MENDIA. IBILBIDEAK. Kiltxano eta Aiala mendiak

Kiltxano, Aiala eta Arrarain baselizak, Aialako gaina eta Dulantziko ubidea lotuko ditugu Argomaizetik irtenda

Josean Gil-Garcia.
2008ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Argomaizko paradoretik hasita, Kiltxano, Aiala eta Arrarain herri hustuetako baselizak lotuko ditugu ibilbide bakar batean. Hiru ermita xume besterik ez dira bertan gaur egun, baina historia sendoa gordetzen duten tenplu erromanikoak ditugu. Horrezaz gainera, Dulantziko eta Iruraiz-Gaunako parajeez gozatzeko aitzakian, garai batean puntuagarria izan zen Aialako gaina ere zapalduko dugu, ibilbide samurra eta gozoa egin ostetik.

Argomaiz herrira bueltatzeko Dulantziko ubide paretik egitea proposatu dugu. Azpiegitura handia ez den arren, kanal horrek Arganzubi, Azua eta Alegria ibaietatik hartzen ditu urak eta segundoko 1.000 litroren ekarpena egiten dio urtegiari, propio eginiko 250 metrodun tunel bat dela medio. 70eko hamarkadaren amaieran eraiki zen obra hura Gasteizko udalak Uribarriko urtegitik ur kontsumorako beharra asetzekoaukera izan zezan.

Argomaizko etxetzarra baita abiapuntua, Gasteiz-Donostia errepide bazterrean ikusiko dugu, Uribarri Ganboa urtegiko Garaioko natur parketik gertu.



AIALAKO TONTORRERA BIDEAN. Argomaizko paradorearen ezker aldetik abian jarriko gara, Zenbidea deritzon kalean aurrera. Asfaltoa lagun, Kiltxanoko San Pedro baseliza erromanikoaren hondakinetara iritsiko gara berehalakoan. Aurrealdea beirate handi batek babestua dago, eta Mendixur, Etxebarri-Urtupiña, Gebara, Burgu eta Argomaizko herrien artean partekatzen da harekiko kultua. Betiere hasierako norabideari eutsita, Etxabarri-Urtupiñara iritsiko gara behin Kiltxanako bi urtegien artetik igaro eta gero.

Zaltegiko kaletik sartuko gara herrixkan eta, jolas eremura iritsita, eskuinera jo eta hegoaldera egingo dugu, hots, Aialako mendiko magalera. Herriko azken etxea atzean utzita, Bikopozo inguruan asfaltozko bideak ezkerrera egingo duela ikusiko dugu. Bada, bihurgunea egin gabe, zuzen eta gorantz segituko dugu (H-M). Aldapa amaitu bezain pronto, mendebaldera egingo du bideak. Goratasuna galdu gabe, ezkerrera egingo dugu bidebanatzean eta Aialako lepo xumera iritsiko gara. Gandorrean gaude jada, eta hegoaldera panoramika zabala izango dugu. Lerroa burutik buru zeharkatzen baitu nekazalbide batek, hari segituko diogu ezkerretik Aialako erpin geodesikoaren parean izan arte. Arabako ekialdea inguratzen duten mendiak aurrez aurre izango ditugu: Elgea, Urkilla, Aratz, Entzia eta Iturrieta mendilerroa, besteak beste.



DULANTZIKO UBIDEAN GAINDI. Erpin geodesikora hurbildu gabe -galsoro baten erdi-erdian dago eta- pistatik aurrera egingo dugu Dulantzira doan errepidera iritsi arte. Gero, eskuinera joko dugu errepidean eta, asfaltoa bidaide, metro batzuk egingo ditugu beherantz. Hala, ezpondak uzten duenean, errepidearen paraleloari darraion partzela batean gaindi segituko dugu; izan ere, errepideko bihurgunea saihesteko modu ona bezain segurua da. Done Jakue bidearekin bat egingo dugu errepidera berriz irtendakoan. Mendebaldera okertuko dugu han, eta Aialako mendien oinaldetik segituko dugu Aiala baseliza erromanikoraino. Ezker-eskuin eginda, Burguko bideari eutsiko diogu Done Jakueko bide seinale horiak bidaide. Bidegurutze batera heltzean, ezkerretik segitu eta bi hari elektrikoren artean kokatuko gara. Minutu gutxiren buruan, Burgura iristeko bostehun bat metro falta direnean, Arraraingo San Joan baseliza xumera iritsiko gara. Ermita ondoko ubidearen ertzeko pistatik segituko dugu Argomaizko herriraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.