Mediterraneo eta Kantauri aldeko isurialdeen banalerrotik zertxobait iparraldera aurreratuak dauden mendiak dira lerrootara ekarri dizkizuegunak. Bidateko lepoak sokate nagusira elkartzen ditu, Malerreka, Urumea eta Leitzaran ibaien banalerro diren mendiok. Ardatz nagusia Leitzako herrigunearen gainetik ekialdera luzatzen da, eta hainbat tontor txiki nabarmentzen zaizkio, garaiena den Zuparrobi esaterako. Honako haueak, ordea, Leitzako lurretan dauden Aritz eta Kornieta gailurretara iristeko azalpenak dituzue, kontuan hartuz, helmugak beste interes duela bideak, edo gehiago.
Herriko plazatik abiatuta San Migel elizara daraman bidea hartu. Hara iritsi baino lehen, ordea, ezkerrera jo, eliza eskuinean utzi eta herriaren goialdean dagoen hilerrira iritsiko zarete (500m). Santa Krutz ermitara daraman galtzada ederra topatuko duzue han, hasierako zatian galtzadarriak bistan dituena. Ibilbideko zatirik gehientsuenetan, bidelagun izango dituzuen arrasto zuri-horiak ere topatuko dituzue bide bazterreko harri eta zuhaitzetako enborretan.
Lehen bihurgunean bide nagusiari eutsi, eskuinera irteten denari kasurik egin gabe. Gora zoaztela berehala ikusiko dituzue Leitzako etxeen teilatu gorrixkak zokoan, lehen zatian malda nabarmena baitu galtzadak. Igo ahala, baina, leundu egingo da. Harrizko hesi, alanbre hesi eta lizar artean, Zortzikon bordako bi eraikinen artetik igaro eta ordeka belartsu batera iritsi zarete lehenik, eta azken malda gainditu ondoren Santa Krutz baselizak menperatzen duen muino zabalera (675m).
Hurrengo bidegurutze garrantzitsuan hiru kalbario gurutze topatuko dituzue ezkerrean, zuen kalbarioa, baina, hasi besterik ez da egin. Joandegiko bordaren ondotik gorantz abiatzen den bide nabarmenari heldu behar diozue, eta hurrengo bidebanatzean ezkerreko bide pikoari. Lizar sail oparoa duen Putzenborda agertuko zaizue aurrez aurre (780 m), ezkerrean, berriz, Gorriztaran auzoko ikusmira gero eta zabalagoa. Bide ez hain maldatsutik gora belardia inguratzen duen harrizko hesia inguratu eta Pagotxokoa izeneko parajera ailegatuko zarete, eraikin berri baten albora (850m). Langa gainditu, aurrera egin eta laster zarete Usategietatik goiko larreetara doan pista zabalean (915m).
Mendi hegietan basoa eta beheraxeago itxitura duten belardiak nagusi badira, goialdean larre zabalak gailentzen dira. Baina duela hamar bat urtetik hona badira gune hauek menperatzen dituzten hainbat elementu berri eta arrotz: haize errotak. Haranarekin nahikoa ez eta orain mendia gizatartzen ari dira. Gurutze, erpin geodesiko, buzoi, orientazio mahai eta antenaren bat edo beste izan dira oraindaino gure tontorretan aurkitu ditugunak. Haize errota erraldoi, pista zabal eta bestelako eraikuntzez josi dizkigute orain gainak.
Ez duzue pista jarraitu beharrik, bizkarrean gora egin eta larre finez estaliriko bailaran sartuko zarete. Erdiko gandor harritsutik haruntza doa haize errotak lotuz gainaldea alderik alde zeharkatzen duen pista, zuen bidearekiko paraleloan. Han dago, lehenengoaren oinean, mendiotako lehen tontorra, buzoia eta erpin geodesikoa ere, errotek txiripaz utzi dutena txikitu gabe (1.040m). Hara desbideratu ezean, lepo batera iritsiko zarete (1.005m), eta sakonune batzuk gaindituta Kornieta mendia zapaltzen duten errota multzora. Hiru hegaleko dorre itzelak bai, baina buzoirik ez duzue aurkituko. Horietako bostgarren erraldoia igarota dagoen mugarriak, aldiz, Leitzako udalerriaren amaiera eta Beruetekoaren hasiera adierazten du. Altuera apala eduki arren (1.075m), ikuspegi ederrez gozatzeko aukera eskaintzen du, edozein dela ere aukeratutako norabidea.
JAISTEKO BIDEA. Itzulera bide beretik egin nahi ezean, alanbre hesiari jarraituz, bide jakinik gabe, iparraldeko mazela belartsuan behera jaitsi behar duzue, harik eta basoarekin topo egin arte (985m). Orduan, ezkerra jo eta laster sumatuko duzue pagadiaren abaroan murgilduko den bide zabala, zehar-zehar, betiere beherantz egiten duena. Arestian aipatutako pista zeharkatuko duzue berandu baino lehen (905m). Zuek, aurrera segi. Aritzmotzeta borda berritua atzean utziko duzue gutxira, eta emeki-emeki altuera galduz, bide zahar jatorrak, Gorriztaran auzoko baserri eta borda sakabanatuen gaineko ikuspegi aparta emango dizue. Bideak egiten duen irtenune batean atseden hartu, jaso burua eta gozatu ikuskizunaz.
Basoa goian utzita paraje soilduetatik behera doa bidea. Bide garbitik behera, borda zahar baten hondakinak igaro eta harrizko itxitura baten ertzetik behera, Santa Krutz ermitatik datorren bide zabalago batekin egingo duzue bat (640m). Bide hori bera beherantz, eskuinerantz jarraitu eta eraikin berri baten ondoko bidegurutzera helduko zarete (610m). Norabidez aldatu eta ezkerrera hartu, bailaran behera porlanezko bide batera heltzeko (550m). Ezkerrera jo, porlana utzi eta bide zahar mehar batetik aurrera egin. Bide zaharrak, Plazaolako trenbidearen gainetik igaro, eta altuera mantenduz, zehar-zehar, herriguneko eliz ingurura eramango zaituzte (480m).
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEAK. Leitzako mendi menperatuak
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Nafarroa
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Leitza, Kornieta, Aritz, Santa Krutz ermita
- Distantzia: 10,1 km.
- Iraupena: 3 ordu eta 30 mn.
- Ingurunea: Leitza herriaren gain goratzen dira Kornieta eta Aritz, parke eolikoak zanpatuak dituen berberak.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu