Ultren Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da larunbatean, Leitzan

Unai Ugartemendia.
2016ko maiatzaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
2013an, ESAITen (Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea) babesean hasi zen Euskal Herria Mendi Erronka mendi lasterketa. ESAIT desegin zen iaz, baina Euskal Herria Mendi Erronkak jarraitu zuen, eta laugarren urtea izango du aurtengoa. Indartsu: ultra distantziako Euskal Herriko Txapelketa izango baita larunbateko lasterketa. Lehiarako prest, inoizko jendetzarik handiena elkartuko da 08:00etan Leitzako plazan: 750 parte hartzaile. Ibilbidea, azken urteetako bera: 67 kilometro (+3.600 metro). Tartean, Irumugarrietako gainera (1.431 metro) igo beharko dute korrikalariek.

Palmares oparoa osatu dute lau urtean. Garaileen artean daude Iker Karrera eta Daniel Agirre gizonezkoetan, eta Leire Agirrezabala eta Leire Fernandez emakumezkoetan. Aurten, Daniel Agirre eta Javi Dominguez dira faborito nagusiak, baina aurrean ibili beharko lukete Xabier Zarranzek, Pedro Etxeberriak... Goi mailako beste hautagai bat ere izan daiteke: Jokin Lizeaga. Zegama-Aizkorrin egindako ahaleginetik oneratzeko lanetan ari da, eta azken unera arte ez da jakingo parte hartuko duen edo ez.

Emakumeetan izen bat gailendu da: Oihana Kortazar. Lehen lasterketa izango du ultra distantzian, Munduko Txapelketarako prestatzeko asmoz. Bere maila ematen badu, zaila izango da bera garaitzea. Aurkari handienetakoa iazko irabazlea izango du: Elena Calvillo, distantzia luzeetan eskarmentu handiko beasaindarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.