MENDIA. IBILBIDEAK. MENDIA

IBILBIDEAK. Ikazkinen sareetatik. Orbaizetako arma lantegia abiapuntu hartuta, bide ezohiko batetik igoko gara Ortzanzurieta mendira

ASIER AGIRRESAROBE- MUSKILDA TELLABIDE
2006ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Goialdean bizkar zabal belartsuak baditu ere, pagadi apartak gordetzen ditu Orreaga eta Irati artean dagoen Ortzanzurietak. Arma fabrikatik abiatuta, ikazkinek erabiltzen zituzten bide sareaz baliatu gara gailurra bide ezohiko batetik igotzeko. Ibañeta mendatetik abiatu eta Leopoederretik barrena doana da bide erabiliena. 60ko hamarkadan, bide asfaltatu mehar bat zabaldu zuten gailurrean paratutako telebista errepikagailura iristeko. Egun, zorionez, antenarik ez dago. Orbaizetako ola dagoen auzotik abiatu, eta bide eder eta bakarti batetik, mendizalearen orientazio sena proban jarriko ditugu.

Etxaldeko plazatik (820 m) Orbaizeta herrirako errepidea hartu dugu, berehala Legartza erreka gurutzatu eta olaren hondarren atzealdetik doan bidetik jarraitzeko asmoz. Ganadu eraikuntza atzean utzi, eta Itolatz sakanean gora doan pista hartu beharrean, zutoin adierazlearen parean abiatzen den zidorretik jo dugu, SL NA 59 ibilbideko marka berde-zuriak lagun. Gora bidean soilgunetik pagadiko hostailaren gerizpera igaro, eta laster iritsi gara Arlekiako gotorrera daraman bidegurutzera. Ezkerrera hartuz, pagadiak ezpeldoiari leku egin, eta Alargainetik datorren gandor luzearen muino batean dagoen harrizko gotorleku batera heldu gara (1.005 m). Hondakinak izan arren, artean antzeman daitezke ola defendatzeko asmoz eraikin gotorra osatzen zuten hainbat horma eta lubaki. Larraun auzoaren eta Mendilatz eta Berrendiko basoen ikuspegi ederra eskaintzen du begiraleku honek.

Arestiko bidegurutzera itzuli, eta mazela erdian gorantz doan bidezidor garbitik jarraitu dugu, eta Arlagain harritsuaren parean, gainaldera irten gara (1.040 m). Pagadien itzaletik gandorraren hego hegiko belaze batzuetara irten, eta, horiek inguratuz, pista baten amaierara heldu gara. Ezkerretik abiatzen den bidetik jarraitu dugu, aurrerantzean ere marka berde-zuriak gidari. Pinu gorri eta alertze artean, malda behera leunean, bidegurutze batera iritsi gara. Ezkerrera egin dugu han erreka-zoko bat inguratuz, eta Latxagako ordokietatik datorren bidearekin bat egin dugu. Ehiztari aterpe berde kamuflatu bat eskuinean utzi, eta malda behera leunean pista-gurutze batera heldu gara. Nabala lepoa da (1.030 m). Hiru pista elkartzen dira hor, Orbaizetako olatik Itolatz sakanean barrena datorrena, Aztapar sakanean behera Orbarara jaisten dena eta Orreagara doana.

Pista zeharkatu, eta Otsolezea gandorraren hego hegian gora abiatzen dena hartu dugu. Laua hasieran, eskuinera irteten den baso-pista utzi, eta bide zahar malkartsu batetik, zuzen-zuzen gora igotzeari ekin diogu. Bihurgunea eman, soilgunetik pagadian barneratu, eta bide garbirik gabe, zuzenean gora gandorrera irten gara. Gandor zabalean gora punturik garaiena hartu eta Ortzanzurietarekin lotzen duen lepora jaitsi gara, elur laprasta zahar batzuk saihestuz, eta txilar, ote eta goi larrez jantziriko bizkar luzean gora dugu tontorra(1.567 m). Ikuspegiak apartak dira: Euskal Herriko gailur garrantzitsuenetatik, Adi, Autza, Aizkorri, Aralar... Pirinioetako lehen gailurretara. Ebroko sakonunetik Aturriren iparrera.

Itzulera, Txangoa eta Itolatz erreken arteko bizkar luzean behera egin dugu. Ote eta txilar artean, soilgunetik lehenik, harritza guneetatik ondoren eta pagadipeko orbela artean azkenik. Tentuz, Murukoa deitu tontorra baino lehen zabaltzen den lepora jaitsi gara (1.180 m). Eskuinera egin, eta zidor lauso batzuetatik behera, hainbat txondor plaza igaro ondoren harrobi zahar bateraino doan pistan bukatu dugu. Olarainoko azken urratsak Itolazko erreka ondoko pistatik egin ditugu.

Orbaizetakoarma lantegia

Iratiko basoaren mendebaldean, Mendilatz mendiaren oinean dago Orbaizetako ola, izen bereko Aezkoako herritik gora, Azpegiko lepotik barrena Nafarroa Behereko bidean. Naturak eskainitako lehengaiei esker -Iratiko oihaneko egurra, jada erromatarrek ezagun zituzten Txangoako meatzeak eta Legartza errekaren ura-, XIX. mendearen hasieran Borboi erregeen armada armaz hornitu zituen ospe handiko lantegia izan zen Orbaizetakoa. 1784an sortu zuten, Erdi Aroko beste burdinola baten gainean, eta historia korapilatsua izan du, Karlos III.aren erregealdian sute, hondamendi eta arpilatze ugari jasateaz gain indarrez maiz hartu baitzuten. Karlistaldien ondoren eta Asturiasko Trubiako lantegiaren aldean errentagarritasun eskasa eskaitzen zuela eta, 1884an itxi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.