Mendi ibilaldia

Artxabal, Atau gaineko talaia

Atau eta Osluna ataken artean Artxabal mendia altxatzen da. Arabako herrialdea hegoaldetik mugatzen duen Toloño mendilerro sonatuan, bestela esanda.

Artxabal tontorra
Artxabal tontorrera igotzeko pauso atletiko batzuk eman beharko ditugu. JOSEAN GIL-GARCIA
Arabako ibilbidea. Artxabal, Atau gaineko talaia
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Artxabal
  • Distantzia: 11,5 km
  • Iraupena: 3 ordu eta 30 minutu
  • Ingurunea: Toloño mendilerroa
  • Estekak: Artxabal.gpx
Josean Gil-Garcia.
2024ko urtarrilaren 10a
05:00

Artxabal mendia Toloño mendilerroko gailurretako bat da. Herrera mendatetik Ribas de Tereso mendatera doan lerrokatze ederrean ikusiko dugu, Mendialdeko eta Arabako Errioxako lurrak banatzen diren kareharrizko harresi paregabean. Abalos herrian (Errioxa, Espainia) jarriko gara abian, mendilerroaren hegoaldeko mazelatik igoera lasaia egite aldera.

Aberastasun historiko eta monumental handiko lekua da Abalos. Alde zaharrean paseatzea bezalakorik ez dago eraikin interesgarriak bertatik bertara ezagutzeko. Iparralderantz kilometro batzuk eginez, gainera, La Rosa Ama Birjinaren ermita ikusiko dugu. Monumentu multzoa aurri-egoeran egon arren, oso interesgarria da kontserbatzen duen fatxada ataria. Panorama ederra, beraz, Artxabal bideari ekiten ari garelarik.

Guardiatik gerturatuta, Abalos herriko parkera joko dugu trafiko seinaleari jaramon eginez. Solana de Ramirez upategia ikusiko dugu han. Parkearen ezkerretik gora jotzen duen Ballesteros kaleari jarraituta hasiko gara ibilian. Canton plazatxora ziztu bizian iritsiko gara. Eta handik, zuzen-zuzen, Puelles upategira. Bide nagusiari helduta, urratsak egingo ditugu iparrerantz. Lehen bidebanatzean, San Felices baselizara doan nekazari bidea laga, eta Toloño mendilerro aldera joko dugu. Herrigunea atzean utzita, Puelles upategira iritsiko gara. Aspaldiko PR zidorra gogaide, goratasuna hartzen jarraituko dugu. Ur biltegi berriaren ondotik igaro eta metro batzuk aurrerago, San Anton izeneko bidebanatzera iritsiko gara. Hor ere ur biltegi txiki bat ikusiko dugu. Historialariek gogora ekartzen dutenez, ermita bat existitu zen bidebanatze horretan, baita Herrera mendatera bidean zeuden mandazainentzako benta bat ere.

La Rosa baseliza

Ezkerreko bidetik jarraituko dugu. Gorago, nekazari bideak ezker aldera egiten duen lekuan, bide zabala utzi, eta baso ilunean sartuko gara. Ler gorrien eta arte xumeen artetik ibiliko gara, sigi-saga. Minutu gutxiren buruan, La Rosa baselizaren aurrean izango gara. Ermitak hiru habearte eta abside angeluzuzena izan zituen behiala. Gaur egun, ordea, hondakin ugari ikusiko ditugu barreiaturik. Izan ere, XIX. mendearen amaieran suntsitu zuten. Edonola ere, XVIII. mendeko fatxada ederraz gozatzeko tenorea izango dugu. Tenpluaren atzetik jarraituko dugu. Elur zuloa eskuinean utzi, eta maldan gora abiatuko gara berriz ere. La Rosa mendatetik hurren, bideak pagadian sarraraziko gaitu. Goratasunak baldintzatutako landaretza oparoaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu orduan. Behin gainaldera iritsita, Begortako sakonune zabalaren aurrean kokatuko gara, hots, Herrera eta Ribas mendateak lotzen dituen basabidean.

La Rosa baseliza
La Rosa baseliza, Artxabal mendiaren ingurumarietan. JOSEAN GIL-GARCIA

Ezkerretik jarraituko dugu, sakonunea inguratuz. Paseo lasaia hasi eta berehala, Montoria herrira jaisten den bidea utzi, eta nagusiari begia kendu gabe jarraituko dugu. Atauko mendatera iritsiko gara berehala. Ehiztarientzako etxola eta parapeto batzuk ikusiko ditugu han. Basabidetik irteteko unea izango da, baita pagadian sartzekoa ere. GR baten moduan margotutako zidorra baliatuta, Atauko haitzulora iritsiko gara.

Atauko troke handia

Pagadiaren artean irekitako leize sakona da Ataukoa. Kareharrizko bloke bertikalek kolore ederrak hartuko dituzte bazter ezkutu horretan, bertoko landaretzarekin eta orbelekin kontraste handia eginez. Trokea eskuinetik inguratu eta magalean gora jarraituko dugu zidor estuari men eginez. Garai batean bidexka itxi egiten bazen ere, gaur egun, ederki egiten du gora xendrak. Gandor xume baten ondora iritsita, Manuel Iradier Txangolari Elkartearen postontzira igotzeko momentua iritsiko zaigu.

Itzulera, leku beretik egingo dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.