Mijala eta Llorengoz herrietara doan errepide estua hartuko dugu Villalba de Losa herri inguruan. Mijalako San Pedro elizaren parean garela, intxaurrondo batzuk hazten diren lekuan utziko dugu autoa. Bertan abiatzen den errepidetxoa lagun, ibili-ibilian hasiko gara iparrerantz. Santiago Monumentu Naturaleko esparru naturalean diseinatutako ibilbideetako bat baita hauxe, marka zuri-horiak lagungarriak izango ditugu. Porlanari tartea utziko dio errepideak aurrerago, eta, sigi-saga eginez, herria inguratzen duen azken etxeraino iritsiko gara. Etxetzar horren aurretik igaro eta goratasuna hartzen segituko dugu, bideko harri xabalak bidaide. Panoramika ederra izango dugu, bi muino deigarrik baldintzatzen baitituzte Mijala herriaren kokapena eta paisaia.
PERILDETIK ATEZABAL ATAKARA. Etxalde baten ertzetik igaro, eta, hasierako norabideari men eginda, Txarlazo mendi gaineko monumenturantz bideratuko ditugu gure pausoak, eskuin-ezker egin gabe. Harri xabalek larreei utziko diete tartea laster. Desnibel gutxiko paraje berde-berdean gaude orain, hots, elorri zuriek menderatzen duten eremu lauan. Punturik gorenera iritsita, adi ibili behar dugu bide zuzenari eusteko; izan ere, bide sarda baten aurrean gaude, eta zidorrak banantzen dira. Txarlazorantz doan igarobide zuzena bezain zabala ikusten badugu ere, bide nagusitik irtengo gara, eta, 90&fraq14; ezkerrera eginez, Perilde deritzan haitzulo naturala ikusteko parada izango dugu. Sakonune karstikoan baitago, ibiltariaren sena behar-beharrezkoa da kokapenarekin bete-betean asmatzeko.
Haitzulotik irten eta bide nagusiari eutsita berriz, iparrera egiteari ekingo diogu, Txolope eta Solaiera mendietako hegoaldeko bazterrak buruz buru ditugula. Lau bideren elkargunera iritsiko gara berehalakoan. Aurrera egingo dugu han, muino baten gainean diren bi argindar haberen erreferentzia hartuta. Zehar-zehar eramango gaitu pista nagusiak, ibar xume bat eskuinaldean uzten ari garen bitartean. Landaretza oparoan gaindi ibiliko gara, gorostiak, elorri zuriak eta beltzak, txilarrak eta ipar ipuruak, besteak beste, nagusi direla. Pagadiraino lagunduko digu bideak. Eskuineranzko bira xumea egingo dugu hara iritsitakoan, eta ibarra burutik buru zeharkatuko. Gero ezkerrera egingo baitu bideak, goratasuna hartuko dugu, pagadian gaindi ipar-ekialdeko norabideari eutsita eta harri karstikoak lurrazalean direla. Ezkerraldetik xenda bat batzeko unean, eskuinera egingo dugu, eta, Burgosko probintziari dagozkion PR zidorraren markei segituta, Atezabal atakara iritsiko gara. Arrastaria ibarra bistan izango dugu, baita ehunka metroko desnibel ikaragarria ere.
POZALAGUA ETA DORADA HAITZULOA. Eskuinera egingo dugu Atezabalen, eta amildegiaren konpainian segituko dugu, Solaierako mendi tontorreraino. Urduñako hiria bete-betean harrapatuko du gure so jostalariak. Txolope gailurrera iritsiko gara ondoren, paseo goxoaren eta ederraren ostean. Txarlazo mendia okupatzen duten monumentu eta hedagailuak gertu-gertu ditugula dagoeneko, ziztu bizian iritsiko gara hara, jaitsiera xumea egin ostean, alegia.
Gailurreraino igotzen den pistatik jaisten hasiko gara, Fraileburu harrizko monolitoa deskubritzeko asmoz. Txarlazotik hamabosten bat minutura ikusiko dugu. Erreferentzia gisa, pista ondoko bi argindar habe har ditzakegu. Izan ere, bertara iritsita, monumentu naturala gandorretik hurbil ikusiko dugu. Eskuinera eginda argindar habeetan, haatik, Mijalara itzulera egingo dugu.
Fraileburu monolitoaz dezente gozatuta, larreetan gaindi segituko dugu, mendebalderantz. Hola, bidegurutze batera iritsiko gara, pistatik hamar minutura. Bide nagusiak eskuinera egingo baitu han, zuzen-zuzen joko dugu. Pozalagua ur putzu zabalaren ezkerretik igaroko gara ondoren, eta hego-mendebalera egingo. Edanleku bat atzean utzi eta berehala, Dorada haitzuloaren aldamenetik igaroko gara. Perilde baino askoz txikiagoa baita, ahalegin handiagoa exijituko digu horrek, benetan deskubrituko badugu. Bide nagusiaren ezkerraldean dago, hala ere. Joaneko bidearekin bat eginda, Mijalara iritsiko gara zuzenean.
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEAK. Perilde, Gorobelgo uren hurrupatzailea
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Araba
- Zailtasuna: Erraza
- Tontor eta leku izenak: Perilde, Mijala, Atezabal, Txarlazo, Fraileburu, Pozalagua, Dorada haitzuloa, Gorobel
- Distantzia: 12 km.
- Iraupena: 3 ordu.
- Ingurunea: Gorobel mendilerroan gaindi ibiliko gara, lurrazaleko uren gordelekua deskubritzeko asmoz.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu