Mendia. Euskadiko eskalada txapelketa 2012

Zabala eta Anda, txapeldunak

50 eskalatzaile bidu ziren larunbatean Donostiako Pio Baroja kiroldegian, Euskadiko eskalada txapelketa jokatzekoMikel Ziarrusta zenari omenaldia egin zioten sari banaketaren aurretik

Donostia
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Euskadiko eskalada txapelketak Donostiako Pio Baroja kiroldegia izan zuen gotorleku, larunbatean. Euskal Herriko 50 eskalatzaile elkartu ziren goizean goizetik, elkarren artean lehiatzeko irrikaz. Horrela, bide batez, txapela etxera nortzuek eraman behar zuten erabaki zen. Eguraldiak ez zuen mendirajoateko aukerarik eman, eta, horrenbestez, eskalada zale asko joan zen ikuskizunaz gozatzera.

Goizez eta arratsaldez aritu ziren parte hartzaileak Helena Aleman eta David Gambus ekipatzaileek proposaturiko bideak eskalatzen. Lan txukuna egin zuten bi horiek; ikusleek ez zuten izan aspertzeko astirik, eskalatzaileak erritmo finko batean joan baitziren bideak eskalatuz. Txapelketa dinamikoa izan zen.

Emakumezkoen parte hartzaile eskasiak hutsune bat utzi zuen, ordea. 16, 18 eta 20 urtez azpikoen mailetan eskalatzaile bana ibili zen; nagusietan, berriz, hiru. Kopuru kezkagarria Euskal Herrian dauden emakume eskalatzaileen kopurua eta maila ikusita. Erakustaldi bikaina eman zuten, hala ere; txapela opari bat izan ez zela erakutsi zuten, bide bakoitzean gogor estutuz. Jone Ugartemendia izan zen txapelduna 16 urtez azpikoan, Miriam Mulas 18 urtez azpikoan eta Itziar Zabala20 urtez azpikoan.

Aipatu bezala, emakume nagusietan hiru eskalatzaile lehiatu ziren. Itziar Rodriguez, Zuriñe Arrue eta Irati Anda. Azken bien artean lehia polita ikusteko aukera izan zuten ikusleek. Biek kateatu zituzten sailkapeneko eta finaleko bideak. Horrela, superfinalean, buruz buru erabaki zen nor zen txapelduna. Anda esperientziaz baliatu zen; bidearen azken mugimenduraino iritsi eta, horrenbestez, txapela eskuratu zuen beste behin. Arruek ere eskalatzeko era dotore bat erakutsi zuen, baina, ez zen nahikoa izan. Azkenean, ondo merezita, bigarren postua eskuratu zuen. Rodriguez izan zen hirugarren.

Gizonezkoetan, ohikoa den bezala, parte hartzaile gehiago elkartu ziren. Gazteenen artean,16 urtez azpikoetan, finalera pasatu ziren zortzi eskalatzaileetatik zazpi iritsi ziren proposatutako bidearen kateraino. Mikel Linazasoro izan zen garaile, goizeko sailkapen saioan puntuazio altuena lortu baitzuen. Adi Bergarako gazteak etorkizunean eman dezakeen zeresanarekin. Aragoiko (Espainia) Rodellar eskalada eskolako Ixeia bidea kateatu du orain gutxi, 8b+ zailtasunekoa. Gorka Ruiz izan zen bigarren, eta Andoni Esparta hirugarren.

18 urtez azpikoen kasuan, ez zen egon inolako berdinketarik. Lehia estua izan zuten egun osoan, baina, azkenean, Mikel Inoriza izan zen finaleko bidean lan txukunena egin zuena. Haren atzetik, Mikel Madinabeitia eta Beñat Murua gelditu ziren. 20 urtez azpikoen maila ere goizeko sailkapen saioan egindako lanek erabaki zuten. Kepa Bruñak eta Ibai Isusik kateatu zuten finaleko bidea, baina Bruña aritu zen hobeki goizean, eta txapeldun bihurtu zen. Eneko Canterok bete zuen podiumaren azken koska.

Nagusietan, Antton Zabalak irabazi zuen. Hernaniarra hainbat txapel eskuratutakoa da gazteen mailetan; txapelketa honetan, nagusien artean ere onenetarikoa dela erakutsi du. Sailkapeneko eta finaleko bi bideak kateatu zituen, Luis Alfonso Felix Luisito Toledoko (Espainia) eskalatzaileak bezalaxe. Azken hori, noski, ez zen Euskadiko txapelketako sailkapenean sartu. Mikel Ziarrusta eskalatzaile zendu berriaren omenaldian parte hartzeko asmoarekin joan zen Luisito, eta azkenean txapelketan parte hartu zuen. Zein hori baino eskaintza hobea, ordura arteko Euskadiko txapelduna zen Ziarrusta omentzeko. Javi de la Fuente eta Iñaki Arantzamendik osatu zuten podiuma. Zabala eta Luisitoren arteko berdinketan ezin zen bertan behera utzi, ordea. Segituan jarri ziren Gambus eta Aleman lanean, eta, denbora gutxian, prest zuten berdinketa puskatuko zuen superfinala. Azkenean, Zabalak irabazi zuen buruz burukoa, helduleku baten aldearekin. Gaztetatik txapelketatan aritua dela nabaritu zitzaion hernaniarrari.

Sari banaketaren aurretik ekin zioten Ziarrustaren omenaldiari. Luisitok hartu zuen hitza lehenengo. Zenduaren lagunak haren izaera aipatu zuen, eta elkarrekin bizitako pasarte batzuk azaleratu. Andak ikusleak hunkitu zituen bertso batekin, eta txalo zaparrada bat eragin zuen. Omenaldi labur bezain sentitua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.