Mendi ibilaldia

Agautz gaineko begiratokia

Aitzarteko mailoartea ikusi ahal izango dugu tontorretik, Aralar aldera joateko artzainek erabiltzen zuten berezko pasabidea, eta gaur egun ere maiz erabiltzen dutena.

  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Urkillaga
  • Ingurunea: Aia, Agautz, Lareo
  • Estekak: Ibilbidea
mikel arrizabalaga
2008ko urriaren 21a
08:20

Aralar mendebaldeko mendi adarretan dauden Leizadi, Agautz eta Sarastarriko gailurrek osatzen duten mendilerroak itxura desberdina duten bi isurialde bereizten ditu: iparraldera Bedamaburuko sakonunera amiltzen diren kareharrizko pareta bertikalak aurkituko ditugu, eta hegoaldera, berriz, Lareoko urtegiraino zabaltzen diren mendi mazeletako larre eta basoak. Agautz gaineko gailurra begiratoki aparta da, bertatik ikusi ahal izango dugu Aitzarteko mailoartea (Ataungo Domoa izenez ezaguna ere), Aralar mendi alderako berezko pasabidea, eta gaur egun oraindik artzaintzan dihardutenek maiz erabiltzen dutena.

Ibilbidearen abiapuntura iristeko, Ataungo San Martinen dagoen Arrondoa auzoan, Aiara igotzen den errepidea hartuko dugu. Urkillaga lepora iristen kilometro eskas beteko dugu elizaren ondoan dagoen aparkalekura heltzeko.

Aia

Ataungo auzo txiki honetako elizaren ondoan eman diogu hasiera ibilaldiari. Errepidetik behera egin, eta Aralarko biraren (GR 20) seinale zurigorriak ikustean hesi bat pasatu eta Arbilleta baserriaren azpitik doan bidean barna aurrera egin dugu. Berehala heldu gara Aiagerre baserriaren ondora. Pista zabal batek erreka ondoraino eraman gaitu. Bide erosoa amaitu, xendari heldu eta berehala jarri gara maldan gora. Ingurune laiotza. Berehala iritsi gara lehen bidegurutzera, eta bertan egurrezko bide seinaleak daude. GR 20a jarraituz, Aia eta Lizarrustira bideratzen dutenak eta PR GI-6a Lareora igotzeko norabide erakusten duena. Azken hori aukeratu dugu, eta marka zuri eta horiak jarraituz Amiltzu aldera igotzen hasi gara. Udan, landaretza ugariaren ondorioz, zenbait tartetan bidea galdu egiten da, baina berehala ohartu gara alanbrezko hesiaren paraleloan gorantz egiten duela. Borda eder baten ondotik pasatu, eta pixkanaka igota Lareotik datorren pistara atera gara. Kilometro pasatxo bete dugu urtegiaren ertzera heldu aurretik.

Lareo

Lehendik ezagutzen dugu Lareoko urtegia, eta itzuli osoa eman beharrean pistatik ezkerrera jo dugu Sarastarrira igotzeko xendaren bila. Ehun metro eskas bete eta pista utzi dugu basoan murgilduz. Pago baten enborrean idatzita ikusi dugu gailurrera igotzeko jarraitu behar dugun bidea. Pagadiaren itzalean erraz egin dugu gora. Pagoek beren sustraiak barruraino sartzen dituzten lapiazean zehar heldu gara tontorrera, eta bertan gutunontzia. Ez dago urruti izen bera duen leizea, eta bere barnean 25 metro luze den, 10 metro zabal den eta 3 metro inguru sakon den ur gardeneko putzu dotorea dago. Bisita beste baterako laga dugu. Bitartean Enirioko bazter ederrei so geratu gara.

Agautz

Altuerarik galdu gabe, basotik atera eta Agautz aldera jo dugu. Ez da arraroa inguru horietan artaldeak eta bestelako abereak larreetan bazkan ikustea. Gure ezkerrera dauden borda eta harrizko itxitura handia utzi ditugu, eta mendi hegaletik gorantz egin dugu gailurreraino. Tarte horretan Aralarko biraren bariantearen (GR 20.1) marka zuri-gorriak ikusi ditugu berriro, eta ez ditugu utzi Aiako plazara heldu arte. Motxilak lurrean laga eta zintzurra freskatu ostean, ikuspegiaz gozatzeko beta hartu dugu. Gutunontziarekin batera orientazio panel bikoitza aurkitu dugu, eta lehen aipatu ditudan bi isurialde horietan marrazten diren zenbait mendi eta inguru ikusteko baliagarria gertatu zaigu. Hamaiketakoa egiten dugun bitartean, Ataun aldera begira jarri gara, Aitzarteko pasabide aldera, artzainek egin ohi zituzten bideak marraztu nahian edo.

Urkillaga

Atsedena egin eta gero, berriro abiatu gara. Mendi hegaletik Leizadi aldera jo dugu, baina tontorrera iritsi aurretik seinale zurigorriek norabidea aldatu eta maldan behera hasi gara. Ondo balizatutako bideak Leizadiren magala zeharkatu eta Urkillagako lepora eraman gaitu. Leku horretan, Aralarko biraren bide nagusiarekin egin dugu bat. Errepidea eta xendak tartekatuz jaitsi gara elizaren atariraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.