Galdampio tontorra Obarenes mendigunea osatzen duen lerro orografiko trinkoan goititzen da. Talaia ederra baino ederragoa da Araba eta Burgos herrialdeek bat egiten duten natura eremu oparoaz gozatzeko. Igoerak merezi du, zinez. Alta, Galdampiotik bistaratzen zaigun ikuspegiak amaierarik ez izatea irudi lezake. Hortaz, Bureba eskualdea begiez irentsiko dugu nahitaez, begi gorabehera batean. Soa hegoalderantz luzatuta, paisaia ondulatua antzemango dugu, zerealezko baga handien antzera. Iparraldean, haatik, bestelakoa da ikuskizuna: Obarenes lerroa uzkurtu egingo da tanpez, hegal bakoitza bere erara, eta hamaika haran eta bazter sorraraziko ditu. Era berean, artadi trinkoak gure jakinduria zolituko du bizkor; izan ere, baso trinkoen gainetik aiurri bereziko ertz zorrotzak goratzen dira: Pan Perdido, Cueto, Verdina eta Cantoña, askoren artean.
Galdampio mendi jagolearen azpian Miraveche herria dago. Arkeologoek diotenari jarraikiz, gaur egungo herria Burdin Aroko nekropoli garrantzitsu baten gainean dago eraikia. Lehen aurkikuntza 1914an gertatu zen, indusketa lanak Juan Cabre arkeologoak bideratu zituela. Aurkikuntzaren berezitasunak eta historiaurreko ikerketek garatutako grinak bultzaturik, indusketek 1935ean eta 1936an jarraitu zuten, gerra zibila iritsi arte. Matias Martinezen eta Jose Luis Monteverderen lanek Miravecheko aztarnategia erreferentzia arkeologiko bihurtu zuten.
Miravecheko nekropolia
Miraveche herrira heltzean, elizaren eskuinaldetik igaro eta errepidea lagako dugu bihurgunean. Miravecheko nekropolia dioen seinalea lagun, kalean aurrera egingo dugu. Tabernako horman itsatsita inguruko baso eta gailurretara lagunduko digun informazio ugari ikusiko dugu. Gero, Lastra kaleari men eginez, ur-biltegira iritsiko gara. Nekazari bidean aurrera egingo dugu orduan, betiere Obarenesko harresira hurreratzeko asmoz. Laster, ordea, nekropolia agertuko da eskuinaldean. Hilobi autrigoi baten erreplika bat ikusgai dago bertan. Erromatarren aurreko herri horrek Bureba eskualdea populatu zuen Burdin Aroan.
Nekazari bideari men eginda, Galdampio mendira gerturatzeko urratsak egiten jarraituko dugu. Lur gorriek eta konglomeratuek atentzioa emango digute zoli. Igoera xume baten ondotik bideak banandu egingo dira. Legar hobian, eskuinera egin eta bide harritsuan gora egingo dugu. Varga izeneko lepora helduko gara berehalakoan. Galdampio eta Castro Cuño mendien arteko lepora iritsi gara, hortaz. Artadian barrena jarraitzeko unea dela, ezkerretik abiarazten den zidorrari jarraituko diogu. Goratasuna hartzen hasiko gara gutxika-gutxika. Hobe zehar-zehar ekitea hasieran. Hala, ehunka metro egin ostean, magala garbitu eta aurrez aurre Galdampioko kasko zabala izango dugu. Ederra!
Tontorra bisitatu ondoren, Vargako lepora jaitsiko gara berriz. Eskuin-ezker egin gabe, lepoko basabidea gurutzatu eta aurrez aurre doan zidorrari ekingo diogu. Pinudian gora, haitzarte ttipi batetik igaro eta Castro Cuñoraino lagunduko digun gailurreriara iritsiko gara. Ekialderantz egingo ditugu urratsak, belarrez apaindutako tapiz ederrean gaindi. Ekialdeko ertzean postontzia ikusiko dugu, Peña Mayako kareharrizko ertzek begi zorrotzez ederki zainduta. Behin Castro Cuñon, goratasuna galtzen hasiko gara. Metro batzuk baino ez. Alta bada, bidexkak ezkerrera egin eta erlaitzaren azpian jartzeko parada emango digu.
Zidorrari segika, Peña Mayaren eta Castro Muñoren arteko lepoan jarriko gara. Verdina mendiguneko tini malkartsuak alde batera utzita, ibarrean behera egingo dugu, eta astiro-astiro Miravecherantz abiatuko gara. Hartutako zidorrak landaretzaren artetik bideratuko gaitu, hegalean behera. Ibarretik irtetean landa bide batekin bat egingo dugu. Hari segika, Miravechera iritsiko gara.