Felipe Uriarte
TAHSHI DELEK. Khumjung, 2023ko azaroak 18

Xe

2023ko azaroaren 22a
04:55
Entzun

– Xe.

Jaurti zidan Ang Zerki etxekoandreak bere altueratik. Erritua ezagutuko ez banu, izutu egingo nintzatekeen txang pitxerra eskuan hartuta Ang Zerki agertzearekin, baina gonbidapena zela ulertuta, berehala tutxetxé milesker murmuriatu nuen, edalontziari bi eskuekin heldu, eta zurrut egin nuen, eta ondoren ontzia luzatu nion. Ang Zerkik, pozik, ia betea nuen edalontzia ertz-ertzeraino bete zidan. Kontu handiz txangak gainezka egin ez zezan, edalontzia ezpainetara eraman, eta hiru hurrup zaratatsu egin nituen.

– Xexexe – Ang Zerkik xexexe goxoaz laztantzen zizkidan bitartean.

Beste eginbeharrekin jarraitu zuen, baina beti begi bat nire edalontzian jarrita. Ikusten zuenean txangaren maila zertxobait jaitsita zegoela, han zen berriro Ang Zerki:

– Xe.

Eta berriro errepikatzen genuen erritua. Gauak aurrera egin ahala, gela xexexe-z betetzen zihoan denon pozerako. Horren guztiaren aurretik, yalka ipini zidan edalontziaren ertzean, orban ñimiñoa, tsampaz, irinez, gurinez eta esnez egindakoa, ongi etorria nintzela adieraziz. Gau osoa erne ibili nintzen, yalka ez ukitzeko, eta zurrut bakoitzean han nuen orban zuria, ezpainen ondoan.

Ang Zerki, Khumjung herrian (Nepal).
Ang Zerki, Khumjung herrian (Nepal).

Xe, saap aditzaren errespetuzko inperatiboa da, gure jan eta edan aditzena. Ederra da ikustea, hitz motx horrekin zenbat adierazteko gai den xerpen hizkuntza.

– Xe, edan eta jan ezazu, ongi etorria zara, kanpoan hotza da, epela etxe barruan, epela duzu txang-a, xexexe.

Hitz labur batean herri baten izaera gordeta.

Txang-aren laguntzaz, xexexe-ak zabaltzen joan ziren, eta ondoan nuen Nam Karsang lagunak xexexe batez zirikatu nindu, eta tragoxka bota nion txangari. Denbora gutxira nik neuk lagunaz arduratuta, eta xexexe luzatu nion, eta Namek zintzotasunez zurrut luzea bota zuen.

Hurrengo goizean, Nam Karsangen etxe aurretik igarotzean, goizeko Ni kirmu toozum, zer moduz zabiltza? galderaren ondoren, Nam-ek xexexe bota zidan, itzuli, eta barre artean, nik ere xexexe konplizeaz erantzun, bideari ekiten nion bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.