MENDIA. IBILBIDEAK. Aragoi barnean, Nafarroako Petilla

Aragoiko barrendegitik, Petillatik, Roitara abiatuko gara, Nafarroako gaztelu izandakora

ASIER AGIRRESAROBE- MUSKILDA TELLABIDE
2007ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Euskal Herriko mapari begiratuz gero, Nafarroako mugetatik at, Aragoiko lurren barnean, bi uharte txiki ikusiko dituzue. Petilla de Aragon dira, Nafarroako mugatik hamahiru kilometrora dagoen herria. Zaragoza probintziako Sos, Uncastillo, Isuerre eta Navardungo herriek erabat inguratu arren, inguratzen duten mendiek ez dute uzten horietako bat bera ere ikusten. Pirinioen aurreko azken goraguneetako mendiak dira horiek. Petilla bi gunetan dago zatitua: gune nagusian dago herria; gune txikiari Baztan de Petilla edo Baztan huts-hutsean deitzen zaio, eta San Antonino ermita dago han.

Zangoza eta Sos -Fernando errege katolikoaren jaioterria- herriak atzean utzi eta Onsella ibaiaren arrotik abiatzen den errepidea hartu behar duzue Petilla herrigunera igotzeko. Bizkar batean dago, mendiaren eguteran, etahaitz handi batek menperatzen ditu herriko etxeak. Gaur egun arrastorik egon ez arren, haitz horietan egon zen Petillako gaztelua, Iruñeko erresuma defenditu zuena. Petillan jaio zen Santiago Ramon y Cajal, 1852an. Kalea ez ezik, museoa ere eskaini diote Petillan 1906an Medikuntzako Nobel saria jaso zuen nafarrari.

Hiru kale baino ez ditu Petillak, eta plaza bakarra, Nafarroakoa. Plaza txiki horretatik ekin behar diozue Roitako gaztelura eramango zaituzten ibilbideari (840). Eliza alboko arkupetik herriaren behe aldean dagoen eskolara joan behar duzue, eta handik, herrira iristeko bide zaharretik behera jarraitu. Hainbat bihurguneren ondoren, arazorik gabe eramango zaituzte ibarraren hondoraino, errepideraino (710). Errepidean behera egin behar dituzue hurrengo pausoak, ezkerrean Labazia eta Uncastillora doan pista eta eskuinean nafar gobernuko basozainen etxea utziko duzue, eta laster iritsiko zarete behetik gora abiatzera behartuko zaituzten bidegurutzeraino (660). Petillatik Sosera doan GR-1 Zidor Historikoaren hainbat arrasto gorri-zuri izango dituzue bidelagun.

Bat-batean, pistak aurrera segi dezan utzi eta ezkerrera jo behar duzue, bide zaharretik mendi lepo batera igo arte (800). Nafarroa utzi eta Aragoiko lurretan sartzera zoaztela, han, aurreko mendi tontorrean ikusiko duzue lehengoz Roitako gaztelua. Hara iristeko, ordea, tontorra inguratuko duzue lehenik. Pinudiak erkametzari egingo dio leku, eta erreka zokora jaistean, laiotzenean, baita pago ale batzuei ere (730). Gorako bidea hartuko du bideak, hurrengo harratean, pista berri zabal batekin bat egiteko (795). Bide zaharrak eta arrastoek errekan behera Soseraino jarrai dezaten utzi, eta pinudiarekin batera zabaldutako pistan aurrera jarraitu behar duzue, harik eta beste batekin elkartu arte (780). Norabidez erabat aldatu eta Roitarantz abiatu. Eskuinera joko du, erreka gurutzatu eta maldari ekingo dio, gaztelu oineko lepora iritsi arte (870). Muino gainean dituzue zain gazteluaren hondakinak (905).

Bi dorre ditu gazteluak, eta harlanduz nahiz harlangaitzez eraikitako harresiak ixten du erdian geratzen den arma-patioa. Ipar-ekialdeko dorrea egoera hobean dago; bestea, berriz, azkenetan. Antso III.a Nagusiaren (1004-1035) erregealdian eraiki zuten, eta izen ugari izan ditu gazteluak: Roita, Rueyta, Sercastiello, Sierracastilla, Cercastiel, Charat-Kachtilla...

Lepora itzulita (870), Petillara iristeko bide zaharra topatu behar duzue. Horretarako, hegoaldera doan pistatik zoaztela, ezkerretik zuhaiztian barneratzen den bideari jarraitu behar diozue; ia batere jaitsi gabe, lehen igarotako erreka zoko ederra igaroko duzue, eta Petillan sartzearekin batera, alor batzuetara ailegatuko zarete. Borda batzuen hondakinetatik, Labazia iturriraino jaitsiko zarete (710), eta handik, errepidera. Bide zaharretik igotzea baino ez da falta.



Petilla de Aragon

Herriari buruzko lehen aipamena 938. urtekoa da, Garzia Sanchez I.ak eta Iruñeko gotzain Galindok Leireko monasterioari eman baitzizkioten Petillako elizaren hamarrenak. Mende bat geroago, 1035ean, Antso III.a Nagusiak Iruñeko erresumaren eremu zabalak, «Ribagorzako mugetatik Astorgaraino», bere semeei eskaini zizkien. Gartzia seme nagusiak hartu zuen erregetza osoa, eta Ramiro seme sasikoa geratu zen Aragoiko lurrekin. Aragoiko Ramiro I.ak, ordea, Petilla eta Ruestako lurrak Nafarroako Antso IV.ari eman zizkion geroago. XII. mendearen amaieran, Petilla Aragoin sartu zen berriro. Baina, 1209an, Aragoiko Pedro II.ak Antso Azkarrari Petilla, Esco, Peña, Gallur eta Trasnoz eman zizkion, itzuli ezin zion 20.000 marabediko zorra kitatzeko. Nafarroako lurretara itzuli, eta ez zen berriro eskuz aldatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.