Mendi ibilaldia

Artzamendi, Bidarraitik

Artzamendi, Bidarraitik.
  • Herrialdea: Nafarroa Beherea
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Bidarrai, Baztan ibaia, Arpeko Saindua, Mehatseko lepoa
  • Distantzia: 19 km
  • Iraupena: 5 ordu
  • Estekak: Ibilbidea
2023ko urriaren 31
00:00

Bidarraiko (Nafarroa Beherea) goiko aldeko aparkalekutik abiatuko gara. Herriko irteerarantz joko dugu, sartu garen norabidean ez, kontrakoan baizik, ezkerreko bidean barrena; hau da, GR 10 delakoaren seinaleei segituko diegu, Aretxeko leporantz.

Auzo bide asfaltatutik aurrera egingo dugu, bazterretako haritz eta gaztainondo ilaren artean, larre eta etxetzarren gainetik. Mendi mazela bat zeharkatuko dugu, ia maldarik gabe, aldapa txikiei aurre eginez. Larreekin txandakatzen diren zuhaiztien artean, etxetzar batera iritsiko gara; bidean hor amaitzen da.

Horren atzean, bidezidor bat dago, lur gorrixkakoa, eta hortik segituko dugu. Aldapa igoko dugu bidegurutze batera iritsi arte, ezkerretara utziko dugu Laxo leporako bide etzana, eta eskuinetik jarraituko dugu; hala, baso batean sartuko gara. Haritz handi batzuen pean aurrera egin, eskuineko beheranzko desbideratzea hartu, eta Baztango amildegia zeharkatzen duen errepidera jaitsiko gara.

Errepidearekin bat egingo dugu ezkerretik; gora eta behera egiten duen aldapa bat zeharkatu, eta bidebanatze batera ailegatuko gara. Baztan ibaiaren ertzetik doan eskuineko adarkaduratik jarraituko dugu; malda gora ibiliko gara tarte batez, eta behera ondoren, zuhaizti batean barrena. Horrela, amildegi luzean sartuko gara, eta ibaiaren ondotik paseatu.

Aurrerago, haitzarte batzuen azpitik igaroko gara, eta beste malda bati ekingo diogu; behera egitean, Alkaxuriko tontor harritsua agertuko zaigu amildegiaren hondoan. Horrela, Baztan ibaiaren gaineko zubi batera ailegatuko gara. Hura zeharkatu, eta baserri bateraino eramaten duen igoera malkartsuari aurre egingo diogu. Horren ondoren, bolada batez gora segitu beharko dugu, sigi-saga.

Mugarri paganoa

Azkenik, harrizko eskailera mailen bidexka bat topatuko dugu eskuinean, eta alboratu egingo dugu, betiere GR 10aren jarraibideei segika. Horrela, Itsusiko Harriko arrokazko fatxadetatik igarotzen hasiko gara, hasieran zuzen igo eta ondoren ezkerrera egiten duen bidezidor batetik, eta Zelhaiburuko tolestura harritsuen azpitik pasatuko gara.

Lehenengo tolestura igaro ondoren, zuhaitz baten parera iristen garenean, eskailera maila batzuk eta babes zirga bat eskuinaldean utziko ditugu. Igotzen baditugu, Harpeko Sainduaren aspaldiko erritu paganoekin lotutako zulora sartuko gara. Harkaitzetako bidezidorretik aurrera egin, tarte mailakatu bat igaro eta ibilbide bihurria egingo dugu jarraian.

Horrela, Zelhaiburuko eta Espaltzako lepoaren azpiko arraildurara iritsiko gara. Han, mendi mazela etzana zeharkatuko dugu tarte batez; hezetasun handiegia izanez gero, euskarri gisa erabiltzeko zirgak dituzten bi pasabide arrokatsu eta zorabiagarriri aurre egingo diegu. Aurreko hegalean bidezidorrak diagonal bat marrazten duela ikusiko dugu, eta horrek pentsaraz diezaguke ibilbide naturala dela, baina ez da horrela; izan ere, arraildurara iristean bidea bitan banatzen da. GR 10a eskuinetik hedatzen da, eta aurrera jarraituko dugu, bira labur batzuk marraztuz; ondoren, eskuinera joko dugu, harik eta Espaltzako lepoa zapaldu arte.

Gailur biribilera

Bista zoragarrien artean, ezkerrera egingo dugu, eta GR 10ean segituko dugu aurrera. Paseo labur baten ondoren, bidebanatze batera iritsiko gara, eta eskuinetik jarraituko dugu, Artzamendi aldera joango bagina bezala, zeina aurrean topatuko dugun. Zarkanbide amildegiaren goiko aldetik igaroko gara, pixka bat jaitsiko gara 83. mugarriraino, eta, muino txiki bat igaro ondoren, Mehatze lepora doan bidezidorrari jarraituko diogu.

Han, GR 10a utzita, bide asfaltatuarekin bat egingo dugu eskuinetik, lehen bihurguneraino; han, alboratu egingo dugu, eta harkaiztegi txiki batera doan bidezidorra hartu. Gora goazela, ezkerretara, Larhungo agertoki ederra ikusiko dugu, kostaldeko paisaiaren gainetik altxatua. Gain arrokatsua gainditu, eta Laxia haranaren gainean dagoen erlaitzaren ondoko zelai batetik ibiliko gara. Bistak bikainak dira begiratzen dugun tokian.

Gainalde arrokatsu bat zeharkatu, eta zelai batean barrena joango gara. Latseko haranaren gaineko erlaitzaren aurrean dago, zehazki. Ikuspegiak bikainak dira edozein aldetara begiratuta ere.

Kaxko Zakar izenez bataiatutako harrizko mugarri handira iritsiko gara, eta, pixka bat aurrerago, ezinbestean gailurreko telekomunikazio-instalazioetan amaitzen den bidearekin bat egingo dugu. Asfaltozko bidetik, Artzamendiko tontorreraino (926 metro) geratzen diren ehun bat metroak igoko ditugu, eta aireko zaintza estazio esferikoaren ezkerretara joango gara, bistarik onenak eskaintzen dituen zelai txikira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.