Javi Dominguez. Mendiko korrikalaria

«Zorte handia izan dut hainbat lasterketatan»

Ultratrailen historian hizki larriz idatzita dago Javi Dominguez mendiko korrikalari gasteiztarraren izena. Munduko lasterketarik esanguratsuenetan aritu da, ondo aritu ere: uztailean, hirugarren izan zen Hardrock ospetsuan, AEBetan.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2023ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Egun gutxi pasatu dira Javi Dominguez (Gasteiz, 1974) Chamonixen (Frantzia) jokatzen den Mont Blanceko ultratrail famatuan aritu zenetik (UTMB). Erretiratu egin zen, baina oraindik ere motibazioz gainezka dago etorkizunera begira. Zirkuituko beteranoetako bat izan arren, ez du erretiroan pentsatu nahi.

Egun gutxi dira Mont Blanceko ultratrailean lehiatu zinela. Nola ari zara eguneratzen?

Ondo. Oinazeak eta azazkaletako minak azkar samar joan zitzaizkidan. Sasoia bukatutzat eman dudanez, saio motzak egiten ari naiz. Mont Blanceko lasterketan parte hartu eta gero, hiru irteera egin ditut korrika, baina ez dira entrenamendu gisakoak izan; nahi izan dudanean, gelditu, eta paisaiari begira jarri izan naiz. Nik horrela ibiltzeari osasun kirola deitzen diot [barrez]. Hala ere, inoiz ez dut dena emanda entrenatzen.

Chamonixera joan aurreko egunetan egindako elkarrizketan aitortu zenuen gorputza «sasoiko» zenuela uztail erdialdean AEBetan Hardrock lasterketan parte hartu eta gero. Hala sentitu al zenuen lasterketan ere?

Lehen orduetan esango nuke baietz, edo nik, behintzat, hala uste nuen. Agian, lasterketa honetan tokatzen zitzaidan, baina lasterketaren erdialdean-edo ez nintzen ondo sentitu: ez nindoan gustura, gorputz guztia minberatuta sentitzen nuen, eta korrika egiteko zailtasunak nituen. Buelta emango niola pentsatu nuen. Aldi berean, helburua ere aldatu behar nuela pentsatzen hasi nintzen. Bukatzea nahikoa izango zela pentsatzen hasita nengoen, baina, orduek aurrera egin ahala, deabru gaiztoa gehiagotan ateratzen hasi zen. Azkenean, berak irabazi zidan. La Foullyn erretiratzea erabaki nuen [110. kilometroan] .

Zure kirol ibilbide luzean aurreneko aldiz erretiratu zinen. Inoiz bizi gabeko sentipenak izan zenituen?

Berdinak ez, baina antzekoak bizitakoa nintzen. Gogoan daukat beste urte batean ere Chamonixen bertan erretiratzekotan izan nintzela; orduan ere oso gaizki pasatu nuen. Behin haraino joanda, nahiago nuen amaitu. Egia da beste lasterketa pare batean ere erretiratu egin behar nuela, baina ez nuen inoiz hori egin. Handik egun batzuetara, asko pozten zara lasterketa amaitzeko gai izan zarela ikusten duzunean. Oraingo honetan ere, eta, agian, 20 edo 30 kilometro gelditu izan balitzaizkit, amaitzeko hautua egingo nuen. Baina, oraindik beste 60 kilometro gelditzen zitzaizkidan, eta, gainera, oinez nindoan jada. Horrelakoetan oso zaila da jarraitzeko motibazioa ateratzea.

Lasterketa bertan behera uzteak porrot zaporea utzi dizu?

Ez. Uste nuen okerrago kudeatuko nuela lasterketa uztea. Unean bertan ez zidan grazia handirik egin, baina, ondoren, eta ondo pentsatzen jarrita, ez zuen merezi lasterketa amaitzeagatik amaitzea. Askoz gusturago sentituko nintzateke amaitu izan banu, baina ez diot buelta askorik eman. Ultra distantziako lasterketetan gustatzen zaigulako ibiltzen gara. Sufritzen eta gogorik gabe ibiltzeko ordu asko dira, ez du merezi gaizki eta gogoz kontra ibiltzea.

Aurretik Hardrocken hirugarren amaitu izanak lagundu zizun erretiratzeko orduan?

Ez. AEBetara joatea izugarria izan zen, eta ondoren hirugarren amaitzeak motibazioa handitu zidan Chamonixera begira. Ez nituzke bi egoerak nahastu nahi. Erretiratzea unean uneko erabakia izan zen. Erabakiak ez zuen zerikusirik izan Hardrocken lortutako emaitzarekin. Ultra distantziako lasterketa batean, atera aurretik beti izaten da buruan erretiratzeko aukera, eta kontuak aurretik atera behar dira. Aurretik egin behar da hausnarketa, eta galderen erantzunak ere prest egon behar dute. Nik eginda neukan lan hori.

Jada hamar urte baino gehiago dira lehenbizikoz Mont Blanceko Ultratrailean parte hartu zenuenetik. Asko aldatu dira gauzak Chamonix aldean?

Bai herria, baita lasterketa ere. Orain dela hamar urte, mendizale asko ikusten zen bertako kaleetan motxila handiekin, sokekin eta pioletarekin. Dendetako erakusleihoetan, dena goi-mendietarako materiala zen. Gaur egun, aldiz, mendi lasterketetako materiala eta oinetakoak besterik ez da ikusten, eta kaleetan ere gehiengo bat korrikarako materialarekin eta oinetakoekin ikusten da.

Lasterketa bera asko aldatu al da?

Orain askoz lasterketa gehiago jokatzen dira astean zehar, eta horrek askoz ere jende gehiago erakarri du. Lasterketen maila ere izugarria da, eta zer esanik ez UTMB lasterketan. Azken urte hauetan, hamargarren sartzen den korrikalariaren denborarekin, lehen podiumean sartzen zinen, eta urteren batean irabazteko aukera izango zen. Izugarria da gaur egun zer maila ona dagoen.

AEBen urtea izan da aurtengoa Chamonixen. Hainbeste urtetan saiatu ondoren, lehen biak estatubatuarrak izan dira gizonezkoen lasterketan.

Nik beti esan izan dut UTMB AEBetako emakumezkoen lasterketa zela. Emakumezkoen artean, orain arteko denborarik onenak Rory Bosiok eta Courtney Dauwalterrek zituzten, eta, azken horrek aurten egin duena ikusita, zer esan. Baina gizonezkoak ere iritsi dira. Jim Walmsleyk merezi zuen halako batean lasterketa irabaztea, eta Zach Millerrek ere lasterketa bikaina osatu zuen. Oso lasterketa polita osatu zuten biek. Korrikalari handiak dira biak.

Azken urteetan ez bezala, aurten ez zara Ehunmiliak lasterketan izan, uztailean Hardrock lasterketan parte hartu zenuelako. Nolako lasterketa da Hardrock?

Lehenik, oso mendiko lasterketa da. Lasterketaren zati handi batean lau mila metroko altueran korritzen da, eta eremu asko oso basatiak dira. Errepidean oso kilometro gutxi jokatzen dira, erreka asko igarotzen ditu, eta gehienez ere lau herri zeharkatzen dira. Non sartzen zaren jakin beharreko lasterketa bat da. Oso gauza bitxi asko ditu: esaterako, irteera bera ere ez dago ia zehaztuta, helmugan ere ez dago arkurik, eta sari banaketa ere denentzat bera da. Helmugara iristen diren guztiek diploma bera jasotzen dute. Baina zertarako gehiago? Demokrazia handiko lasterketa da: haientzat meritu bera dauka lehenak edo azkenak. Ibilbidea ikusgarria iruditu zitzaidan, baina oso gogorra, altueragatik.

Nolako prestakuntza egin zenuen altuerara egokitzeko?

Bertan parte hartzeko aukera izango nuela ikusi nuenean, Iker Karrerari deitu nion. Bera parte hartutakoa zen aurretik, eta esan zidan egokiena hipoxiako denda batean lo egitea zela. Denda mota horietan, bi mila edo hiru mila metrotan egongo bazina bezala sentitzen zara lo egiten duzunean. Oxigeno maila asko jaisten da, eta oso egokia da horrelako altueretara egokitzeko orduan. Bost aste igaro nituen hipoxiako denda batean lo egiten.

Hara iritsi zinenean, nabaritu zenuen altuerara ondo egokituta zeundela?

Bai; asko nabaritzen da altuera. Hotelean bertan jada nabaritzen hasi nintzen altuera. Une oro hasperen egiten egongo banintz bezala sentitzen nintzen. Lasterketan zehar ere asko nabaritzen da hiru mila edo lau mila metrotan korrika ari zarenean.

Uste duzu posible dela 45 egunean ultra distantziako bi lasterketa handienetakoetan lehiatzea, Hardrocken eta UTMBn alegia?

Agian, ez zara hain solte joango Chamonixen, baina nik uste dut baietz. Urte askotan lehiatu naiz Ehunmilietan eta UTMBn, eta biak ere data antzekotan jokatzen dira. Iritzi oso pertsonala da. Agian, egia da UTMBra atseden handiagoarekin iritsiko nintzatekeela, baina ondo ezagutzen dut neure burua.

Lehenbizikoz aritu zara Hardrocken, eta podiumean amaitu duzu: hirugarren postuan. Zein asmorekin joan zinen hara?

Dortsala lortzea oso zaila izaten da, eta horrek maila handirik ez izatea ekartzen du askotan. Lehen bostetan ibiltzea pentsatzen nuen, eta banekien ez zela punta-puntako korrikalari asko izango. Oso erregular ibili nintzen lasterketa guztian zehar. Ezohikoa da Hardrocken moduko lasterketa bat AEBetan, gehienbat bertako lasterketak korrikalari estilokoak direlako. Nire ezaugarrietara bikain moldatzen da lasterketa.

Ametsa zen inoiz Estatu Batuetan korritzea?

Bai, eta bete dut. Ez dakit berriro ere itzuliko naizen. Urtero, norabidea aldatzen diote lasterketari, eta, alde horretatik, itzuliko ninteke. Uztaila, hala ere, ez da hilabete erraza kanpora joateko: familiari astebeteko oporraldia lapurtzen diozu, altuerara egokitzeko denbora hartu behar da... Alfergura handia ematen du hura prestatzeak.

Zure kirol ibilbidean lortutako emaitzak ez dira nolanahikoak; 2017an, Italiako Tor de Geants lasterketa irabazi zenuen (320 kilometro luze da, eta 24.000 metroko desnibel positiboa du); 2013an, berriz, hirugarren izan zinen Chamonixen; aurten, hirugarren izan zara Hardrocken… Ultra distantziako lasterketen historian sartu zara.

Ez naiz inoiz horrelako bitxikerietan pentsatzen jarri. Izango dira, esaterako, kontinente bakoitzean lasterketa bat irabazitakoak edo distantzia handiagoa duten hainbat lasterketa irabazitakoak. Emaitza horien guztien atzean lan handia dago, zalantzarik gabe, baina askotan pentsatu izan dut zorte handia izan dudala hainbat lasterketatan: oso gutxitan lesionatu naiz, urdailarekin ez dut arazorik izaten... Ez dakit merezi ditudan lortutako emaitzak. Dudan denborarekin eta eskaini diodan denboragatik, etekin handiegia atera diot ultra distantziari. Esaterako, Hardrockeko azken denbora ikusita, badakit ez nuela izugarrizko lasterketa egin, baina bertan izateko aukera izan nuen une horretan.

Askotan jartzen zara atzera begira?

Gauza onei begira bakarrik jartzen naiz [barrez]. Horiek ez dira inoiz ahazten.

Zure gaitasunak aipatzeko garaian, denek diote fisikoki oso gogorra zarela, baina gehienek zure burua goraipatzen dute.

Buruak asko laguntzen dit, eta, lehen aipatu bezala, urdailak ere bai. Biak ala biak fisikoa bezain garrantzitsuak dira modalitate honetan. Oso gutxitan izan ditut urdaileko arazoak, eta buruz ere beti saiatu izan naiz lasterketetara oso lasai joaten. Jarrera positiboa hartuta joatea ezinbestekoa da. Askotan gertatu zait oso nekatuta sentitzea gorputza, baina buruak klik egitea, eta handik gutxira korrika bizi-bizi joatea. Proba luze hauetan, lasterketa motz asko izaten dira, eta denetarako prest egon behar da.

Urte asko daramatzazu ultra distantzian. Zurekin ibilitako askok jada aspaldi utzi zituzten lasterketak. Nondik ateratzen duzu korrika jarraitzeko motibazioa?

Gauza gutxi behar dut motibazioa izateko. Esaterako, Zegama-Aizkorri prestatzeko garaian, nahikoa dut bertan egiten dugun bazkarian pentsatzea eta ondoren izaten dugun solasaldian pentsatzea. Ehunmiliekin ere, antzeko. Hain ondo ezagutzen dut ibilbidea, bertan aurkitzen dudan jendea... Bestalde, oraindik ere asko gustatzen zait gorputzaren mugak ezagutzea eta ultratrailek duten bakarkako lanaz gozatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.