IRITZIA

Urmuga: gainditu gura; ez ura, bai muga

Mixel Etxekopar
2023ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Urmugaren gibelean zer dago funtsean, muga, ura, prefosta, baina urmugalariak ere bai, ezin daiteke bestela halako ekimen erorik, musika eta izadiaren arteko zubi (pleonasmo...), ezin zatekeen ere euskarazko papertxo hau zu eta nire arteko zubi, eziez Egunkaria-ri muga jarri ziotenean mugalari ero batzuek BERRIA sortzeko, ur berria, betiko iturri zaharretik, hitz berria gozatzeko eta egunero zilvuple! Hori guzia eta bat dago urmuga hau. Musikari mendiz txipa-blaituak batetik, mendizale musikaz okituak bestetik, Zeberio Etxetxipia (eta baratze erraldoi) bat, Uriarte beste bat, eta hainbeste haien ondotik!

Ez dut ahantziko Urmuga hasi aitzinetik jin zirelarik Zuberora Migel eta Felipe bi ero horiek. Hitzordua genuen Europe ostatuan, Mauleko plazan. Seietan ttanko Uriarte hor zen, Zeberio falta; normala, Arbailan zegoen ibiltzera joana. Azkenean heldu zaigu mutila, ur elurtua bezain xuri, muga bat lazgarria ikusi balu bezala... Zer ote zuen jakin genuen laster: parez pare ikusi zuen pare bat... hartz, ume iduri, baina bai hartz! Hartzak arre eta laguna zurpail! Goxatu genuen ahal oroz, erranez holako ero bat ikusia, hartzak izutu zirela baietz! Urmuga prestaketan zeuden eta segur bazela izitzekoa, hartzendako ez jakin, baina enetzat ja duda barik! Baina ama gureak zion legez, «saiatu zena eho züan hartza eta saiatu ez zena ez hunki zorri bartxa». Hartzik ez zen hortan hil, eta Urmuga bat sortu.

Uriarte, Uriarte... ur y arte koño, baietz! Etimologia pixka bat, Gotaineko Arbail Zoko Universitytik zuzen, on dagigula : Urduña, Urbieta, Urdagieta, Urdiñarbe, Urketa, Ursuia, Urkoi, Urzohi (Ahüzkin), Iturri, Aturri... hau jakina, baina ereuros, Agur, Ben Hur, malur, amour, toujours... Horiek orok sortu zuten Urmuga, urari jarraiki eta mugak... nola dioket... erauzi. Salbatoreko kaperan lainopean entzun genuen Vivaldi, bai, Antonio, Iratira jina, beste Zeberio baten eskutik, Miren aldi hartan, Euskal Barrokensembleko urmugalariak, ai zer familia... Urduñan ere ari izan ginen elizako heipean, piano, dantzari, Orfeoi eta guzi (eta B plana baizik ez zen, Tologorrin aro txarra zelako!). Or-feoia todo-terreno... Or-hin bai, Orhi gainean, partitura eta guzi. Mari jainkosa ez zen guti harritu, baina harrera polita egin zien. COVID hastapena zen, ni Ütürzehetan kokatua, hatsalboturik, baina oihartzunak heldu zitzaizkidan airez!

Ez gaitezen ingana, hala ere: Arbaila grabaketa egin genuelarik 2002an Ahüzki aldean, ohartu ginen, egunez egun ibilki, soinurik ederrena... bortuarena zela, airez! Gure belarrientzako filma ur ttantta batekin hasten zen, eta bukatzen lurpeko ur txirripan... Ur hots, hats hots, han ginen, Lexarregarateko etxolan, Erbineko karbean, ur mugari ekografian, Mixel, Maddi, Txelina, beste Mixel, Maika, Kent, eta gure Josean ere, «maite ditut maite...». Urmugako musikari eta soinu poeta hauei guziei zor diedan errespetuagatik, noala iturrira berriz, ur fresken hartzera,Jose Anton Artze Arregi gurea bide lagun:

«Isiltasun gelditik gatoz

Gelditasuna dantzatu

Isiltasuna kantatu

Eta isil isilik

Geldi geldirik

Gelditasun isilera goaz».

Ixo, bortuaren soinua dator: «Izena duen guzia omen da», diote, diogu; zilegi bekit hau ere: «Izena duen guziak hotsa badu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.