Bastida Arabako Errioxan dago, Toloño mendiaren babesean. Ondare arkitektoniko aberatsa du, eta haren iraganeko bikaintasun ekonomikoa eta artistikoa bistan dira hainbatjauregitan, baita etxe armarridun ugaritan ere. Zalantzarik gabe, bisita lasaia merezi du Bastidako gune historikoak. Mendizaleek ere kulturatik eta arkitekturatik zurrut egitea gustuko dutelarik ere, jomuga goraxeago jarri izan dute kirol asea gogobetetzeko. Bestela esanda, Toloñoko santutegirantz edota izen bereko gailurrerantz bideratu izan dituztela pauso arinak. Baina Mendialdea eta Errioxa eskualdeak banantzen dituen Toloñoko tontor historikoa ezagutzen dutenek ere aukera polita izango dute orain hegoaldeko magalek gordetzen dituzten beste altxor batzuk deskubritzeko.
XVIII. MENDEKO UBIDEA. Ibilbidearen abiapuntua Bastidako plazan dago. Balkoi ederrak ditu udaletxeak; haren parean garela, igotzen hasiko gara, Jasokundeko Andre Mariaren elizaren ezker aldetik. Zumarraren kaletik, plazatxo bateraino igoko gara. Han eskuinera egin, Toloñoko Arkuaren azpitik igaro eta gora doan bideari ekingo diogu, eliza-gotorlekua xerkatzen hasiko bagina bezala. Elizaren ondoko atsedenlekuan sartuko gara eta, lehen zabura iritsi aurretik, harrizko eskailera batzuei jarraituko diegu, Gaztelu deritzan talaiaraino. Nahiz eta hantxe goian harri hondarrik apenas ikusiko dugun, bisitariak erraz ulertuko du behatoki horrek behiala izan zuen garrantzi estrategikoa.
Iparraldera doan bide zabala hartuko dugu tontorrean, eta hegiz hegi jarraituko dugu, Toloño mendiaren irudi ederra bidaide. Kalbario bidean gaude, baita eskulturez eta landaretza oparoaz jantzitako bide ederrean ere. Obra hidrauliko bat begietsiko dugu hor. Toloñoko iturrietako urak herriratzeko XIX. mendean eginiko lanaren ondorioa da. Gaur egun ez du funtzio praktikorik betetzen eta guztiz ahaztua dago, arketa batzuek eta hoditeria batek ordezkatzen baitute abantzu 150 urte dituen aspaldixkoko kanala. Bide sarda batera iristean, ezkerrera egingo dugu eta San Gines atsedenlekuan sartuko gara. Ermita ondoko aparkalekuan, ezkerrera joko dugu eta, errepide estuari men eginez, Bastida aldera egingo. Ez gara, ordea, Bastidaraino iritsi behar: eskuinetik ikusiko dugun hirugarren bidegurutzean bide nagusitik irten eta norabidez aldatu behar baitugu. Ernes izeneko txalet txipi batetik metro gutxira ikusiko dugu desbideratze hori. Mugako San Andreskomentura zihoan ubide ikusgarri bat ikusiko dugu hor, behe-ibarrera iritsi bezain pronto. Kalagorriko apezpikuak frantziskotarren ordenakoei izen bereko ermita bat emanda sortu zen komentua, 1447an.1835. urtera arte iraun zuen, Bastidatik kilometro batera. Tenplua handitzen joan zen apurka-apurka eta ospe handiko Teologia eta Arte eskola fundatu zuten laster. Uraren premia nabarmendu zenean, obra hidrauliko galanta eraikitzeari ekin zioten fraideek, eta Parrales iturriak (Fraideen iturria egun) jariaturiko emaria komentuko ortuko iturriraino ekarrarazi zuten. XVIII. mendearen lehen hamarkadetan egiten hasi omen ziren lan mardul hura. Lanaren handitasuna mirestekoa baldin bada gaur egunean, zer esanik ez orduantxe!
Ubide azpitik igaro eta aurrera egingo dugu, muino baten altzoan ikusiko dugun aterpe zuri baterantz. Hala, bide nagusitik irten gabe, muinoa inguratu, ezkerrera egin eta asfaltozko bide bateraino jarraituko dugu. Ezkerrera egingo dugu errepidetxoan. Behiak gobernatzeko etxalde bat atzean utzi eta berehala, 180 graduko biraketa egingo dugu eskuinera. Ibarrarekin bat egin arte jarraituko dugu, bide zabaletik. Errekastoa zeharkatu gabe, ordea, ibarrean behera hasiko gara, mahasti baten kantutik hasieran, almendrondo batzuen erditik ondoren. Zidor deseroso batetik ibili ostean, Osasun iturri ederrera iritsiko gara. Oinezkoentzako bide egokituari jarraituko diogu gero, eta errepide nagusira iritsiko gara jarraian (iturritik hurbil haitzulo artifizial txiki bat dago).
SAIGOBAKO HAITZULOAK. Saigoba edo Seigoba deritzoten bi haitzulo artifizial ezagutzera abiatuko gara orain. Historialariek diotenez, haitzulo horien jatorria jarduera erlijiosoarekin lotuta zegoen, eta kristautze prozesuaren lehenengo testigantzak izan daitezke. Errioxako haitzuloak txikiak baitira, begiak zorrotz ibili beharko dugu aho ilun txipiez ohartzeko.
Eskuinera joko dugu errepide nagusian. Bazterretik 200 bat metro egin ondoren, eskuinera hartuko dugu landa bide batera iristean. Ataka moduko bateraino segituko dugu. Eskuineko bidea hobetsiko dugu, Saigobako ibarrean gaindi jarraitzeko. Lehen haitzulo artifiziala landa bidetik gertu dago, eskuinaldean, zubi batetik igaro baino 100 bat metro lehenago. Bisita egin eta gero, pistatik jarraituko dugu eta, San Cristobal mendiaren behealdean gaudela, pistak ezkerrera joko duela ikusiko dugu. Bigarren haitzuloa erraz da ikusten dagoeneko. Izan ere, aurrez aurre izango dugu aho beltza; mahasti baten atzean dagoen harritzar baten oinaldean, hain zuzen ere.
Haitzulora joan-etorria egin ondoren, asfaltozko bidetik segituko dugu, hegoalderantz. Aldapa Txikita izeneko bihurgunean, behialako dolareak ikusteko parada izango dugu. Pista nagusiari jarraituta, hari elektrikoen azpitik igaro eta metro gutxira, lau bideko sarda batean garela, bide nagusitik irten eta ezkerrera joko dugu. Aurreragoko bidegurutze batean ibarretik doanari jarraituko diogu, hots, asfaltoarekin jantzita dagoenari. Ibilbidearen hasierako atakara heldu aurretik, etxola edo mahastietan erabilitako tresnak eta nekazariak berak babesteko harrizko eraikin konikoa ikusiko dugu, eskuinaldean eta mahastien artean. Bastidara itzultzeko, errepide nagusira atera eta asfalto bazterretik egingo dugu.
MENDIA. IBILBIDEAK. MENDIA
IBILBIDEAK. Toloñoko ondarea. Iturri monumentalak, ubide zaharrak, haitzulo artifizialak, dolareak... Ondare aberatsa du Bastida inguruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu