ehunmiliak. «UTMBtik filosofia bat ekarri nuen, eta horri eusten saiatzen gara hemen ere. Finantzaketa bigarren mailan dago; guk ez daukagu irabazteko asmorik. Guretzat korrikalaria da lehentasuna». Urtero joan da Chamonixera lasterketa ikustera, antolatzera eta korrikalariei laguntzera. Aurten, etxetik segituko du proba, baina gertutik: «Ez naiz han egongo, baina korrikalariekin batera egingo dut proba. 48 orduan ez dut lorik egingo».

Proba eguna baino hilabete asko lehenago hasten da UTMB. Entrenamenduak, elikadura, atsedena, materiala, eguraldia. Dena da garrantzitsua eta erabakigarria. Irteera puntuko zarata isiltasun bihurtuko da ibilbideko zati askotan. Egun argitan hasi arren, ilundu egingo du, eta berriz argitu. Korrikalariak bakarrik joango dira une askotan, bidean lagunak egingo dituzte beste tarte batzuetan. Irabazleek balentria handia egingo dute. Amaitzen dutenek ere bai. Lasterketa uzten dutenek, berriz, saiatu izanarekin sendatu beharko dute mina. Denborak denbora, adituek diote ibilbidean zehar paisaiari begiratzeko tartea hartzen duenak eramango duela garaipenik handiena etxera. Mendi Zuriaren edertasuna.

Heras, Jones, Chaigneau...

Azken urteetan izen handi asko eman ditu UTMBk: Kilian Jornet —hiru aldiz irabazi du—, Elisabeth Hawker —bost garaipen ditu—... Hawker irteeran egongo da; Jornet ez. Ezta Iker Karrera—2011n bigarren— eta Nerea Martinez ere —2011n emakumeetan bigarren—. Hala ere, korrikalari handi asko bilduko dira: AEBetako Dakota Jones, Anton Krupicka, Tim Olson eta Mike Wolfe (AEB), Espainiako Miguel Angel Heras, Frantziako Sebastien Chaigneau, Italiako Francesca Canepa, Kataluniako Nuria Picas... eta Euskal Herriko Imanol Aleson, Javi Dominguez eta Zigor Iturrieta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.