Mendiko bizikleta

Lokizko mendilerroan, labarrei so

Antzinen eta San Kosme ermitaren arteko bideak aukera emango digu mendilerroa ordokitik eta haranetik ezagutzeko.

Lokizko mendilerroa
Lokizko mendilerroaren ikuspegi harrigarria, Sardegiko gailurretik. IVAN RUIZ ROTAETXE
BTTko ibilbidea. Antzin-Lokiz
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Antzin (Autokarabana gunea), Sardegi, Aramendiako portua, Lokiz, Galdeano, Ganuza, La Tuerta sakanaren bidegurutzea
  • Distantzia: 39,5 km (1.000 m+)
  • Iraupena: 4 ordu
  • Ingurunea: Lokiz mendilerroa
  • Estekak: Antzin-Lokiz BTT
Ivan Ruiz.
2025eko apirilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako mendebaldean dago Lokizko mendilerroa, eta benetako altxorra da, dudarik gabe. Labar sakonez inguratuta dagoen ordoki horretan arteak eta ezpelak dira nagusi. Mendi bizikletarekin ibiltzeko ohitura handia dago inguruan; ulertzekoa da, beraz, Antzineko udalak «Ancin Freeland» seinalea jarri izana hainbat ibilbidetan, bizikletaz ibiltzeko aproposak baitira. Horregatik, Antzin hartu dugu denetarik duen ibilbide honen abiapuntu. Zenbakiek kontrakoa adierazten duten arren, ez da ibilbide erraza; harrien artean mugitzen jakin beharra dago, eta lehenengo 17 kilometroak igotzen emango ditugu. Halere, inguruaren edertasunak zentzua emango dio egindako esfortzuari.

Autokarabanetarako aparkalekuan (488 metro) autoa utzi, eta Vasco-Navarro bide berdeari jarraituz laga dugu Antzin; ondoren, Mendilibarrin Murietako putzura daraman bidea hartu dugu. Gora eginez, Zuzkunako bideak harrobi baten ondotik garamatza, eta, PR-NA 184 ibilbidearen seinaleen laguntzaz, Arranuras putzura eramaten gaitu. Aldapa gogortuz doa, eta bidean harriak dira nagusi, baina Lokizko Santiago ermitara iristerakoan, merezitako saria izango dugu. Inguruko herriek beren batzarrak ospatzen zituzten hemen aspaldi.

Gertu, Sardegiko gailurra dugu (958 metro), harri handien gainetik pedalka eginez gailendu duguna. Sekulakoak dira ikuspegiak hemendik: kolore grisez eta laranjaz osatutako amildegi amaigabea ageri da gure aurrean, saiak gure azpitik hegan ateratzen diren bitartean. Geldiunearen ondoren, Gauzako mendatera jaitsi, eta bagoaz gora berriz, Putzu handia aurkitzen den larreetara iristeko. Urmaela gainditutakoan, 90º ekialdera biratuz Aramendiako mendatera iritsiko gara (1.068 metro), hegoaldean Sartzaletako gailurra eskura dugula.

Xenda estuak ezpelen artean aurrera egiten du Lisa mendian gora goazela —mendilerroko gailurrik altuena da: 1.126 metro—. Beste pare bat lepo gaindituta, San Kosme eta San Damian ermita izango dugu aurrez aurre, aterpeduna, pagadiaren barruan kokatua; eta haren atzean, Lokiz gailurra (1.121 metro). Lortu dugu eguneko helburu nagusia!

Ermitaren aurreko zelaira bueltatuz, xendari jarraituta gailurraren ipar magala mendebaldetik ekialdera inguratuko dugu. Tartean, urmael eta iturri baten ondotik igaroko gara, Urbasako mendien ikuspegi ederrarekin. Harkaitz arteko pasabide estu bat topatuko dugu aurrerago, Galdeanoko mendatearen sarrera (980 metro). Xenda teknikoan behera eginez, Illusia haitz zorrotzarekin egingo dugu topo, Ibarluineko monolitoak esaten zaion eremuan. Bidea leunduz doa gero, eta, ziztu bizian, haritz zaharren artean, Galdeanora garamatza. Hemen, mendilerroaren oinari jarraituz, Munetara abiatuko gara (543 metro).

Herri txiki hauek badute bere xarma; hurrengoa gure bidean Aramendia izango da, eta gurutzadura handi baten ondotik igarota lagako dugu, Gauzara daraman xenda hartzeko ondoren. Santa Eulalia elizaren ondoan Ollogoiengo bidea hartu, eta, hara iristerakoan, San Viktor eta San Kristobal ermitara daraman pista hartuko dugu.

Pista hori ibilbidearen hasierako bidearekin gurutzatzen da, baina oraingoan Antzin Freeland-eko 1. eta 3. ibilbideen seinaleez baliatuko gara La Tuerta sakaneko xenda jostagarriari jarraitzeko. Zidor horri Zeelanda Berria ere esaten diote, likenez beteriko basoarengatik ziurrenik. Ibilbideari amaiera emateko, saltoen bidea hartuko dugu azkenik. Bike park Ancín ere esaten diote bertakoek. Hala, saltoak eginez, ausartenek amaiera ezin hobea eman ahal izango diote ibilbide eder honi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.