Mendi ibilaldia

Erromesaldia Kalamuara

MENDIA. IBILBIDEAK. Erromesaldia Kalamuara.
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Eibar, Elgoibar, Santa Kruz, Usartza, Kalamua, San Pedro
  • Distantzia: 12 km.
  • Iraupena: 5-6 ordu.
  • Ingurunea: Eibar abiapuntu eta Elgoibar helmuga, Kalamua mendia igoko dugu txangoan.
  • Estekak: Ibilbidea
2007ko abenduaren 21a
00:00
Entzun

Ibilaldi honek baditu hainbat gogoeta eta azterketa bitxi. Gaur egun gazteen artean fenomeno kultural handia bihurtu da kalamua, eta zer pentsatua eman dit horrek. Gaur igoko dugun mendi ezagunarekin harremanetan jarri, eta, harekin batera, kalamuaren beste erabilera batzuk nabarmendu daitezke, esate baterako, euskaldunak antzinatik erabili dituenak. Kalamua euskal kulturaren adar bat izan da, jantzigintzan eta lokarri, soka eta lotura tresnak egokitzeko.

Eibar dugu ibilbidearen abiapuntu, armagintzan herri aitzindaria. Geroago ekin zioten bertan beste ekoizpen mota batzuei: josteko makinak, bizikletak, torlojuak eta beste industri osagai anitzak... Gaur egun lantegietako asko herritik kanpora lekuz aldatu dituzte; Durangaldera eta beste industrialde berrietara.

Gure gorputzak berotzen hasteko, Eibarko geltoki nagusitik hasiko gara, eta Santa Krutzeko bidea hartu behar dugu. Horretarako, geltokitik bariante adarretik igo eta nagusira irten behar da; orain, ezkerrera joanez, berrehun metro egin, eta ondoren, bidezidor batetik eskuinera jo maldan gora. Mendi bizkarretik gorago baratze batzuk daude, eta laster iritsiko gara baserri batera. Gure erreferentzia mendi bizkar horri jarraitzea izango da; muino bat eta landa gunea, beste baserri bat, albotik pasa eta pinudi bat zeharkatuko dugu. Berehala ikusiko dugu etxe bat hutsik, auzoko eskola izandakoa. Gorago joan eta laster gaude Santa Krutz gainaldean. Ikuspegi zabala dago bertatik. Gure oinpean Eibarko suge zaharra ibar zuloan; bere gainean Galdaramuño eta Egoarbitza; eta Anbotoko damaren punta nagusi Bizkaia maite aldeari erreparatuta.

Santa Krutz baselizak baditu hainbat pasarte erromeri eta pasabide gune moduan. Handik Arrateko errepiderantz abiatuko gara. Asfaltotik ezkerretan Ixuako bentaraino. Ixuako mendatean jende andana biltzen da asteburuetan, auto-mendizaleen abiapuntu eta hainbat mendigoizalez ikusmira tokia itsua da. Bertatik abiatuko gara Usartzako bentaraino, eta handik hamabost minutura helduko gara. Toki honek funtzio berbera betetzen du, baina iturri fresko bat ere badago aukeran. Seinale batzuk esango digute zein norabide hartu behar dugun: Kalamua, Akondia... aukeran. Helburu bikoitza izango dugu Akondia aukeratzen badugu. Azken horrek malda handia dauka gailurreraino (750 m), eta ikuspuntu mugatua. Aurrera jarraituta, Kalamuako lepora iritsiko gara, eta tartean beste muino bat igoko dugu. Handik behera zelai gunea Kalamuako eremuan.



JAITSIERA ELGOIBARRERA. Kalamuako lepotik gailurra zain dugu. Aldapa gora berriz, eta gailurrera iristean erabat harriturik geratu naiz: inork ez du ipini Cannabis sativa-ren maketa edo gutunontzirik; Kalamuako gailurra toteem gabe, agian erre egin dute. Goitik ikuspegi zabala dugu: Bizkai aldera Oizko zentral eolikoa, Etxeberrian industrigune berria, Gipuzkoa aldean Arno eta Izarraitz kare-zuriarekin eta Deba ibarra, bere industrigunearekin, erribera ertzean.

Neure buruari galdetu diot ea noiz antolatuko duten kalamuazaleek hemen erromeria! Agian santutegi bat eraikiko dute Arratekoari lehia egiteko; Ave Mariabaratzekoa. Itzuliko gara mendilepora, handik San Pedro auzora jaisteko. Pista batetik sartuko gara pinudi batean, eta laster aterako gara baserri batera. Hormigoiarekin batera, baserriz baserri jaitsiko gara San Pedroko elizaldera. Bertan atsedenleku handi bat dago, ogitartekoa jan edo musean jarduteko. Orain asfaltoarekin 3 km ditugu Elgoibarrera iritsi arte. Lehengo bidezidorraren arrastoen berri ez dakigunez, hala beharko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.