MENDIA. IBILBIDEAK. MENDIA

IBILBIDEAK. Nabarnizko harresien bila. Ikazurieta auzotik abiatuta, Illuntzar mendi tontorreko harresi ikusgarriak izango ditugu jomuga

2006ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Inguruko herrietako ospearen itzalean bizi behar izan du urteetan Nabarniz elizateak. Egia esan, ez du erraza izan bere burua ezagutzera ematea; alde batetik, errepide nagusietatik aparte samar dagoelako (BI-3242 bihurria du besteekiko zilbor-heste bakarra) eta bestetik, jendearentzako itxi berri duten Kortezubiko Santimamiñe leizezulo edo Aulestiko Santa Eufemia zein Ereñoko San Migel ermitek bereganatu dutelako bisitarien arreta. Hala ere, erromatar garaiaren aurreko mendi tontorreko harresi ikusgarriez goza daiteke bertan: Illuntzar eta Marueleza. Gaurkoan lehenengora baino ez gara joango, 1864an F. Hormaetxek lehendabiziz aipatu zuenera. Urrunetik begiratuz gero, gerrako lubaki lerroa ematen du bai, baina aldamenean 15/17 metroko tartea duen harresi bikoitza dela konturatzen da mendizalea. 1992an marraztu zen lehen aldiz atal baten lan topografikoa, I. Pujanaren eskutik. Illuntzar ia tontor osoari buelta ematen dion horma honen barruan indusketa mugatuak egin arren, ez da oraindik aztarna handirik aurkitu. Harresia ez ezik, bada tontor aldean beste bitxikeria bat. Metro batzuk beherago Ineritze leizea irakur daiteke hesi ondoko egurrean, eta bertan dago 1975ean E. Martinez eta A. Alonso espeleologoek aztertu zuten leizea. Egun gorabeheratsua izan zuten, gainera: istriputxoren batzuk, ezin izan ziren hondoraino heldu 400 metrora materiala amaitu zitzaielako eta eguna biribiltzeko, arineketan irten behar izan zuten sekulako euri jasa bota zuelako. Gogor ekin zioten berriro hurrengo urtean 600 metrora helduko ziren hipotesiak animaturik, baina hasi eta berehala itsutu zitzaien zuloa, 454 metrora. Oztopoak oztopo, oso interesgarria izan zen aipaturiko espeleologoen aztertze lana, Bizkaiko Foru Aldundiko Kobie aldizkarian irakur daitekeen legez.

MARRA ZURI-HORIETATIK. Ikazurieta auzoko Artzube erretegiko aparkalekutik abiatuko gara, Ibarguen baserrirantz. PR-BI-174 zutoinean asfaltoa bazterreratuta (4´), eskuineko galtzada labainkorretik jarraituko dugu Kurtzeganako leporaino. Nahi izanez gero, Illuntzar aldera jo aurretik Galarregi mendia ere igo daiteke. Horretarako, marra zuri-horiak gerorako utzita Galarregi egurretik 25 bat metrora bidetik joan beharrean, ezkerreko pistari eutsiko diogu. Kabelinatxa azpiko lepoan (30´), bide zabala zeharkatu eta gero, pinuditik gora hasi bezain laster, eskuineko pistatik joango gara. Gaineko elorriak ikustean, bertara egingo dugu artez. 1997an jarritako Goi-zale Mendi Taldearen buzoi osteko pistatik jaitsiko gara, baita bide zabalarekin topo egitean ere. Kurtzeganara itzulitakoan, eskuineko Iluntzar seinaleari jaramonik egiteke, aurrera egingo dugu, marrak bidaide. Airo baserri jausi ondoko PR-BI-174 zutoinean, izen bereko pagadi ederretik gaineko pistara irtengo gara eta eskumako Motrollu aldameneko hesian utziko ditugu beherako marrak eta tontorrera abiatuko gara gainez gain larretik zehar, hots, Mandalesta eta Potrollokorta muinoetatik. Harresi osteko antena eta geodesiko nahiz buzoi erdi apurtuak salbu, ikuspegia itzela da; bai Urdaibai eta kostaldera, baita Durangaldera ere. Itzulera Iñeritze leize alboko pistatik egingo dugu. Ur-biltegi ondorengo bidegurutzean, berriro izango ditugu gidari marra zuri-horiak eta hurrengo hesira heldu aurreko pistak Kantera baserrira eramango gaitu eta asfaltoak Elexaldera, non Ereñorako errepidea hartuta, Ikazurietara helduko garen.

I_untzar mendijaren gomutan

Grafien berezitasuna ikusi orduko konturatuko zinen, irakurle, izenburua bitxi samar dagoela idatzita eta ez zabiltza oker, bat-batean 1920ra egin baitugu atzera. Garai hartan Imanol Enbeita bertsolariak Euzkadi egunkarian plazaratzen zituen bertsoak; Eusko elez izeneko zutabean, hain zuzen. 2638. zenbakiko bertsoen artean aurki dezakezu gaurko txangoan aipatuko dugun mendi nagusiaren deskripzio xumea. Hona hemen:

Iñoz-iñoz be ixan eztanak

I_untza_eko mendijen,

ezin jakin lei ze gozotasun

mendi batek euki leyen;

Nabarniz baño goratxuago

leku mamitsu alaijen.

Bakaldun bat lez beren aulkijen

obeto ikusi daijen,

dago I_untza_ lerden-lerdenik

tonto_ gustijen erdijen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.