Mendiko bizikleta

Arrola mendilerroko zeharkaldia

p025 f01 (2)
p025 i01 (5)
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Laudio, Arrolako Santa Marina, Aspaltza, Larrinbe.
  • Distantzia: 39 km.
  • Iraupena: 2 ordu eta 30 minutu.
  • Estekak: Ibilbidea
Ivan Ruiz.
2023ko apirilaren 18a
09:00

Laudioko, Orozkoko, Amurrioko eta Aiarako lurrek osatzen dute Arrola mendilerroa. Haranen sakontasunetik 500 metro altxatzen diren mendiak biltzen ditu. Larragorri (751 metro) da guztietan altuena, eta ederrak dira mendi horietatik Ganekogorta, Gorbeia eta Gorobel mendilerroen ikuspegiak. Baina, azkenaldian, han haize erroten parke bat egiteko mehatxua dago, eta hori gertatu baino lehen, inguru interesgarri horretaz gozatu beharra dago; nola, eta gravel bizikletan, bideak horretarako aproposak baitira.

Laudion hasiko dugu ibilbidea (125 metro); anbulatorioaren ondoan Nerbioi ibaia saihesten duen zubia zeharkatu, eta bidegorria segituko dugu Aretako auzora. Han, A-2522 errepideari jarraituko diogu, Anuntzibai jauregi ondotik igaro, eta Orozkora daraman errepidearekin bat egiteko. Atzean utziko dugu Untzueta mendiaren magala hartzen ari den harrobia, eta, Zubiaurrera iristear gaudela, Torrelandako dorrea ezkerrean dugula, eskumako bide asfaltatua hartu, eta AP-68 autobide azpitik zeharkatzen duen pistari jarraituko diogu.

Hemen hasten da eguneko igoerarik luzeena. Dulumaneko Done Joanes eliza (XII. mendea) inguratu ondoren, pistak Meatza eta Sagarminaga auzoetan gora egiten du. Aldapa gogorrak igo ostean, Jesuripotzueta burdin urezko iturria dagoen bidegurutzera iritsiko gara. Ezkerrera jo, eta Arrola gailurrera iritsiko gara (668 metro); han, Santa Marinako baseliza eta aterpe ireki bat daude, Orozko haraneko ikuspegi ederrarekin. Kondairek diotenez, jentilek harriak jaurtitzen zituzten mendi horretatik Untzueta gailurrera, baita alderantziz ere.

Mendi bizikletan etorriz gero, mendilerroari jarraitu ahal izango genioke gailur guztiak zapalduta. Baina gaur gravel bizikletarekin etorri gara, eta pistatik bueltatuko gara, eroso, lehengo bidegurutzeraino. Orain, iturrira iristekoan aurrera jarraituko dugu. Horrela, Arriurdin eta Larragorri gailurrak atzean utzi ondoren, beste bidegurutze batera eramango gaitu pistak. Ezkerrera, Urrexolara daraman bidea dago, baina guk eskuinera jarraituko dugu, Eskortarantz gora jarraitzen duen mendi bidetik.

Gorbeia ikusgarria

Gero, bideak behera egiten du, eta Gorbeiako mendien ikuspegi ezin hobea dago. Aspaltzako gailur belartsura segituko dugu. Postontzitik (684 metro) aho zabalik utziko gaitu Amurrio eta Gorobel mendilerroaren irudi perfektuak.

Hegoalderantz jarraituko dugu bidea, jaitsieraren ondoren beste pista batekin bat egiteko. Eta Bostarratxetako bidegurutzean aurrera eginez, Goikomendi eta Kuskumendi natur parkeko gailurren ondotik igaroko gara. Jaitsiera luze baten ondoren, Azkarganen errepidearekin bat egin, eta Amurriorantz abiatuko gara.

A-624 errepidera batuko gara gero, eta lehenengo bidegurutzean, eskuinera hartuko dugu, Larrinbeko auzoa zeharkatu, eta Bañueta kiroldegira daraman pistari jarraitzeko. Kirolgunea inguratzen duen asfaltozko pista segituta, Abiagako pistara batuko gara, eta iparraldera biratuko dugu. Lehenengo bidegurutzean, ezkerrera jo, eta Zabalibarreko zubira iritsitakoan, Done Errokera daraman errepidean gora egingo dugu. Laster, ezkerrera, Nerbioi ibairantz jaisten den pista hartu, eta handik jarraituko dugu, haren kontrako isurialdean parke linealaren bide berdearekin bat egiteko.

Ibaiari jarraituta, Laudiora bueltan eramango gaituen bidea oso polita eta lasaia da, eta ez dauka galbiderik. Hainbat zubi zeharkatuko ditugu, batzuk berriak, gorri kolorekoak, eta beste batzuk, ordea, zaharragoak. Luiaondoko iparraldean, adibidez, Otazukoa alde batera utziko dugu, Ibaizabalen gainean zutik mantentzen den zaharrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.