Haurrekin

Iturrietako baso sorgindua

73974301Master
mikel arrizabalaga
2022ko irailaren 12a
12:00

Gailurreriara igotzeko Egileor herrixka izango dugu abiapuntu. Herriaren sarreran dagoen lurrezko aparkalekutik abiatu eta lur-sailak zeharkatzen dituen pista zabal eta berri batek hegoalderantz bideratuko gaitu. Kilometro bat bertatik bete eta, ezkerretik ateratzen den belarrezko xendan barrena abiatuko gara, Fraideen xenda izeneko bidetik hain zuzen ere. Egurrezko zutoin batek erakutsiko digu hartu beharreko norabide zuzena (Larre Eder-Senda de los Frailes testua). Garai batean, bide honek Agurain eta bere ergoienak (Alangua, Arrizala, Egileor eta Opakua) Iturrieta mendilerroarekin lotzen zituen. Duela ehun urte, Aguraingo klaretarren komentuan 80 fraide baino gehiago zeuden eta maiz erabiltzen zuten bide hau. Dirudienez, beraien eguneko lanetako bat paseatzera irtetea omen zen, hortik Fraideen xenda izena. Hasiera pagadian eta gero pinudian murgiltzean, gorriz eta tanto zuriez margotutako egurrezko makilek erakutsiko digute aukeratu beharreko bide zuzena. Hemen hasten baita “Baso sorgindua”-ren ibilbide berezi eta polita. Pinu biren enborretan jarrita dauden “basoko begiek” emango digute ongietorria eta, maldan gora jarraituz, eskuinera utziko dugu Lezaoko kobazulora zuzentzen den xenda. Pagadian marrazten den xendan barrena, basoko izakien presentzia konstante bat bihurtuko da. Aguraingo Aitor Gorospe mendizaleak, laupabost urtetan egindako lanaren emaitza da Fraideen bidean, basoaren leku eta txoko desberdinetan kokatuta ikus daitezkeen euskal mitologiazko eta naturaren zenbait elementuren tailuak eta irudiak. Ibilbide magikoa! Kuleto faltsuen (Amanita Muscaria), irudien presentziak Peña Hueca izeneko lekura eramango gaitu eta honen pasabidea zaintzen duen sorgina ikusiko dugu. Haitzaren paretan fraideek zizelkatutako gurutzeak ikus daitezke. Haitz honen beste aldetik hedatzen den xendatik Ttarttalo izaki mitologikoaren ondora eramango gaitu. Hemendik Alanguako mendatera heldu aurretik, Aitorrek sortutako hamaika irudi desberdin ikusi ahal izango ditugu: Basajauna, Olentzero, urubiak, azeria, herensugea, belatzak, tximeletak, basoko eta haitz etxeetako izakiak, behi, orkatz eta basurdeen kaskezurrak… Umeekin gozatzeko ibilbide zoragarria! Arbaras iturriaren ondora iristean, malda leundu egiten da eta, denbora gutxi behar izango dugu pagadia atzean utzi eta mendilerroaren hegira iristeko. Langa igaro eta eskuin aldera joko dugu Larrederreko tontorrera igoz. Mendi hau izen desberdinez ezagutu ohi da, Achuri, Larredez eta Larre eder izenez hain zuzen ere. Bertan dauden bi buzoietan agertzen dira izen horietako bi. Larredez eta Atxuri terminoak, askotan, sinonimotzat hartu ohi dira Achuri izeneko erpin geodesikoa dagoen gailurra izendatzeko. Hala ere, badirudi, Atxuri ekialderantz dagoen hurrengo kota dela. Inguruak duen itxurarengatik, logikoena Larreder izena izatea litzateke, hegoalderantz dauden larre ederrak ikustea besterik ez baitago. Tontorretik antonimoak diren bi paisaia ikusi ahal izango ditugu; hegoalderantz lur eremua lauak zabaltzen dira, eta iparralderantz, berriz, Alangua herriaren bertikalean amiltzen diren magal malkartsuak. Talaia bikain honetatik, Gorbeia, Aizkorri, Elgea, Anboto eta Altzaniako mendilerroen ikuspegi oso eta paregabea izango dugu. Tontorra atzean utzi, erpin geodesikoaren ondoan dagoen alanbrezko hesia gurutzatu eta mendebalderantz joko dugu harrizko mugarriak jarraituz. Gandorrean zehar burutuko dugun ibilbide honetan, bigarren mailako tontorrak diren eta inolako seinalerik ez duten Peña Redonda eta Peña del Cura izeneko tontorretik igaroko gara, bertatik dugun ikuspegi panoramiko bikainaz gozatuz. Alanbrezko beste hesi bat gurutzatu, ehiza-postu baten ondotik pasa eta San Juan mendatera jaitsiko gara. Erdi Aroan, mendate hau mandazain-bideen igarobide garrantzitsua izan zen, eta bertan gurutzea zizelkatuta duen tamaina handiko hilarria dago. Gertu tumulu bat eta, amildegiaren ertzera gerturatzean, burdinazko gurutze bat ikusiko dugu, mendateari izena ematen dion desagertutako ermitaren kokapena gogora ekarriz. Mendatetik iparralderantz jaisten hasiko gara pagadian zehar marrazten den xenda nabarmen eta eroso batetik. Jaitsiera azkar baten ondoren, pista zabalera helduko gara eta gertu dagoen Egileor herrira erraz ailegatuko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.