Ebro ibaiaren ertzak zidor komun batean lotzeko egitasmoak urte batzuk baditu ere, egokitze lanaren hasiera ofiziala 2006an suertatu zen. GR 99 kodea aukeratu da Fontibren (Kantabria) hasi eta Garxalgo Faroan (Tarragona) bukatuko den ibilbidea izendatzeko. Mila kilometrotik gora baitira guztira, ordea, erritmo guztietakoak gertatzen ari dira komunitate bakoitzeko parteak egokitzerako orduan. Araba eta Errioxa buru-belarri aritu direnez azkenaldian, oso aurreratuak dituzte lan horiek. Gero proposatzen den ibilbideak ibaia korritzen duten bi zati lotuko ditu, baita lau herri dotore ere.
BUICIOKO IBAR-BASOA. Errioxako Lapuebla de Labarca herrian hasiko dugu ibilbidea. Herrira iristean, Fuenmayorrera doan errepideari jarraitu eta Ebro ibaia zeharkatzen duen begi bakardunzubia modernora iritsiko gara. Ibaia zeharkatuta, Errioxako Autonomia Erkidegoan sartuko gara. Errepidean aurrera egingo dugu Geltokiko auzoraino. Trenbide azpitik igaro eta AGE upelategia igaro bezain pronto, eskuinera joko dugu upelategi bereko atzealdera doan pista asfaltatutik. Nekazari bide bati ekingo diogu gero, eta hegoaldera egingo dugu.
Fuenmayor herria aurrez aurre dugula, harantz bideratuko ditugu pausoak. Mahatsondoak lagun, txalet baten aurrean izango gara berehalakoan. Horko bidegurutzean, eskuinera egingo dugu. Aurrerago, Peña Gordara bidea bazter eginda, ezkerrera hartu eta errepide estu batetik segituko dugu. Hiru minuturen buruan, eskuinera joko dugu porlanezko bidetik; Fuenmayorretik datorren GR 99 Ebroren zidorra izena duen bidearekin bat egingo dugu, eta mendebaldera egiteko unea izango da. Ibar zabalean gaindi gabiltza, Buicio uhartea eta ibar-basoa helburu dituen bideari men eginez. San Llorenteko erpin geodesikoa muino baten gainean ikusten dugun arren, talaia horren azpitik igaro eta trenbidera iritsiko gara. Trenbidea kontu handiz gurutzatu eta gero, Ebro ibaiaren ertzerantz egingo dugu. Lau bideren elkargune batean, norabideari heltzen jarraitzen duen partzelariatik segituko dugu. Buicio uhartera eta ibar-basora doan zubira iritsiko gara. Errioxako interesdun leku bilakatu da Buicio, behialako ibar-landaretzaren lekuko ona delako. Uhartean lizarrak, zumarrak, makalak, haltzak eta sahatsak ikus daitezke, besteak beste.
ELTZIEGOTIK ESPERALERA. Buicioko zubitik gertu, ezkerrera hartu eta LAN upelategiaren atzealdera joko dugu. Industrialdera iritsita, trenbidea zeharkatuko dugu berriz. Hantxe eskuinera eginda, errailen paraleloan segituko dugu Cenicerora doan zidorra gogaide. Asfaltoari hertsiki lotuta, Montecilloko harrobiraino jarraituko dugu. Trenbidearen konpainian segituz, hots, Valpiedra etxe paretik igaro eta zortzi minutura, GR 99 zidorretik irtengo gara. Trenbidea zeharkatuko dugu han, eta ondoko errepidetxoan aurrera egingo dugu pitin batean. Eskuinetik irtengo den lehen nekazari bideari ekingo diogu gero. Uren araztegiaren ondotik igarota, Eltziegoko zubira doan errepidean izango gara. Bost begi dituen XIX. mendeko zubi horretatik igaro eta Eltziegora doan errepidetik jarraituko dugu. San Vicente baseliza muino baten gainean dugula eta luxu handiko Marques de Riscal hotelari begira gaudela, herri gunean sartuko gara.
Lapuebla de Labarcara doan errepidetik jarraituko dugu. Aldapatxo bat igo bezain laster, eskuinera jo eta Ebrorantz zuzen-zuzen doan errepidetxo bati ekingo diogu. Asfaltoa amaitzean, ezkerretik segitu eta ezponda baten azpitik igaroko gara. Ezponda atzean utzi eta, berehala, etxe baten hondakinak ikusiko ditugu. Aurrerago dagoen bidegurutzean, eskuinekoa hobetsiko dugu Ebrotik hurbilen doan pista zabaletik jarraitze aldera. Gorantz jotzen duen errepidetxo bat ikusiko dugu aurrerago. Bide hura baztertuz eta eskuinera joz, paseo goxoa egingo dugu korrontetik hurbil. Makalen artean ibili-ibilian, Esperal-Poveda atsedenlekura iritsiko gara. Hegoaldera egingo dugu atsedenlekuan. Ebro ibaiaren gaineko bista ederrak hartuta iritsiko gara Lapueblara.
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEAK. Ebro ibaia, naturaz blai
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Araba
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Lapuebla de Labarca, Buicio, Montecillo, Eltziego, Ebro, Fuenmayor, Cenicero
- Distantzia: 19 km.
- Iraupena: 4 ordu.
- Ingurunea: Ebro ibaiari segika Lapuebla de Labarca, Fuenmayor, Cenicero eta Eltziego lotuko ditugu.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu