Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEAK. Getxo eta Plentziaren arteko kostaldea

MENDIA. IBILBIDEAK. Getxo eta Plentziaren arteko kostaldea.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Getxo, Algorta, Galea punta, Arrietara, Atxabiribil, Kurtziomendi, Muriola, Plentzia
  • Distantzia: 15 km.
  • Iraupena: 3 ordu ta 35 mn.
  • Ingurunea: Bi herriak lotzeko ibilbideak zer ikusi eta zer ikasi asko eskaintzen dio ibiltariari: monumentuak, labarrak...
  • Estekak: Ibilbidea
2007ko azaroaren 2a
00:00
Entzun


Bi herriak lotzeko ibilbideak zer ikusi eta zer ikasi asko eskaintzen dio ibiltariari: monumentuak, labarrak...
alberto errazti

Gaurko txangoa ez da bat-batean burura etorri zaidan ideia berritzailea. Zor zaharra, zor txarra diosku Gotzon Garatek bere Atsotitzak liburuan, eta gaurko kontua aspalditik kitatu behar nuen. Bilbao Alpinokoek 1952an egindakoa oinarritzat hartuta, 1986an Durangoko Alpino Tabira mendizale taldekoek Bizkaiko bira izango zena diseinatu zutenean, hainbat zalantza izan ziren nondik norakoak erabakitzeko orduan. Hori zela eta, 1990ean nire liburuaren izenburuari GR-123 eta aldakiak gehitu zitzaion, etapa batzuetan balizko ibilbide batzuk proposatzen genizkiolako irakurleari. Etapa bakarrean ez nuen papereratu buruan zebilkidan beste aukera bat: Getxo eta Plentziaren artekoan. Kostaldeko besteetan ez bezala, ibilbidea ez zihoan labarren aldamenetik, baina arrazoia logikoa zen: Munarriko landa, Santa Marina eta Ganeta tontorretatik igarotzea.

Egin berri dudan txangoak liluratuta utzi nauenez gero, mamu zaharrak uxatu behar direlakoan, zuenganatzea pentsatu dut, zeuek ere goza dezazuen kostaldeko bazter hauetaz. Gainera, abantailak baino ez ditu aipaturiko ibilbideak: oinez nahiz bizikletaz egin daiteke -Portuzar eta Sopelmarreko eskailerak albotik ekiditea duzue-; iturri ugari -hondartzetako aparkaleku guztietan-; ibiltari mota askori begira, bide erdia baino gehiago atonduta baitago; bertako landare eta animaliei buruzko informazioa irakurtzeko panelak; labar tente-tenteak, harresiak balira bezala; monumentuak ikusteko aukera -Bizkaia Zubia, E.Txurrukaren eskultura, Lezama-Legizamon jauregia, Algortako Portuzarra, Aixerrota eihera, Galea gotorlekua eta itsasargia-; tarteko udalerriak ezagutzea-Sopela eta Barrika- eta zelan ez, inguru honetako hondartza guztiak ere bai.



HONDARTZAK EZIN AHAZTUZ . Uda iluna izan zelako edo ez dakit zergatik, baina udazkenean egonda ere, mendi garaietako pagoen orbelak bilatu beharrean, itsaso aldera bueltatuko gara. Horretarako, Getxoko Areeta auzoko Bizkaia Zubitik ibiltzen hasi eta berehala, E.Txurrukaren monumentua topatuko dugu, gizaki eta itsasoaren arteko borroka irudikatzen duena. Areetako hareatza pasealekutik inguratu ondoren, Lezama-Legizamon jauregi azpitik kirol portu alboko Ereaga hondartzara helduko gara. Beste muturrean, Algortako Portuzarretik gora joko dugu. Aldats honetako arrantzale etxeak ederrak dira, benetan, eta izenak liluragarriak (Elejaldena, Peresiena, Ramosena...). Modernotasunaren itsasoan arrantzaleen uhartetxoa atzean utzita, Usategui ostatu aldamenean Arrigunaga hondartzara jaitsiko gara. Hurrengo gainean, Galea Punta ezagunean, XVIII. mendeko Aixerrota eihera eta gotorlekua ikus daitezke, baita itsasargia zein golf zelaia ere. Aurrerantzean, etxeen ordez labar zorrotzak eta hareatza ugari aurkituko ditugu. Askorriko lehen horma artesek Gorrondatxa hondartza hesituko dute eta geroko Barinatxan Getxotik ekarritako ibiltokia amaituko da.

Sopelako Arrietara-Atxabiribileko pasealeku amaieratik goiko muino aldera hurbilduko gara, eta tarte luzean bidezidorrak berak gidatuko gaitu, Sopelmar etxe multzo osteko Kukullumendi muinotik azpiko Meñakotz harrizko itsasarte aldera lehenengo eta Barrika udalerrian sartuta, Kurtziomendi gainetik Barrikako hondartzara gero. Bustintzako geodesikora heldutakoan, Muriolako bazter nudistara jaitsi eta zubitxotik gora joan beharko dugu herrigunera, Barrikabasoko bidezidorrak sasiz josita baitaude. Errepide alboko espaloitik Plentziako metro geltokira helduko gara, J.Manterolaren zubi aldamenera, hain zuzen.



Bizkaia Zubia

Eskegia izatea da bere ezaugarririk nabarmenena, munduko lehen zubi eskegi eta mekanikoa, hain zuzen, eta horrexekerraztu dio 2006ko udan Unescok Gizateriaren Ondare izendatu izana. XIX. mendean ezinezkotzat hartzen zen horrelako zubia eraikitzea; eta horrexegatik izan zen hainbeste zalantza, eta behin baino gehiagotan eskegita geratzeko arriskuan izan zen egitasmoa. Aurka izan zituen Alberto Palaciok hasierako txosten teknikoak, aurka akziodunak, aurka indusketen emaitzak, eta, gainera, bere laguntzaile Alonso Bilbao zubigilea hil egin zen, istripu baten ondorioz. Izena ere zalantzan ipini dute zenbait ezjakinek abesti baten erruz Portugaleko Zubia delakoan. Arazoak arazo, 1893ko uztailaren 28an inauguratu zen zubia, eta gainaldea leherrarazi zutelako 1937tik 1941era izan ezik, egun baten ere ez du huts egin bere joan-etorrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.