Anoeta herritik abiatu eta oso desberdinak diren bi leku ezagutzeko aukera eskaintzen digu ibilbide zirkular honek. Batetik, Basagainen Burdin Aroko herri harresituaren aurriak bisitatuko ditugu, eta bestetik, Osintzuloko ur jauzia eta putzua.
Anoetako herriko plazatik abiatuko gara, San Joan Bataiatzailearen elizaren ondotik. Etxe artean, San Juan kaletik Oria ibai aldera jaisten hasiko gara, eta, Villabonaraino heltzen den bidean metro batzuk egin berehala, ezkerraldetik maldan gora ateratzen den mendi bidetik jarraituko dugu. Basotik aurrera joko dugu, eta igoz joango gara. Xenda pista zabal bihurtuko da, eta eroso egingo dugu hurrengo tartea.
Ur xirripa bat duen iturriaren ondora iritsi, eta bidegurutze batekin topo egingo dugu metro batzuk aurrerago. Orain arteko pista zabala utzi, eta igotzen jarraituko dugu ezkerretik marrazten den xendan barrena, harik eta beste pista zabal batekin topo egin arte. Metro batzuk aurrerago, Basagaingo lehen aurriekin egingo dugu topo, izen bereko mendi muinoaren magalean. Berez, Oria ibaiaren ibarreko mendi muinoetan aurkitu daitezkeen Burdin Aroko herrixka multzoetako bat da, Buruntza, Iruntxur eta Murumendikoaren antzera.
Anoetako udalerriko lurretan dago Basagain, eta Burdin Aroko herrixka gotortu bat izan zen. Han jarrita dauden argibide tauletan, herrixkaren arkitekturaren eta bizimoduaren inguruko azalpenak jasotzen dira. Herrixkaren mugak erraz antzematen dira, haren perimetroan eraikitako harresi exentuaren arrastoak ikus daitezke eta. Harresitik barnera igarotzeko, ateren batek behar zuen ekialdeko hegalean. Gaur egun egitura zuzenean ikus daiteke ekialdeko bi tokitan egin diren indusketa arkeologikoei esker. Hemen egindako indusketa sistematikoetan aurkitu diren lurpeko aztarnek erakusten digute nola moldatzen ziren orduko gizaki haiek etxeak egiteko, zer ekoizpen motaz baliatzen ziren eta nolako bizimodua zuten. Hormaren barruko aldearen parte bat indusketa fasean dago gaur egun; hala, sektore bat irekita dagoenez lanean jarraitzeko, egiturak plastiko batez estalita daude, babes gisa.
Gure ibilaldi honetako lehen helburua bete eta gero, bigarrena betetzera abiatuko gara. Gure historiaren arrasto horiek atzean utzi, eta bidean aurrera egingo dugu muinoan zehar. Basoan murgildu eta berehala, maldan behera jarraituko dugu Anoeta eta Asteasu lotzen dituen Goi Bailarako errepidearekin bat egin arte. Errepidean zehar kilometro bat egingo dugu Alkiza errekaren ondora jaisteko. Zubi txiki bat igaro, eskuinetik errekaren paraleloan jarraitu, harrizko zubi baten ondotik pasatu, eta Osintzuloko ur jauziaren eta putzuaren ondora helduko gara. Urte sasoiaren arabera ur emaria aldatu egiten da; horregatik komeni da sasoi heze eta euritsuetan bertaratu eta paraje eder hauetaz gozatzea.
Abiapuntura itzultzeko, etorritako bidetik ehunen bat metro atzera egin, eta eskuinetik ateratzen den xenda estutik segituko dugu. Gorantz egingo dugu berriro, eta Isastiko parajeetara iritsiko gara. Gertu, Anoetako herriguneraino jaisten den errepidea hartuko dugu, eta, hala, ibilaldiari amaiera eman.