Mendiko lasterketak

Domusa Teknik 40 MLK ultra eta Txindokiko kilometro bertikala asteburuan

Larunbatean izango da Azpeitiko Lagun Onak taldeak antolatutako ultradistantziako proba (65 km, 3.700 m+). Bi ediziotan, zaleen eta korrikalarien «sekulako erantzuna» jaso du. Igandean, berriz, Euskadiko proba bertikalen txapelketa izango da Txindokikoa.

Aritz Egea, iazko irabazlea gizonezkoetan, helmugako lerroa gurutzatu berri. ALBERTO BELOKI
ramon olasagasti
2023ko maiatzaren 4a
13:02
Entzun 00:00:0000:00:00

Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren bigarren edizioa egingo da larunbatean. Ultradistantziako Euskal Herriko Kopako bigarren proba izango da Azpeitikoa. Neurriak, hauek: 65 km eta 7.400 metroko desnibel metatua (3.700 goranzkoa). Azpeitian bertan abiatu eta bukatu, ibilbidea Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama herrietatik igaroko da, baita mendi gailur hauetatik ere: Arroita edo Arauntza (612), Sañu (616), Gazume (1002), Hernio (1078), Murumendi (868), Izazpi (973), Hiruarrieta edo Samiño (933) eta Xoxote (912).

Guztira 550 korrikalari izango dira lehian. Horien artean, iazko lehen edizioko bi irabazleak, Aritz Egea urretxuarra (Gipuzkoa) eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra (Bizkaia) txapelari eusten saiatuko dira. «Haiekin batera, gazteak datoz indartsu. Gizonezkoetan, Goar Lopetegi, Borja Zubizarreta, Alvaro Ramos... Garai bateko kondairak ere bai, Javi Dominguez adibidez. Espainiatik, berriz, Marcos Ramos dator, Kataluniatik Diego Arroyo...», jakinarazi du Pedro Segui antolakuntzako kideak. Emakumezkoetan, aldiz, azken orduko bi baja garrantzitsu izan dituzte: Marta Molist kataluniarra, ultradistantziako Espainiako txapeldun izandakoa, ez da Azpeitian izango, minez dabilelako, eta Maud Combarieu aspaldi honetan Urruñan (Lapurdi) bizi den korrikalari frantziarra ere, oposaketak tarteko, ez da azkenean irteeran izango. «Beraz, Asics taldeko Christine Selman frantziarra izan daiteke Azkorbebeitiaren aurkari nagusietakoa», Seguiren arabera.

Faboritoak faborito, bailarakoen eta batez ere azpeitiarren eta azkoitiarren parte hartzea nabarmendu dute antolatzaileek, ehuneko handi bat bertakoa baita. Alde horretatik, lasterketaren bi edizioetan «korrikalarien eta zaleen aldetik sekulako erantzuna» jaso dutela goraipatu nahi izan dute. «Iaz, lehen edizioan, 24 orduz azpitik bukatu ziren 400 dortsalak. Aurten, 550 dortsal jarri ditugu eta bi orduz azpitik bukatu ziren. Ez da noski dena gure meritua, kirola asko ari da hazten, eta jende asko ari da ausartzen distantzia luzeetan», adierazi du Seguik.

Antolakuntzak indar handia jarri du emakumezkoen parte hartzea sustatzeko. Iazko datuei erreparatuta, jabetu ziren %8,5 bakarrik zirela emakumezkoak, eta, iaztik hona, parte hartze hori bultzatzeko hainbat egitasmo jarri dituzte martxan. «Badakigu joera hori ez zela urte batetik bestera aldatuko, baina urtean zehar hainbat irteera egin ditugu emakumezkoekin, eta sekulako erantzuna izan dute. 70 emakumezko ateratako irteeraren bat izan da, adibidez. Eta aurten, %5 handitu da emakumezkoen partaidetza. Ez da asko-asko ere, baina bai bide onean goazen seinalea», nabarmendu du Seguik.

Taupada urdina, boluntarioen emana...

Kirol ikuspegi hutsaz gain, lasterketak baditu bestelako helburu batzuk ere; inklusioa da horietako bat. Alde horretatik, Pol Makuri Salomon taldeko korrikalariak hitzaldi bat emango du ostiral goizean Azpeitian, eta beste bat arratsaldean Azkoitian, umeentzat. Makurik eskuineko aldea paralisiak jota dauka jaiotzatik, baina mendiko eskian olinpikoa izana da, eta iaztik Salomon taldean ari da korrika. «Hitzaldien ondoren, ostiralean bertan komunikatu bat irakurriko du Makurik, eta gero idatzi hori lekuko baten barnean sartuko dugu. Larunbatean, Eskola kirola programako ume guztiak Azpeitiko plazatik aterako dira, eta Trail Martxa Urdina deitu duguna osatuko dute, Xaguxatar bideari jarraituz eta lekukoa elkarri pasatuz, Ikasberriko gunera arte».

Boluntarioen lana ere goraipatu du antolakuntzak. «350 boluntario inguruk hartzen du parte, herrien eta herritarren laguntza izugarria da, eta lasterketaren arrakasta hortik dator eta hortik etorriko da. Eta ez bakarrik Azpeitian eta Azkoitian. Inguruko herri txikietan ere laguntza handia jaso dugu. Anoagune nagusietako bat, adibidez, Iturburukoa da, eta hor Errezilgo eta Bidaniko jendeak asko-asko lagundu digu, eta udaletxeek beraiek ere bai».

Lasterketa honen abaroan, Errezilgo (Gipuzkoa) Domusa Teknik enpresak eta Oñatiko (Gipuzkoa) Lana kooperatibak Domusa Teknik Lana taldea sortu dute aurten. Trail lasterketa hauek azken urteotan izan ari diren goraldia ikusirik, taldearen helburuetako bat taupada urdina egitasmoa bultzatzea da. «Euskaltelek txirrindularitzan sortu zuen marea laranjaren antzekoa, baina trailaren edo mendiko lasterketen ingurua», jakinarazi du Pedro Seguik. «Euskal zaleak elkartzeko modu bat da, erreferentziazko kolore bat hartuta. Aurten, Xoxoteko aterpean, taupada urdina gunea izango da, eta hor paella dastatzeko eta kamiseta urdina jasotzeko aukera izango da».

Txindokiko kilometro bertikala igandean

Azpeitikoaz gain, asteburu honetan badira beste hainbat mendi lasterketa ere. Igandean, besteak beste, Txindokiko kilometro bertikala egingo da Larraitzen (Abaltzisketa). Lasterketa bertikalen Euskadiko txapelketa izango da, gainera, Txindokikoa. Irteera 10:00etan izango da Larraiztik. Txindokiko KBak ibilbide berria izango du. Jatorrizko ibilbidean bezala, korrikalariak Larraiztik abiatuko dira, baina lehendabizi Gaintzako bidegurutzera joango dira irteera neutralizatuan. Puntu honetan hasiko da kronometroa martxan, eta korrikalariek 3,6 km eta 980m+ egin beharko dituzte gailurreraino. Bidean Oria iturritik igaroko dira (kontrol puntua), eta handik tximista esaten dioten bidean gora igoko dira.

Iñaki Maiorak Ordizitik Txindokirako errekorra egiteko hartu zuen bideari eutsi nahi izan diote antolatzaileek, ibilbide horrek duelako bertikal kutsurik eta gogortasunik handiena. 2022ko Txindokiko Kilometro Bertikaleko edizioan gizonezkoen errekorra ondu zen, eta emakumezkoen marka berria jarri zen: Oihana Kortazarrek 44:05 behar izan zuen gailurra jotzeko, eta Asier Larruzeak 35:59.

Guztira 241 lasterkari daude izena emanda Txindoki KBrako.

Domusa Teknik 40 MLK Egitaraua
Ostirala, maiatzak 5

10:30: Pol Makuri korrikalariaren hitzaldia, Soreasun (Azpeitia)
15:30: Pol Makuri korrikalariaren hitzaldia, Baztartxon (Azkoitia)
17:30-19:30: Dortsal banaketa, Azpeitiko Plaza Nagusian (Berdura plaza)
17:30-20:00: Korrikalarien azoka, Matxinada plazan
19:00: Briefinga, Sanagustin kulturgunean

Larunbata, maiatzak 6
06:00-7:00: Dortsal banaketa Azpeitiko Plaza Nagusian (Berdura plaza)
8:00: Lasterketa irteera, Azpeitiko Plaza Nagusian
9:30: Trail martxa urdinaren irteera Herriko plazatik
11:00: Trail martxa urdinaren iritsiera anoagune urdinean (Ikasberri)
10:00-20:00: Korrikalarien azoka, Matxinada Plazan
10:30-13:30: Beizamako txakolina eta pintxoak Santa Ageda gainean
11:00-18:00: Puzgarriak anoagune urdinean
11:00-13:00: Sentsibilizazio jolasak anoagune urdinean
12:00-18:00: Pintxo eta edariak anoagune urdinean, Eusko Labelen eskutik
13:00: Paella jana taupada urdina gunean (Xoxoteko aterpean)
18:00-20:30: DJa Herriko plazan
20:30: Lasterketaren itxiera
20:45: Sari banaketa herriko plazan
21:00: Elektrotxaranga Etxezuri aurretik
22:30: Gatiburen kontzertua, Sanagustin kulturgunean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.