Eskalatzailea

Ibon Mendia: «Zazpimilakoetan gauza teknikoak egin nahiko nituzke; hori da hurrengo erronka»

Nafarroako eskaladak azken urteetan izan duen gorakadaren adibide argia da Mendia. Mikel Zabalza alpinista handiaren iloba da, eta haren arrastoari jarraitu nahian dabil azken urteetan. Marokoko, Indiako eta Patagoniako hormarik nabarmenenetan aritua da.

Ibon Mendia eskalatzailea
Ibon Mendiak hainbat espedizio egin ditu jada Ladakhera, Karakorumera, Marokora, Patagoniara...
Unai Ugartemendia.
2025eko maiatzaren 14a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez da erraza Ibon Mendia eskalatzailea (Iruñea, 2002) etxe inguruan topatzea. Azken urteetan egindako espedizio guztiak kontuan hartuta, egun asko igaro ditu etxetik urrun. Lan kontuak tarteko, eta txapelketa baten aitzakian, rokodromo batean sartuta pasatu du asteburua. Baina Pirinioetako bidea hartu du hura amaitu bezain laster. Ez da geldirik egotekoa.

Nondik datorkizu eskaladarako zaletasuna?

Familiatik. Aita mendizalea da, eta oso gustuko du mendia. Eskiatzen eta eskalatzen pasatu ditu urte asko. Ni, gaztetan, patin hockeyan ibilitakoa naiz, eta, noizean behin, aitak mendira eramaten ninduen. Hockeyan jokatzen bederatzi urte pasatu nituen. Baina jarraitzeko gogorik ez nuenez, uztea erabaki nuen. Gorka Karapeto eskalatzaileak Bi Hatz rokodromoa ireki zuen Iruñean, eta bertan hasi nintzen eskalatzen, lagun batekin. Geroztik, horretan jarraitzen dugu buru-belarri.

Rokodromoko eskalatzailea zarela esan dezakezu?

Ez, orain ia ez naiz inoiz joaten rokodromora. Noizean behin erabiltzen dut, baina lanerako. Lehen saioak arrokan egin nituen, aitarekin; baina nire kabuz hasi nintzenean, bi urte igaro nituen rokodromora joaten. Kasualitatez, asteburuan lanean egon naiz rokodromo batean. Nafarroako Txapelketa baterako hormak prestatzen aritu gara. Bi egunetan ez naiz handiz atera.

Nola oroitzen dituzu eskalatzen egindako lehen urratsak?

Etxaurin izan zen, Nafarroan. Eskolatik ateratzen ginenean, lagun batekin eta aitarekin joaten ginen eskalatzera. Guretzat izugarrizko abentura zen hura! Gero, osabarekin hasi nintzen eskalatzen: Mikel Zabalzarekin. Hark horma asko ekipatu ditu, eta horretan hasteko esaten zidan. Hark irakatsi zidan bideak zabaltzen.

Osaba izateaz gain, nolako garrantzia izan du Mikel Zabalzak zure ibilbidean?

Niretzat erreferente handi bat izan da, bai eskaladan, bai alpinismoan. Hark egin duen erdia egingo banu, pozik nengoke!

«Osaba [Mikel Zabalza] erreferente bat izan da niretzat. Hark egin duen erdia egingo banu, pozik nengoke»

Hormak prestatzen aritzen zara gaur egun. Nolatan hasi zinen langintza horretan?

Duela urte batzuk atera nuen titulua, eta horretan ere aritzen naiz lanean. Bi urte pasatu nituen Bi Hatz rokodromoan lanean. Orain, txapelketetarako hormak prestatzen aritzen naiz batez ere.

Azken urteak oso emankorrak izan dira zure kirol ibilbidean.

Lana utzi nuenetik, ez naiz askorik gelditu. Soin Heziketako ikasketak egin ondoren, Bi Hatz rokodromoan aritu nintzen lanean bi urtez. Aurretik sei hilabeteko praktikaldia egin nuen bertan. Aste barruan Etxaurin eskalatzen nuen, eta asteburuetan, Pirinioetan. Udan, sei asteko oporraldia izaten genuen, eta bidaiatzeko aprobetxatzen nuen. Aurretik Jordanian eta Thagian [Maroko] egona nintzen arren, lehen espedizioan Ladakhera [India] joan nintzen. 2023an izan zen hori. Espedizio hartan ziren, besteak beste, Ekaitz Maiz eta Joseba Iztueta.

Zer-nolako esperientzia izan zen?

Izugarrizkoa. Bailara berri batera nindoan, eta bide berri asko zabaltzeko aukera genuen. Ez genuen biderik errepikatu. Bide berri asko zegoenez, asko bete gintuen horrek. Guztion artean hamazazpi bide zabaldu genituen. Ez genuen oso eguraldi ona izan, baina ederki baliatu genituen egun haiek. Beste mendi batzuetara joateko gogoarekin itzuli ginen handik.

Marokon esperientzia bitxi bat bizi izan omen zenuen tximinoekin.

Esperientzia bitxia izan zen hura, bai! [barrezka]. Joseba Iztueta eta biak, bakoitza bere kontura, Taghian egonak ginen eskalatzen. 2023ko Gabonetan, nonbaitera eskalatzera joan behar genuela-eta, Talembotera joatea proposatu nion. Baiezkoa eman eta gero, hara abiatu ginen. Han, bide berriak zabaltzeko aukerak bazirela ikusi genuen, eta zulagailua eta txapa batzuk eraman genituen. Bi bide zabaldu genituen: Tximinoen iraultza eta Borrokak darrai. Lehenengoan erlaitz bat zegoela ikusi genuen. Lehen erdia amaitzean dago erlaitza, eta bertan tximinoak bizi dira. Bidean gindoazela ikusten genuen bertan zeudela, eta, iristen ari ginela, harriak botatzen hasi zitzaizkigun. Ni nindoan aurretik, eta harrikada gehien nik jaso nuen. Iristear nengoela, tximino guztiak oihuka hasi ziren. Kaka eginda nengoela antolatu nuen bertan bilera!

Iztuetak esperientzia handia du alpinismoan. Nola ezagutu zenuten elkar?

Indiako espedizio horretan izan zen. Harreman estua daukat Urko Zabalarekin, Mikel Ezkurdirekin eta Ekaitz Maizekin. Ekaitzek espedizio pare bat zituen eginak Josebarekin, eta aipatu zigun lagun bat ere etortzekoa zela. Oso harreman polita egin genuen espedizio hartan. Dena ondo atera zenez, erronka berrietan pentsatzen hasi ginen. Aurten, ekainean, Pakistanera itzuliko gara Ekaitzekin, Markel de la Fuenterekin eta Pablo Eskuderorekin.

Pakistanera joan zinen ondoren, berriro ere Iztuetarekin eta Unai Cobosekin. Zer moduz?

Izenik Gabeko Dorrera joan ginen bide bat zabaltzera. Osabak esana zidan beraiek ere orain dela ia 30 urte Insumisioa bidea zabaldu zutela, eta eskuinean beste bide bat bazela oraindik zabaltzeko. Baina oso eguraldi txarra egin zuen, eta arroka ere ez egoen egoera onean. Luze pare bat egin ondoren, jaistea erabaki genuen. Ondoren, Trangoko Dorre nagusira joan ginen, eta bertan Eternal flame bidea egiten saiatu ginen.

Oso indartsu datorren beste gazte bat izan duzu bidelagun azken espedizioetan: Tasio Martin. Nolatan?

Lana utzi nuenean, hilabete batzuetarako Ameriketara bidaia bat egiteko asmoa neukan. Nafarroako lagun batzuekin hitz egin nuen, eta hamar laguneko talde bat elkartu ginen. Nire asmoa ondoren Patagoniara jaistea zen. Tasio ez nuen ia ezagutzen, baina Ameriketako bidaia horren proiektuan murgilduta zegoen, eta osabak esan zidan hark ere Patagoniara jaisteko asmoa zuela. Hori jakitean, deitu egin nion. Lehen egunak taldean egin ondoren, Patagoniara jaitsi ginen. Bi bide ireki genituen bertan: Erresistentziara kondenatuak [Paineko Ipar Dorrea] eta Dardara [Mermoz Orratza]. Oso erlazio polita egin genuen Patagonian. Ni bezain gogotsu ari da hura ere, eta horrelako pertsona bat topatzea ez da hain erraza izaten. Besteak motibatzeko ere gaitasun handia dauka. Oso ondo moldatu gara.

Maroko eta Patagonia oso ezberdinak dira. Zer alde dago bataren eta bestearen artean?

Dena oso ezberdina da: gerturatze fasea, eguraldia, giroa… Marokon lasai-lasai egon zaitezke, kafe bat hartuz palmondo baten azpian; Patagonian, berriz, ez. Eguraldia oso aldakorra da Patagonian, eta bertan glaziarrak daude, seracak… Izugarrizko dorreak daude, gainera. Leku ikaragarria da Patagonia. Osabak esan zidan, hara joan aurretik, Patagoniak kateatu egiten zaituela. Ez zuen huts egin! Bere ere bost urtez jarraian joan zen hara.

Iztueta eta Martin goi mendietan ibilitakoak dira. Halako mendiek erakartzen al zaituzte?

Bai. Gogotsu nago mendi garaietan ibiltzeko, baina gehienez ere 6.500 eta 7.000 metro artean dituztenetan. Gauza teknikoak egiteko irrikaz nago. Gaur-gaurkoz, ez naute batere erakartzen zortzimilakoek. Oraindik ez naiz 6.500 metroko mendi batera joan. Ez da erraza gauza berberak egin nahi dituen talde bat aurkitzea: denbora behar da, dirua…

Gaur egungo alpinistak mendi baxuetan ibiltzen dira, baina gauza teknikoagoak egiten dituzte. Zu ere soka berekoa zara?

Bai, hori da joera. Nik ere horretan dut jarria arreta, zortzimilakoetan baino gehiago. Agian, hori izango da hurrengo erronka.

«Nahiz eta gaur egun ez naizen rokodromora askorik joaten, ez naiz haien aurka aritzen diren horietakoa»

Gaur egun, eskaladan, bi bide daude: batetik, arreta Olinpiar Jokoetan jarria dutenena; eta, bestetik, etengabe horman dabiltzanena. Zuk ederki ezagutzen dituzu biak.

Bai. Eskaladako lehiei ez diet kasu handirik egiten, baina Olinpiar Jokoetako emaitzak zein izan ziren ikusi nuen. Lagunek zer egin duten ikustea ere gustuko dut, eta, nahiz eta gaur egun ez naizen rokodromora asko joaten, ez naiz haien aurka aritzen diren horietakoa.

Zuretzat zer da eskalada?

Asko betetzen nauen jarduera bat. Halere, pasatu ditzaket egunak eta asteak eskalatu gabe. Min hartuta egon nintzenean, bi hilabete igaro nituen batere eskalatu gabe. Baina garaiz osatu nahi izaten duzu, lagunekin Etxaurira eskalatzera joateko. Kirol eskalada egitea ere gustuko dut. Beste kontu bat litzateke ea zer izango litzatekeen nire bizitza eskalada existituko ez balitz. Ez dut pentsatu ere egin nahi!

Motzean

  • Eskalatzen egin duzun lagunik onena? Urko Zabala.
  • Eskalatzeko bide bat? Etxauriko edozein bide.
  • Eskalatzeko bide bat? Etxauri.
  • Egitea gustatuko litzaizukeen bide bat?Gazte gaizto [Etxauri].
  • Eskalatzaile bat? Mikel Zabalza.
  • Goi mendietara joateko espedizio bat osatzeko lau lagun? Urko Zabala, Mikel Zabalza, Joseba Iztueta eta Ekaitz Maiz.
  • Beste kirol bat? Eskia.
  • Sareetan gehien jarraitzen diozun kirolaria? Alpinismoan eta eskaladan bide gogorrak egiten dituzten kirolariak.
  • Jateko? Patata tortilla.
  • Edateko? Garagardoa.
  • Musika talde bat? Anestesia.
  • Abesti bat?Begi bat [Anestesia].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.