Zeresana eman dute 2022an

2022a betea izan da mendiari lotutako kiroletan. Pandemiak ekarritako murrizketak alde batera utzi, eta proba eta lasterketa ia guztiak normaltasunez egin ahal izan dira. Izen propioen zerrenda luzea da: Sara Alonso, Lucas Egibar, Janja Garnbret, Savita Kaswall... Denak 2023ra begira daude jada.

Sara Alonso mendi korrikalaria Zegama-Aizkorri mendi maratoian. GORKA RUBIO / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
C OVID-19aren garaiak ahaztuta, mendi jarduerak bere onera itzuli dira aurten. Mendiari lotutako hainbat proba eta txapelketa garrantzitsu jokatu dira, tartean neguko Olinpiar Jokoak, Pekinen. Jokatutako txapelketa eta proba horietan hainbat euskal herritar ere nabarmendu dira.

SARA ALONSO
Mendi korrikalaria

Urteko korrikalaririk onenetakoa izan da donostiarra. Urtea hasterako, ondo zehaztuta zeukan egutegia. Helburuen artean, bat zeukan gorriz azpimarratuta; Zegama-Aizkorri. Eta ez zuen hutsik egin. Golden Trail Serieseko lehen proba izan zen Zegamakoa (Gipuzkoa), eta sailkapen nagusian hirugarren izen zen, Nienke Brinkman herbeheretarraren eta Maude Mathys suitzarraren atzetik. Gainera, urteko bigarren zatian, zirkuitu bereko finalean ere hirugarren amaitu zuen Madeiran (Portugal). Orain egun gutxi iragarri zuen Salomon utziko duela. 2019tik zeraman talde horretan Alonsok.

ADUR ETXEZARRETA
Eskiatzailea

Estreinakoz aritu zen Olinpiar Jokoetan Adur Etxezarreta. Pekinen izan zen, eta inoizko posturik onena lortu zuen jaitsieran: hamazazpigarren postuan sailkatu zen. Izugarrizko denboraldia izan da Etxezarretarentzat, eta, Pekinen lortutako emaitza onaz gain, Europako Kopan lehen hamarretan sartu zen sailkapen orokorrean.

Podiuma ere zapaldu zuen Aresokoak (Nafarroa). Travision (Italia) jokatutako jaitsieran izan zen. Hirugarren sailkatu zen bertan. Denboraldia amaitzeko, apirilean, super erraldoian irabazteko gai izan zen, Zinalen (Suitza) jokatutako FIS egutegiko proban.

JANJA GARNBRET ETA LUKA POTOCAR
Eskalatzaileak

Bi esloveniarrek irabazi dute aurten Zailtasuneko Munduko Kopa. Janja Garnbret nagusi izan zen urte guztian zehar. Horren adibide, jokatutako zazpi probetatik bostetan gailendu zen. Potocar herrikideak azken proba amaitu arte itxaron behar izan zuen Munduko Kopa irabazteko. Garnbretek, Chaehyun Seo korearra eta Natalia Grossman estatubatuarra izan zituen alboan podiumean. Potocarrek, berriz, Taisei Homma japoniarra eta Jesse Grupper estatubatuarra.

KILIAN JORNET
Mendi korrikalaria

Mendi korrikalari kataluniarrak errekorrak apurtzen jarraitzen du oraindik ere. Aurtengorako, bi proba zeuzkan begiz jota; Zegama-Aizkorri eta Hardrock (AEB, 160 kilometro, +10.000 metro). Bi lasterketak hainbat aldiz irabaziak bazituen ere, oraindik ere ez zituen markarik onenak lortuak. Aurtengoan, biak apurtu ditu. Zegaman, zortzi minutu jan zizkion Stian Angermund norvegiarrak zuen errekorrari (3.45.08). 2017an lortu zuen marka hori Angermundek. Hardrocken, berriz, François D´Haene frantziarrak 2021ean ezarri zuenari (21.45.00) minutu) bederatzi kendu zizkion.

IÑIGO MARTINEZ DE ALBORNOZ
Mendi eskiatzailea

Sierra Nevadan (Andaluzia, Espainia) jokatu ziren, martxoko lehen egunetan, aurtengo Mendi Eskiko Espainiako Txapelketak. Bertan lehiatu zen Martinez de Albornoz donostiarra. Protagonistetako bat izatea lortu zuen, gainera. Esprint modalitatean ez zuen aurkaririk izan, eta nagusitasunez gailendu zen finalean. 2 minutu eta 39 segundo behar izan zituen garaipena lortzeko Albornozek. Albert Perez eta Pablo Ruiz de Almiron izan ziren harekin podiumean.

OIHANA KORTAZAR
Mendi korrikalaria

Elgetako (Gipuzkoa) korrikalariak inoiz baino garaipen gehiago lortu ditu aurtengoan. 30 lasterketa korritu ditu urte guztian, eta horietatik 24tan izan da azkenerako garaile. Irabazi dituen lasterketen artean, ondorengo hauek dira aipatzekoak: La Olla de Nuria (Herrialde Katalanak), Urbiongo desafioa (Soria, Espainia), Camille Extreme (Izaba, Nafarroa), eta Etapetako Espainiako Txapelketa. Azken txapelketa hori Sanabrian jokatu zen (Zamora, Espainia).

K2
(Pakistan, Karakorum, 8.610 metro)

2022ko uztailaren 22a alpinismoaren historiara pasatuko da. 1945 eta 1996 bitartean lortutako adina igoera egin ziren uztaileko egun seinalatu horretan K2 mendira (Pakistan, Karakorum, 8.160 metro). Horretarako, Nirmal Purja eta Mingma G. alpinista nepaldarren taldeak elkartu ziren, eta esanguratsuak izan ziren gailurrerako bidean pilatu zen jende andanaren argazkiak. Nirmal Purja bera izan zen neguan eta oxigenorik gabe K2 mendia igo zuen lehen alpinista. 2021ean erdietsi zuen balentria.

IMANOL ROJO
Iraupen eskiatzailea

Inoizko emaitzarik onenak lortuta etxeratu zen Pekingo Neguko Olinpiar Jokoetatik tolosarra.21. izan zen iraupen eskiko 30 kilometroko estilo libreko proban. Lasterketak, hasieran, 50 kilometro zituen, baina eguraldi txarrarengatik laburtzea erabaki zuen antolakuntzak. Skiathlon (15 kilometro estilo klasikoan eta 15 kilometro estilo librean) modalitatean ere postu berean sailkatu zen; 15 kilometroko lasterketan, berriz, 37. sailkatu zen.

MALEN OSAETA GONTZAL MURGOITIO
Mendi korrikalaria


Comovin (Galizia) jokatu zen Mendi Lasterketen Espainiako Txapelketa, apiril amaieran. Junior mailan, Malen Osa izan zen azkarrena helmuga zeharkatzen. Euskal selekzioko ordezkariak ez zuen aurkaririk izan lasterketa guztian, eta nagusitasunez lortu zuen lehen postua. 23 urtez azpikoen mailan ere, beste euskal herritar bat izan zen nagusi; Gontzal Murgoitio. Osaren antzera, Murgoitiok etorkizuneko mendi korrikalaririk onenetakoa izango dela erakutsi zuen Galiziako lurretan. Datorren urtean ere Salomon taldearekin lehiatzen jarraituko du.

SAVITA KASWALL
Alpinista

Draupadi Ka Danda-II (India, 5.670 metro) mendiak eman zuen zeresana urriaren lehen egunetan. Bertan, trebatzen ari ziren ia 50 alpinista harrapatu zituen elur jausi batek, eta horietatik hamasei bertan gelditu ziren. Savita Kanswal alpinista gaztea hildakoen artean zegoen. Urte honen hasieran, Everest (Nepal, Himalaia, 8.848 metro) eta Makalu (Nepal, Himalaia) gailurrera iritsi zen hamasei egunetan: errekorra emakumeentzat.

LUCAS EGIBAR
Snowboarderra

2014an Sotxiko Olinpiar Jokoetan lortutako zazpigarren postua lortu zuen berriz Pekingoetan eresnowboarder donostiarrak. Finalerdietan ezin izan zuen aurrera egin, eta bertan behera gelditu ziren domina lortzeko aukera guztiak. 2022-2023ko Munduko Kopari, berriz, hasiera bikaina eman dio Egibarrek. Abendukolehen asteburuan, Les Deux Alpesen (Frantzia) jokatutako lasterketan, laugarren sailkatu zen. Martin Noerlek irabazi zuen proba.

MARCEL REMY
Eskalatzailea

Marcel Remy eskaladaren bizitza luzeraren eta kirol horrek edozein adinetan egiteko eskaintzen duen aukeraren adibide izan da. Ez zen inoiz punta-puntako eskalatzailea izan, baina ez zion sekula eskalatzeari utzi. Arrokan egin zituen lorpen handienak. Eskalatzaile suitzarra uztailean hil zen, 99 urte zituela. Otsailaren 6an, urtebetetzea Villenueveko (Suitza) rokodromoan ospatu zuen, eta ondoren hil zen. Egun hartan, oraindik ere 4c zailtasuneko bide bat irekitzeko gai izan zen. Yves eta Claude Remy eskalatzaile ezagunen aita zen.

MIKAELA SHIFFRIN ETA MARCO ODERMATT
Eskiatzaileak


Eski alpinoko Munduko Kopako garaileak izan ziren 2021-2022ko denboraldian Shiffrin eta Odermatt. Shiffrin estatubatuarrak laugarrenez irabazi du Munduko Kopa, eta errekor berri bat ere ezarri du eskiaren historian. 47 garaipen lortuta, Ingemar Stenmark utzi du atzean. Inoizko eskiatzailerik onena izan da Stenmark suitzarra. Odermatten denboraldia ere garaipenez jositakoa izan da. Lau podium lortu ditu jaitsieran, bost garaipen eslalomean, beste bi super erraldoian eta urrezko domina Pekingo Olinpiar Jokoetan.

EILEEN GU
Eski akrobatikoa

Otsailaren 4tik 20ra Pekinen jokatutako Olinpiar Jokoetan protagonista nagusirik izan baldin bazen, Eileen Gu izan zen. Ameriketako Estatu Batuetan jaio arren, bere amaren herrialdearekin lehiatzea erabaki zuen: Txinarekin. Hiru domina irabazten lehena izan zen eski akrobatikoan. Iaz munduko txapeldun izan zen halfpipe eta slopestyle diziplinatan, eta estilo librearen historiako olinpiar txapeldunik gazteena izan zen joan zen otsailaren 8an Big Air proba irabazi ostean.

THEO BLASS
Eskalatzailea

Frantziarra bederatzigarren gradua lortu duen eskalatzailerik gazteena da. Trip Tik Tonik 9a zailtasunari esker ezarri zuen marka hori. Blassek 12 urte eta bederatzi hilabete ditu. 2021eko irailean, Gianluca Vighetti italiarrak TCT 9a zailtasuneko bidea kateatu zuen Graveren (Italia), baina Blass baino bi hilabete zaharragoa zen.

2020an, Blass albiste izan zen Souvenirs du Pic 8c bidea kateatzeagatik. Saint Guilhem Le Desert (Frantzia) herrian egin zuen, eta 10 urte baino ez zeuzkan. Blassen igoera testuinguruan jartzeko datu bat: Adam Ondrak, egungoko munduko eskalatzailerik onenetakoak, 13 urterekin egin zuen lehen aldiz 9a zailtasuneko bide bat.

GORBEIA-SUZIEN
(Zeanuri, Bizkaia, 31 km, +2.400 m)

Mendi Lasterketetako Munduko Kopako finala Zeanurin (Bizkaia) jokatu zen, urriaren 8an, Gorbeia Suzien lasterketan. Bertan, Onditz Iturbe eta Ander Iñarra izan ziren lehen euskal herritarrak. Iturbe bigarren izan zen, eta Iñarra, berriz, bosgarren helmugaratu zen.

Munduko Kopako sailkapen orokorrean, bost emakume euskaldun sailkatu dira lehen hamarren artean: Oihana Azkorbebeitia (2), Maite Maiora (3), Onditz Iturbe (4), Sandra Sevillano (5) eta Ainara Urrutia (8). Gizonezkoetan, berriz, Ander Iñarra eta Ismaiz Razga izan dira onenak hirugarren eta bederatzigarren sailkatu ondoren. Kontuan hartzeko moduko emaitzak dira zalantzarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.