Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEAK. Losako ler gorrietan barna

MENDIA. IBILBIDEAK. Losako ler gorrietan barna.
  • Herrialdea: Euskal Herritik kanpo
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: San Pantaleon de Losa, Rio de Losa, Toyo otsazuloa, Muniteriko lepoa, Peñalta, Camoro iturria, Lausa, Layera
  • Distantzia: 16,5 km.
  • Iraupena: 4 ordu eta 40 mn.
  • Ingurunea: Ibilbide luzea egokitu dute berriki Arabako mendebaldean, paisaia bereziak ezagutarazteko.
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2007ko urriaren 26a
00:00


Ibilbide luzea egokitudute berriki Arabako mendebaldean, paisaia bereziak ezagutarazteko
josean gil-garcia

San Pantaleon herriko Benta auzoan emango diogu hasiera Lausako zidorrari, hots, berriki egokitutako aparkalekuan. PR zidorrari jarraikiz, ezkerraldetik hartuko dugu Sociruelos haitzpera doan kalea; eliza goititzen den Tejera auzora doan porlan bidea. Elizaren aurrealdetik igaro eta berehala, errepide nagusira doan bidea bazterrean utzi eta ezkerrera egingo dugu gandorraren gaineko baseliza erromanikoa bistan dela. GR1 eta GR85 zidorrek bat egiten dute Lausa ibarra korritzen duen zidorrarekin. Jerea ibaia zeharkatu eta gero, ezkerrera egin eta mendebaldera joko dugu. Ur emariaren ondoan segituko dugu pitin batean. Ler gorri sendo batera iritsitakoan, GR bideak bazter eginda, eskuinera jo erkametzen eta pinu gorrien artean goratasuna hartzen hasteko. Rio de Losa herrirantz abiatuko gara Muyentes mendiko gandorra gain-gainean utziz. Ler gorriek inguratutako ordoki xume batera iritsita, hesi bat gurutzatu eta norabideari eutsita terraza baten gaindi ibiliko bagina bezala segituko dugu. Basabide nagusitik irten gabe jarraituko dugu Riora gerturatzean pista batekin topatu arte. Eskuinera egin eta belarrezko zidor bati ekingo diogu ondoren, eta, Riora doan bide zabalari lotuta, herrixkan sartuko gara.



OTSAZULOAREN BILA. Rioko Plaza Nagusian gaudela, Kale Nagusitik segituko dugu Jerea ibaiaren gaineko zubiraino. Ezkerrera egingo dugu errepidean, eta XVI. eta XVII. mendeetan oso ibilia izan zen Madril-Bilbo Errege Bidea hartuko dugu (porlan zati txiki bat ikusiko dugu errepide bazterrean). Paseo goxoa egin ostean, Magdalena auzora iritsiko gara. Villaluengako San Antonio baseliza bisitatzeko aukera emango digu Lausako zidorrak. Joan-etorria egin ostean, gorantz segituko dugu txaletak bidaide. Azken eraikinera iritsita, bi zutaberen artean igaro eta behe ibarrean gora ekingo dugu. Bidegurutze batera iristean, ibarra korritzen duen pistatik irten eta eskuinekoari ekingo diogu. Ezkerrera joko dugu goraxeago, eta, deskantsurik gabe, gandorreraino igoko gara. Toyo mendiko otsazuloa hurbil-hurbil dago jada. Aspaldiko tranpa horren bi hormek osatzen duten zuloa bidearen eskuinaldean dago, eta, egurrezko jarraibideei kasu eginez, laster izango gara haren ondoan. Zuloa ikusi ezean, ez da kezkatu behar, aurrerago bi hormen artean igarotzen baita pista nagusia. Zulo gunetik ezkerreko hormari jarraituko diogu ondoren, eta bide nagusira irtengo gara berriz. Pinudia ondoan, aurrera ekingo dugu. Bidegurutze batean, Peñalta tontorreko pistari muzin egin eta zehar-zehar jarraituko dugu. Gero, altitudeari euste aldera, bi aldiz egin beharko dugu eskuinera lau bideren elkargune batera iritsi aurretik. Bide sardan, eskuin-ezker egin barik, zuzen ekin eta magalak zeharkatzeari eutsiko diogu. Riora jaisten den pista zabalera iristean, norabideari tinko eutsi eta, paraje laua zeharkatuta, Arabako mugan zabaltzen den Etxaldeko langara iritsiko gara. Hesiaz bestaldean larregune zabalak bezain ikusgarriak utziko ditugu. Arabara igaro gabe, eskuinera egin eta alanbrearen konpainian jarraituko dugu Muniteriko leporaino. Peñalta (eskuinean) eta Layera (ezkerrean) mendiak banatzen direneko lekua da. Zein baino zein interesgarriagoa Gobiaran eta Lausa ibarren panoramikak zabaltzeko.



CAMORO ITURRIA. Muniteriko alanbrea zeharkatu eta eskuinera egin ondoren, Peñaltako malkarraren azpitik igaroko gara. Alanbre batek basabidea itxiko du aurrerago. Hura ere zeharkatu eta belarrezko basabide batetik beherantz abiatuko gara. Pista zabala xenda bilakatuko baita amen batean, PR zidorraren pintura arrastoak gertutik segitzeko gomendioa egiten dugu. Camoro iturrira iritsiko gara pinuen, arteen eta erkametzen artean paseo goxoa egin ostean. Horca mendatetik datorren GR1 zidor historikoa batu egingo da iturrian. Eskuinera eginda, San Pantaleon bidea hartuko dugu. Iturritik lau minutura edo, ordea, PR eta GR zidorrak banatzen direla ikusiko dugu. Ezkerrera egin eta behe ibarrera jaisteko unea da. Ibarrean gaindi hainbat minutu egin ondoren, langa bat zeharkatu eta Sociruelos haitzaren azpiko San Pantaleon herrirantz egingo dugu, Benta auzora zuzenduko gaituen nekazari bidetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.