Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEAK. Mendi aldetik itsasoari begira

MENDIA. IBILBIDEAK. Mendi aldetik itsasoari begira.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Bermeo, Katillotxu, Sollube, Garbola, Burgoa
  • Distantzia: 20 km.
  • Iraupena: 5 ordu.
  • Ingurunea: Bermeo inguratzen duten Katillotxu, Sollube, Garbola eta Burgoa mendiak lotuko ditugu ibilbide zirkularrean.
  • Estekak: Ibilbidea
2008ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Herri arrantzalea da Bermeo. Iritsi eta itsasoko kresalak egiten dio ongietorria bisitariari. Portuan arrantzara joandako ontzien arrastoak ikus daitezke, arrantzaren inguruan bizi izan den herriaren isla. Euskal Herriko kostaldearen berezitasunetako bat izaten da mendiaren eta itsasoaren arteko gertutasuna ere. Bermeo ez da salbuespena. Itsasoa ukitzen dute. Arrantzale zaharren eta mendizale berrien peskizan ibiliko gara.

Bermeoko Taraska plaza dugu abiapuntu, eta lehenengo urratsak Demiku auzorantz egingo ditugu, Kurtziotik pasa ondoren hara iristeko. Demikutik errepidez jarraituko dugu, eta malda tente eta pikoa gainditu ondoren utziko dugu asfaltoa eta zementuzko pista bat hartuko. Pistak zuzen-zuzenean eramango gaitu ur depositu eta iturri batera. Berehala datorkigu eguneko lehenengo igoera gogorrenetako bat; hauspoak bete, ur pixka bat edan eta aurrera, beraz. Katillotxu (354 m) dugu zain, Urdaibaiko talaia. Eguraldia lagun, tontorretik ikus daitekeena zoragarria: surflariak Mundakako ezkerreko olatuan dantzan, Izaro uhartea, Sollube, itsasoa eta mendia parez pare.

Belardi zabaletatik jaitsiko gara Katillotxuren azpialdean dauden baserrietara. Bideak ezkerretara jotzen du, eta bi hesi pasako ditugu. Baserriak atzean utzi, eta Bermeo eta Busturia lotzen dituen errepidearekin egingo dugu bat. Txalet berri xamar baten eskuinetara dagoen hesia zeharkatu eta behiak egoten diren belardi batera sartuko gara. Hesian Ez pasa seinalea irakurriko dugu; tentu handiz zeharkatuko dugu, beraz. Zelaian gora segiko dugu, hesiaren aldamenetik, betiere. Berehala gaude behiek bazkatzeko erabiltzen duten eremuan. Pinudi bat dago bertan, eta berau pasata errepidearekin bat egingo dugu ostera. Errepidea zeharkatu eta pinudian barna sartzen den pista hartuko dugu. Pista Pagoko Landan bukatzen da, eta bertatik dagoeneko ikusiko dugu Sollube berezi eta ezagun egiten duen antena. Belardian gora jarraitu, beste hesi bat gainditu eta hartxintxarrezko pista batera irtengo gara. Pistari jarraitu eta berehala hartuko dugu ezkerretara, beste pista bat hartzeko. Handik jarraituta iritsiko gara zuzenean Sollube mendiaren tontorrera. Bizkaiko mendi turutarietako bat da Sollube, Batzar Nagusietara deitzeko erabiltzen zuten mendia, alegia. Atsedenleku bat dago inguruan, eta atseden hartzeko eta indarberritzeko lekua izan daiteke. Antenaraino igoko gara eta handik ikurrin handi bat begiztatuko dugu; hara abiatuko gara.



SOLLUBETIK GARBOLARA. Bermeoko lurretan oraindik ere, Sollube mendatera zuzenduko ditugu gure urratsak. Gasaren bidetik -zutoin horiak- jarraituko dugu Mañu auzuneraino, eta handik Sollube mendatera doan azken zatia errepidez osatuko dugu. Mendatetik Garbolara doan zatiak ez du aparteko zailtasun eta misteriorik. Solluben dagoen jatetxearen atsedenlekutik abiatzen den pistak eramango gaitu tontorreraino, 20 minutu eskasean. Garbolatik Burgoarako zatia osatzeko modu bat baino gehiago dago. Gu hartxintxarrezko pista batera jaitsiko gara. Bide hori segiko dugu Burgoaren oinarrira iritsi arte, eta han beheraka doan pista hartu beharrean tontorrera doana segiko dugu. Harrizko azken zati tentea igotzea baino ez dugu faltako.

Burgoatik bidegurutzera jaitsiko gara, eta, orain bai, beherantz doan pista hartuko dugu, laster batean marka hori eta zuriak dituen beste batean barneratzeko, eskuinera. Pista horrek errepidera eramango gaitu, eta errepidez 100 metro inguru ibili ostean, ezkerretik doan pista zabalean sartuko gara. Ur depositu bat ikusiko dugu, eta handik behera asfaltoarekin bat egingo dugu. Jaitsi eta jaitsi iritsiko gara Bermeo eta Bakio lotzen dituen errepidera, eta handik azken urratsak egingo ditugu Bermeoko Taraskaraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.