Mendiko bizikleta

Berrabia eta La Dormida, Kanpezuko xendra jostagarriak

p025 f01
p025 i01
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Santikurutze Kanpezu, Pierola, Hornillo, San Kristobal, Oteo, Done Bikendi Harana, Uraldeko Andre Maria, Perriain, Berrabia, El Peñon, Arquijasko zubibidea, Montenegroko saroia, Costalera.
  • Distantzia: 41 km.
  • Iraupena: 4 ordu.
  • Ingurunea: Araba eta Nafarroa arteko mugan pedalka ibiliko gara mendi bizikletarentzat aproposa den eskualde honetan.
  • Estekak: Ibilbidea
Ivan Ruiz.
2022ko abenduaren 13a
09:00

Lokiz mendilerroaren mendebaldeko muturraren eta Kodesko mendien artean Kanpezu harana dago, mendi bizikleta praktikatzeko eskualde aberatsenetako bat. Aparteko xendraz eta bidezidorrez josia, ez da harritzekoa bi mendi-bizikleta zentroren ibilbideak aurkitzea bertan: Izki-Arabako Mendialdekoa eta BTT Lizarraldekoa.

Baina haran horretan bidezidorren bat nabarmendu behar bada, badira bi izen propioa dutenak: Berrabia edo El Vallau eta La Dormida. Ibilbide honetan, biak ezagutuko ditugu.

Santikurutze Kanpezuko Isabe jatetxearen aurrean, badugu aparkatzeko tokirik. Handik emango diogu hasiera ibilbideari, Lizarrarako noranzkoan, Opakuara daraman bidegurutzea topatu arte. Portura daraman errepidea hartuta, berehala, ezkerrera GR-1 ibilbidearen arrastoei jarraituko diegu. Pistan gora, Pierolako komentuaren (XVI. mendea) aztarnetara iritsiko gara, Hornillo mendiaren oinean.

Ipar-ekialdeko noranzkoari eutsiz, lehenengo pistatik jarraituko dugu, eta bidezidorretik joango gara ondoren. Hala, A-2128 errepidera helduko gara. Hura zeharkatuko dugu, beste xendra bat hartuz A-3120 errepidera iristeko, eta 200 metroz ezkerrera jarraitzeko. Orduan, eskuman dugun langa zeharkatu, eta mendian gora egingo dugu egurrezko gurutze bat dagoen leporaino. Bertan, ezkerrera joko dugu, haritzen eta gurbitzen artean, GR-120.1 Arabarren Ignaziotar Bideari jarraitzeko; horrek Done Bikendi Haranara eramango gaitu.

Herrian sartu gabe, eskumara eginez, Uraldeko Andra Marian (XVI. mendea) El Rasoko lautadara daraman igoerari hasiera emango diogu. Zelai horien zaindari dira Somorredondo, Txintxularri eta Perriain mendiak. Azken gailur horren ekialdean, Mojon Largo lepoa dago. Handik datorren bideari heldu beharko diogu, eta, ondoren, hego-ekialdera jarraitu aldapan gora. Langa zeharkatuta, xendra bitan banatzen da, eta eskumatik Berrabia sakaneko bidean murgilduko gara, Araba eta Nafarroa arteko muga naturala, ezpel tunelean zehar doan jaitsiera tekniko bezain dibertigarria.

Sakanetik irtendakoan, eskuinean topatuko dugun langa zeharkatuko dugu, ondoren Errekabion errekaren urei jarraitzeko, eta artadi bat zeharkatuz Zuñigara daraman pista hartzeko. Herriaren ekialdean, 1 eta 3A Lizarraldeko ibilbideei jarraituko diegu pistatik.

Putzu batera iritsi, eta haren atzean jaiotzen den bidezidorra hartuko dugu, Corral sakana zeharkatzen duena, bide berdearekin bat egin arte.

Trena bagina bezala, Lizarrarako noranzkoan jarraituko dugu; tunela zeharkatu, eta Arquijasko zubibidera iritsiko gara. Han, 1939. urtean, bi trenek elkar jo zuten, eta bagoiak zubitik eskegita gelditu ziren. Bestaldean, geraleku zaharraren aztarnak daude, eta, haren atzean, Arquijasko Gure Amara igoko gaituen xendra (XIII. mendea). Bertatik, metro batzuk aurrera egin, eta ezkerrera Montenegroko saroira daraman bidean aldapan gora jarraituko dugu.

Lepo horretan, hego-mendebaldera altuera mantenduz doan xendra hartuko dugu, baso itxi batean aurrera eginez Costalera mendiaren ipar aurpegian dagoen sakanera iritsi arte. Hor hasten da La Dormida bide ederra, goroldioz estalitako baso itxian zehar, aldapa behera doan xendra estu bihurgunetsua. Bidezidorra Ega ibaiaren parera doan pista batean amaitzen da, eta hortik Santikurutzera itzuliko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.