Pozik iritsi da Benito Lekuona (Oiartzun, Gipuzkoa, 1953). Urtebetetze eguna du, eta lanetik erretiroa hartzeko egunaren bezpera. Mendian ohikoa duen janzkerarekin azaldu da: mahonezko galtzak, artilezko galtzerdiak eta abarkak oinetan. Hogei urteko edozein gazte baino ilusio handiagoarekin jarraitzen du oraindik ere mendian. Ez da geldirik egotekoa, eta sasoiko dago. Hurrengo erronkari heltzeko amorratzen dago: Zegama-Aizkorri maratoia, maiatzaren 22an.
Ezaguna zara mendian ibiltzeagatik, baina hasieran errepidean aritu zinen korrika.
Gaztetan hasi nintzen errepidean korrika. Orduan Behobia-Donostia eta Donostiako maratoia egiten nituen. Behobia-Donostia bederatzi aldiz ere egin nuen, eta bederatzigarrenean, neure buruari erronka bat jarri nion: marka on bat egin nahi nuen, eta, azkenekoa izango zenez, ondo prestatu nuen. Beti, 1:15 eta 1:12 artean ibiltzen nintzen, eta orduan, 1:10 egiteko prestatu nintzen. 1:09 egitea lortu nuen, eta, jarraian, 2:42ko denbora egin nuen maratoian ere.
Denbora horiekin aurre samarrean ibiliko zinen, ezta?
Bai, denbora onak ziren garai haietarako. Pentsa, maratoian 2:35eko denbora ere egina dut. Gustura ibiltzen nintzen korrika, baita mendian ere. Gauzak asko aldatu dira geroztik, eta gauza askotan atzera ere egin dugu: orduan maratoia korritzeko derrigorrezkoa izaten zen osasun ziurtagiria; gaur egun, ordea, ez, eta parte hartzen duen jende pilarekin, pena ematen didate horrelako gauzek. Garai hartako medikuek urtean, gehienez, maratoi bat egitea gomendatzen zuten; gaur egun, berriz, hilabetean bat eta bi egiten dituzten asko daude.
Noiz utzi zenituen errepideko lasterketak? Zergatik?
33 urterekin utzi nituen. Mendian askoz ere gusturago ibiltzen nintzen. Errepidean aritzea oso neketsua da, gainera. Argi neukan Behobian marka on bat eginez gero ez nintzela berriro ere errepidean saiatuko.
Nola izan zen mendirako jauzia?
Beti ibili izan naiz mendian. Gogoan dut, hala ere, mendira korrika joan nintzen lehen egunetan bi aldiz gelditu behar izaten nuela aldapa bat igotzen hasi ondoren. Lehen mendi martxa 18 urterekin egin nuen, Errenterian. German Azkarate eta Patxi Arizkorreta lagunak ni baino lehenago hasiak ziren, eta haiek bultzatuta hasi nintzen ni ere.
Garai haietan zenbat mendi martxa egiten zenituzten?
Igandero mendian ibiltzen ginen. Orduan ez ziren mendi martxa asko izaten. Guk urtean bost edo zazpi egiten genituen. Errenteriakoa, Sakanakoa, Ainhoakoa, Makeakoa, Sarakoa, Lesakakoa… Orain arte parte hartu dudan martxa guztiak amaitzea lortu dut [barreak]. Ez dadila zortea aldatu!
Gaur egun zenbat egiten dituzu?
Uf, zaila da zenbat diren zehazki esaten, baina, gutxi gorabehera, 60 inguru. Asteburuero, larunbat eta igandetan ibiltzen gara, eta, mendi martxak eta mendi lasterketak kontuan hartuta, hortxe ibiliko gara. Urte batzuetan 4.000 kilometro egin ditugu. Askok autoan egiten dituztenak baino gehiago [barreak].
Mendian korrika, berriz, noiz hasi zinen?
36 urterekin edo. Orduan ez zen ia lasterketarik izaten. Bakarrenetarikoa, Sarako Kontrabandistena izaten zen. Hura izan zen nire lehen lasterketa.
Garai haietako zer oroitzapen dituzu?
Onak. Indar asko nuen, eta aldapan gora oso ondo moldatzen nintzen; jaitsieratan, ordea, ez nuen horrelako erraztasunik.
Eta abarkekin ibiltzeko joera nondik datorkizu?
Hamaika urtean sokatiran aritu nintzen. Sokatiran, bai errepidean bai gomaren gainean, abarkekin ibiltzen ginen. Gerora, belarretan hasi ginen abarkekin. Lezoko taldearekin ibiltzen ginen; indar askoko taldea zen, eta denbora gutxian oso gora iritsi ginen. Hala ere, erdi-apustu batengatik hasi ginen mendian abarkekin ibiltzen. Errenteriako lagun batek erronka jo zigun Joxe Mari Irastorza lagunari eta niri: «Ezetz zuek biok Oiartzundik Mendaur mendiraino joan eta etorria abarkekin egin?». Hura ere egin genuen. Geroztik, beti abarkekin ibili naiz.
Hala ere, korrikako oinetakoekin entrenatzen zara.
Bai, egia da, baina ez da abarkekin deseroso ibiltzen naizelako. Edozein luzera egin dezaket, baina abarkekin galtzerdi asko zulatzen nituen, eta oinetakoekin entrenatzen naiz. Dena abarkekin egingo banu, ez nuke galtzerdietarako ere egingo [barreak]. Hemendik aurrera, gainera, beste arazo bat ere izango dut: utzi egingo diote nik erabiltzen ditudan abarka motak egiteari. Aurtengorako lortu ditut pare bat, baina aurtengo lehen mendi martxa mendiko oinetakoekin egin behar izan dut.
Zein da horrelako oinetakoekin ibiltzearen sekretua?
Nirea, hiru galtzerdirekin ibiltzea. Oina ia-ia abarkatik kanpo geratzen da, eta, gainera, barne zola bat eramaten dut. Lotzeko modua ere oso garrantzitsua da. Jende askori erakutsi izan diot abarkak ondo lotzen.
Ez al duzu mendi martxa edo lasterketa luzeetan arazorik izaten oinetan?
Inoiz ez dut arazorik izan. Ehunmilien lehen aldian, esaterako, jende gehienak hankak egosita zeuzkan Tolosara iristean [80. kilometroa], euriagatik. Nik, berriz, galtzerdiak eta barne zolak aldatu nituen, eta abarka berberekin jarraitu nuen Beasaingo helmugaraino.
Urteak daramatzazu mendi martxak egiten. Zer iritzi duzu jendeak korrika egiteaz?
Oso gaizki iruditzen zait. Gaur egun, gainera, zirkuituan bertan bi aukera izaten dira askotan, bai korrika egitekoa eta bai oinezkoa. Jende asko horregatik ez da ateratzen gaur egun martxetan: bakarrik geldituko diren beldur izaten dira, eta ez dute batere gozatzen. Nik talde askori proposatu diet gutxieneko denbora bat egitera behartzea, baina ez didate kasurik egin.
Baina zuk ez dituzu denak oinez egiten.
Ez, korrika ere egiten ditut asko. Hala ere, nik beti errespetatu izan ditut denbora mugak. Kontrol batera iritsi eta lehenago iristen banaiz, ibilbidetik atera eta ordua iritsi arte beste bideren batetik ibiltzen naiz korrika. Pena handia ematen dit jendeak ordutegiak ez errespetatzeak.
Zer beste ezberdintasun nabaritu dituzu azken urteetan mendi martxetan?
Lehen, gehienok zahatoa eramaten genuen bizkar gainean. Asmoa gozatzea zen, besterik gabe. Gaur egun, berriz, jendeak glukosa eta barra energetikoak eramaten ditu.
Zer duzu gustukoen mendi martxetatik?
Dena. Ez dut aitzakiarik topatzen inoiz: ez gogortasunari, ez anoa guneei, ez eguraldiari... Ni berdin-berdin ibiltzen naiz eguraldi onarekin eta kaxkarrarekin. Gaur egungo arroparekin edozein egunetan irteteko aukera ematen du, gainera.
Elikadura asko zaintzen al duzu?
Inoiz ez. Beti pentsatu izan dut martxen sekretua ondo jatea eta edatea dela. Hala ere, Zegama-Aizkorriren astean, pasta eta arroz gehiago jaten saiatzen naiz.
Urteko egutegia aldez aurretik antolatzen al duzu?
Ez, ez. Urte askoan lasterketa batzuk behintzat egiten saiatzen naiz, Zegama-Aizkorri edo Ehunmiliak, esaterako. Urtero antzeko mendi martxak egiten ere saiatzen naiz: Nafarroako zirkuitua, Aizkardikoa, Sarakoa…
Nolakoak izango dira martxak hamar urte barru?
Egia esan, ez dira oso egoera onean egongo. Jende askok utzi dio martxak egiteari. Jendea gozatzeko asmotan joaten da, baina bakarrik gelditzeko arriskua ikusten dute, batzuek korrika egiten dutelako.
Distantzia luzeak eta gogortasun handiko ibilbideak gustatzen zaizkizu. Zein da inoiz egin duzun distantziarik luzeena?
Sekretu hau ez diot inori kontatu: Ehunmilietan izan zen. Lasterketa amaitzen ari nintzen, eta lagun batek esan zidan koinatuaren bila zihoala, azken kilometroetan laguntzeko. Koinatua nire atzetik zetorren. Beste hamazazpi kilometro atzera egin nituen, eta, topo egin genuenean, berriro ere aurrera. Batera sartu ginen helmugan.
Ehunmilietan hainbat pasadizo dituzu.
Ehunmilietako ostiral arratsaldean beti jai hartzen dut lanean. Etxean bazkaldu, lasterketa 33 orduan bukatu, eta lagunek bazkaltzera joatea proposatu zidaten igande goizean. Bazkaldu eta gero Errenteriara joan ginen, eta han afaltzeko proposamena egin zidaten. Handik zerbait hartzera joan ginen. Hurrengo goizean, astelehenean, 07:00etarako Baionan nintzen lanean. Pentsa ostiral arratsaldetik astelehen goizaldera arte zenbat lo egin nuen...
Noiz arte ibiliko zara mendian barrena?
Gorputzak uzten didan arte hor izango naiz. Zorte asko izan dut, eta oso lesio gutxi izan ditut. Mendi berriak ezagutzeko asmoa dut. Duela lau urte joan nintzen lehen aldiz Pirinioetara eta Alpeetara.
Orain, lanean erretiroa hartu eta gero, zer egiteko asmoa duzu?
Mendiaz gozatzen jarraitu nahi dut lehenik. Bestalde, etxe inguruan nahiko lur eremu handia daukat, eta bertan baratze txiki bat egingo dut; nahiko lan izango dut dena txukun mantentzen. Halere, orain lasaiago ibiliko naiz.
Benito Lekuona. Mendizalea eta mendi korrikalaria
«Urte batzuetan 4.000 kilometro egin ditugu»
Teknologiak bereganatutako gizarte batean mendi martxak, lasterketak eta ultratrailak abarkekin egiteagatik da ezaguna Benito Lekuona, baina ibilbide luzeko kirolaria eta mendizalea da. Marka bikainak lortu ditu, bai errepidean bai mendian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu