Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Goiuri eta Ondona

MENDIA. IBILBIDEA. Goiuri eta Ondona.
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Izarra, Berbita, Goiuri, Ondona
  • Distantzia: 6 km.
  • Iraupena: 2 ordu.
  • Ingurunea: Izarran hasi eta Berbita muinotik igarota, Goiuriko ur-jauzirantz abiatuko gara. Ondoren, Urkaerriko lurraldea zeharkatuz, Ondona herri hustura iritsiko gara, Izarrako bide zaharrari bertantxe oratzeko asmoz.
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Izarra (Araba) bi populazio gunetan dago banaturik. Alde zaharra Estuñagan muinoko ekialdeko magalaren altzoan dago, modu anarkikoan akaso, baina arkitektura ederreko baserriz josita. Alde modernoan, ordea, udaletxea, ikastola eta gainerako zerbitzuak daude. Eta bi guneren artean, trenbidea. XIX. mendearen amaieran eraiki zuten burdinbidea, bidaiariak eta merkatariak garraiatzeko. Nolabaiteko aberastasuna ekarri zion herriari, baita bizilagunen banaketa fisikoa ere. Alde zaharrari xarma berezia dario, eta behialako bideak korritzea posiblea da oraindik ere. Izarratik Arrastariaranzko bidea, esaterako.

Goiurira Berbita muinotik

Izarrako alde zaharrean hasiko dugu ibilbidea. Ostuño parkeko seinaleei kasu eginda, bake giroan atseden hartzeko prestatuta dagoen parke horren aurrean utziko dugu autoa. Oinez jada, parkearen eskuinaldetik doan basabidetik joko dugu. Hartxintxarrezko bidea da, eta Miranda-Bilbo trenbidearen paraleloan doa. Goiuriko ur-jauzia, Ostuño parkea eta Santorkari iturria hizpide dituen informazio gune batera iritsiko gara laster. Aurrerago, pista nagusiak ezker aldera egiten duenean, zuzen hartuko dugu guk, trenbidearen konpainia utzi gabe. Soa basoan barrena galduko zaigu, eder-eder, aurrean haritzak, pagoak eta gorostiak tartekatzen dira eta. Trenbidearen arrastoa galduko dugu une batez, Berbitako tunelean sartzean. Gaur egun ahaztuta dago, baina aspaldian -1548. urteko dokumentazioan agertzen denez- muino horretan elkartzeko aztura zuten bizilagunek Basaudeko komunitateko ordenantzak irakurtzeko eta onesteko.

Tunelaren gain-gainean garela, ezkerrera hartu ondoren, Izarra eta Goiuri lotzen dituen errepidera irtengo gara. Goiuriko ur-jauzi dotorearen eremuan gaude jada, eta hala frogatzen dute jarri berri dituzten seinaleek. Aparkaleku txiki bat ikusiko dugu errepide bazterrean. Bi bide egokitu dituzte paseoaz gozatzeko: Begiratokia deritzanak 350 metro ditu, eta laster izango gara han, hots, Euskal Herrian natur ikuskizunetan deigarriena denaren aurrean. Izan ere, Oiardoko errekastoaren isuriak Goiuriko trenbidetik amiltzen dira tupustean, ehun metroko jauzi librea eginez. Bigarren bidexkari Goiuriko xenda egokitu zaio. Bestea baino pitin bat luzeagoa izan arren, hogei minutu aski izango dira amildegiaz bestaldeko herrixkan izateko.

Hori horrela, ur-jauziaz gozatzeko egokitua den xenda hartuko dugu lehenik eta behin, eta minutu gutxiren buruan behatokian izango gara.

Ondonako bazterrak

Ikuskizunaz bapo aseta, aparkalekurantz abiatuko gara ostera ere. Hara iritsi aurretik, ordea, eskuinera egingo dugu, eta norabide debekatua adierazten duen seinalearen atzetik jarraituko dugu. Errepide nagusira irtetean, Parrangibel kaleari men egingo diogu. Ondoren, porlanezko bideari oratuta, Santiago parrokia eliza aldera joko dugu. Ondoko bidegurutzean, ezkerrera hartu eta Altube bideari segituz, Goiko auzora iritsiko gara. Gasteiz-Urduña errepide ondora, bestela esanda.

Errepidea tentu handiz zeharkatuko dugu ondoren, eta Ondona deritzan kalean gora ekingo diogu. Hala, iturri ondotik igarota, Goiuritik irtengo gara. Ondona auzoko Matias etxera iritsiko gara malda amaitu bezain pronto. Beste bi baserriak beherago daude, erliebe leunak utzitako sakonunean. Ondonako etxaldea igarota, lehen baserria inguratu eta 1898 inskripzioa duen iturrira iritsi baino lehen, ezkerrera egingo dugu. Gorantz abiarazten den basabidea baztertuta han, pista nagusitik ehun metro inguru egingo dugu. Gero, basabidea utzita, ezkerretik doan belarrezko bidea hartuko dugu. Ibarrean behera hasiko gara, Izarrara doan bide zaharrari eutsiz.

Ondona zergatik hustu zen azaltzeko hainbat arrazoi ematen dituzte historialariek. Besteak beste, Izarratik Goiurira doan errepidea eraikitzeari leporatzen diote herrixka betiko ahanzturan uztea. Erdi Aroan, berriz, aski erabilia zen Izarra, Ondona, Apregindana eta Untzaga herriak lotzen zituen mandabide hura, gehienbat Urduñara jaisteko.

Alanbre bat zeharkatu eta minutu gutxira, Ostuñoko parketik datorren hartxintxarrezko bidearekin bat egingo dugu. Eskuinera jo eta Izarra erreka zeharkatuko dugu. Pistari jarraituko diogu Izarrara iritsi arte. Txangoa han bukatuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.