Eskalada

Barraskiloen gandorra

Eginon dago Barraskiloen gandorra, eta ospe handia du. Eskalada klasikoan hasi direnek oso gustuko dute. 190 metro dira, eta bi ordu eta erdi pasatxo behar izaten dira eskalatzeko.

p025 f01 (8)
p025 i01 (14)
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Distantzia: 190 m.
  • Iraupena: 2 ordu eta 30 minutu.
  • Estekak: Ibilbidea
Xabier Mujika.
2022ko ekainaren 14a
09:00

Barraskiloen gandorra Eginon (Araba) gehien eskalatzen den gandorra da inongo zalantzarik gabe. Aseguru gutxi izan arren, gandor luze horretako pasagunerik zailenak paraboltekin aseguratuak daude, eta horrek asko murrizten du arriskua. Horren guztiagatik, eskalada klasikoan hasi direnen gandor kuttuna da.

Lehenengo luzea, 30 metro, III. Hormatxo txiki bat eskalatuko dugu gandorrera igotzeko (II+). Lehen ezproia eskalatuta (III), gandorraren ahotik jarraitu, eta bigarren ezproia eskalatuko dugu (III), bigarren luzea hasten den harkaitz plaka inklinatuaren oinera iritsi arte.

Bigarren luzea, 55 metro inguru, IV. Harkaitz plaka zuzen eskalatuko dugu (IV), eta ezkerrerako joerarekin eskalatzen jarraituko dugu (III) diedro bertikal baten azpian kokatu arte. Diedroa eskalatuta (IV), gandorraren ahoan erlaitz eroso batean dagoen bi paraboltez muntatutako bilgunera iritsiko gara.

Hirugarren luzea, 50 metro, III+. Gandorraren ahotik jarraitu (hasieran II+, gero erdi oinez) gandorraren hirugarren ezproia (horia) eskalatuko dugu (III+). Bilgunea ezproiaren atzean harkaitz batean jarrita dagoen iltze baten laguntzarekin muntatuko dugu.

Laugarren luzea, 25 metro, III+. Gandorraren ahotik jarraitu, eta laugarren ezproia eskalatuko dugu (III+). Dozena erdi bat metro pasatxo oinez egin ondoren, bi parabolt uztaidunez osatutako bilgunera iritsiko gara.

Bosgarren luzea, 25 metro, IV+/V. Bi aukera ditugu: ohiko irteera eta irteera originala.

Ohiko irteera (IV+): Bilgunearen ezkerrean dagoen diedro txiki bat eskalatu, eta, zertxobait ezkerrera bota ondoren, plaka bertikal bat eskalatuko dugu (IV+).

Irteera originala: Belar lerro batek bitan banatzen duen harkaitz plaka inklinatu bat eskalatu (III), eta horren gainean dagoen eta organo hodi nabarmen pare bat dituen harkaitz-plaka eskuinetik eskalatuko dugu (IV), diedroaren oinera iritsi arte. Diedro hori eskalatu (IV+/V), eta bilgunea harkaitz blokeak aprobetxatuz muntatuko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.