Euskara Euskal Herriaren erdigunean

Hogei BERRIAlagunek txangoa egin dute gure lurraldearen epizentro geografikora, Andiamendira. Mikel Arrizabalaga gidari zutela, Unanutik (Nafarroa) abiatu eta Beriain tontorra jo dute, behe-laino artean, eta ondoren Lezizoagako bidetik egin dute itzulera.

BERRIAlagunen taldea Olibesarioko saroian, Euskal Herriko erdigune geografikoan. UXUE BARRENETXEA
ramon olasagasti
2023ko irailaren 18a
14:39
Entzun

Larunbatean goizeko 9:00etan da hitzordua, Unanuko plazan (Nafarroa). Heldu orduko, 80tik gorako adineko batek egin die harrera mendizaleei: «berandu zabiltzate, beroa pasa behar duzue!». Harpa jotzeko dago: hego haize zakarra dabil, eta behe laino trinkoak estaltzen du Beriainen burua. Unanun bertan eskertzen da jantzi polarra; han goian, ia 900 metro gorago, ez da berriketarik izango. Herriko zenbait etxe ataritan, egurra pilatua dute jada, aizkorarekin ebakitzeko zain. Ezkur urte, elur urte esaera betetzen bada, aurten izango da negua.

Mikel Arrizabalaga, BERRIAren Mendia kanaleko kolaboratzailea, izango da gidari gaurko ibilaldian. Eskerga eta eskertzekoa Arrizabalagaren urtetako eta urtetako lana Euskal Herriko mendi eta bideak ezagutarazteko, euskaraz beti. Kanaleko ibilbideen atalean dauden ehunka proposamenen artean, haren ibilbide bat aukeratu dute irakurleek eta BERRIAlagunek bozka bidez. Ibilbide eta jomuga esanguratsua: Euskal Herriaren erdigune geografikoa. Handik eta hemendik datoz BERRIAlagunak: Zarauztik Jon, Ziburutik Maite, Arabako Azazeta herritik Xabier, Durangotik Irantzu eta Lur, Iruñeatik Roberto, Legazpitik Iñigo eta Eva, Irundik Jon, Hernanitik Iñaki, Zumaitik Joxe Mari, Donostiatik Joxemiel, Lasarte-Oriatik Marijo... Hogei lagun guztira. Nahita ere nekez elkar zitekeen halako ordezkaritza zabalik; kasik lurralde guztietako mendizaleak abiatu dira Euskal Herriaren erdigunerantz.

Mendizaleak Beriain tontorrean, behe lainoak bilduta. Uxue Barrenetxea

Arrizabalaga gidari, Unanu gibelean utzi orduko pagadian barneratu dira ibiltariak, zidor pikoan gora, lerroz lerro. Behe lainoa, basoak atxikia duen hezetasuna eta bidezidorreko harrien lokatz makillajea, irristadaren bat edo beste izan da, baina mendian zaildutako jendea da BERRIAlagunen kuadrilla hau. Haien artean, pozik doa Roberto, bezperan erretiroa hartuta: «Aurrerantzean denbora gehiago izango dut mendirako», dio. Behe laino itxian, ia San Donatoko ermitarekin tupust egin dute mendizaleek. Iñaki hernaniarrak eman du eguneko lehen titulua: «Hor nonbait bada eguzkia». Kanpoan ez da giro, ordea, eta ermitaren alboko aterpean hartu dute babes hamaiketakorako. Mikelek azaldu die San Donatoz gain San Kaiet ere aterpetzen duela ermitak, eta hauxe dela Nafarroako tontorretan diren ermita guztien artean altuena.

Indarrak osatuta, jomuga nagusirantz abiatu dira ibiltariak, malda behera leunean. «Komeni da elkarrekin joatea, behe lainoan inor galdu gabe», aholkatu du Arrizabalagak. Badu Beriainek Venezuelako tepuy baten tankera, malkarra batera, amildegia bestera eta goian lautada ikusgarri bat, Satrustegi mendilerroraino. Behe lainoak, ordea, erabat hesten du mira. «Maite ditut maite gure bazterrak...», txistukatzen hasi da bateren bat. Eguneko bigarren titularra eman du Iñigo legazpiarrak: «BERRIAlagunak behe laino artean». Arrizabalagak, ordea, urrats ziurrez eta zuzen-zuzen darama taldea. Altuera galdu ahala, gainera, saretuz joan da oihal zuria. Mendizaleek inoiz begiztatutako txanpinoi erraldoienak agertu dira bidearen alboetan.

Sakonune batean, han da Euskal Herriaren erdigune geografikoa. Nafarroan, ezin bestela izan. Lekuak, izatez, Olibesarioko Saroia izena du, artzaintzak Andimendian izan duen eta duen garrantziaren lekuko. Zutarri batek adierazten du gure lurraldearen epizentroa, eta haren inguruan, harriz egindako hainbat zirkulu zentrokide daude, harrespilak balira bezala. Norbaitek erditik ebakita dago, ordea, zutarria, eta gaineko puska lurrean. Mikelek bat egin ditu bi zatiak, eta monumentu xumeak bere gorpuzkera tentea berreskuratu du. Ez dira ez bat eta ez bi lekuak jasan dituen sabotajeak, eta badu sinbolikotik Mikelen keinuak, bi puskak batzeak. Lekuari buruzko azalpenak eman ditu gero: zer kalkulu eta metodo erabili zituen Felix Isasa ingeniariak 2004an sakonune hura gure lurraldearen erdigunea dela zehazteko. Arrizabalagak berak Pyrenaica-rako idatzitako kronikan jaso ditu azalpen horiek. Azalpenak entzun ondoren, taldeko argazkia atera dute BERRIAlagunek, eta ondoren, photocall modukoa antolatu dute, nork bere argazkia ere izateko. Euskaraz bizi dute guztiek mendia, badakite lurralde honek erdigune nagusia hori duela.

Taldekideak Unanura bueltan, behe lainoa deseginda. Uxue Barrenetxea

Lezitza mendia inguratuz, Lezizoagako bidetik egin dute itzuliko bidea. Beste geldiune batean, Ollaraneko herri guztiak lotzen dituen ibilaldi ederraren berri eman die Arrizabalagak. Baita Goñi herritik Trekua edo Bordas Viejas tontorrera eta handik Beriain aldera jotzen duen ibilbidearen berri ere. Erne jarraitu dituzte BERRIAlagunek azalpenak. Beste mokadu bat egin ondoren, pista zabalean barneratu dira Unanurantz, abiapunturantz. Joan dira goizeko hotzak eta lotsak, nahastu dira bateko eta besteko mendizaleak, berriketan doaz ziburutarra iruindarrarekin, azazetarra zumaiarrarekin, durangarrak donostiarrarekin... Mendia eta beste mila kontu hizketagai, euskara hitzetik hortzera. Unanun, nekearen gainetik, egun polit bat pasa izanaren sentimendua, eta halako txango gehiago egiteko gogoa. Elkar agurtu ondoren, bakoitzak bere herrirako bidea hartu du, Euskal Herriko erdigune geografikoan Felix Isasak kokatutako harrizko zirkulu zentrokideak bezala, hizkuntza baten uhinak hedatuz batera eta bestera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.