Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEAK. Uxerria, Intako gordelekuan

MENDIA. IBILBIDEAK. Uxerria, Intako gordelekuan.
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Santikurutze Kanpezu, Ibernalo, Dormida iturria, Kodes, Inta, Uxerria
  • Distantzia: 8,5 km.
  • Iraupena: 2 ordu.
  • Ingurunea: Nafarroako mugatik hurbil, Ega ibaiaren altzoan, Uxerriko naturgunea dago, hegaztien pausalekua eta bake eremua.
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2007ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Dormida edo Uxerria deritzan parajea Cogolla, Costalera eta Inta mendiguneek sortzen duten paradisu naturalean dago. Santikurutze Kanpezutik hurbil-hurbil dagoen arren, natur parke horretako ateak ireki berri zaizkie senderismoa gustuko duten zaleei; izan ere, hainbat zidor egokitu dira natur balioak ezagutarazteko.

Santikurutze Kanpezuko institutu ondoan abiatuko dugu Uxerrira bidea. Abiapuntua erraz topatuko dugu; Donebikendi Harana, Oteo eta Kontrastara doazen errepideen banatzean. Institutua eta Inta Bidea adierazten duen egurrezko zutoin bat ezkerrean utzita (itzulera handik egingo dugu) herrigunerantz zuzenduko gara. Ikastolaren parez pare garela, Ibernalo baselizara doan errepide estua hartuko dugu, eta Cogolla muinoko magalean altxaturik dagoen tradizio handiko tenplurantz abiatuko gara. Baselizara heldu baino ehunka metro batzuk lehenago, izen bera duen atsedenlekura iritsiko gara. Parkea inguratzen duen errepidearen bihurgunean asfaltoa utzi eta, eskuinera eginez, artadi ederrean paseotxo goxoa egingo dugu.

Artaditik irten bezain pronto, ordea, Ama Birjina sakana korritzen duen bide zabalarekin bat egingo dugu. Hainbat ibilbideren berri ematen duen egurrezko zutoin bat ikusiko dugu han. Costalera bidea alde batera utzita, ezkerretik abiatzen den basabideari ekingo diogu orain. PR A-64 Uxerri Bidearekin bat egin baitugu erraza egingo zaigu aurrera egitea, hots, Miraleku izeneko talaiarantz joatea. Arazo bakarra, akaso, PR A-72 Ioar Bideko markak gurutzatzean izango dugu. Edozelan ere, bide printzipalari heldu behar diogu, eta desbideratzeei muzin egin. Minutu batzuk zehar-zehar ibili ostean, plazatxo baten itxuradun bide sarda batera iritsiko gara: Miralekuan gaude jada, eta Uxerri paradisuaren talaia pribilegiatutik gertu-gertu.

Bide zabala bertan amaitzen bada ere, Kodes mendilerroko gailurretara (Costalera, Laplana, Lallana, Joar... ) doan ohiko bidexka hemen abiatzen da, baita Uxerriko paradisura doana ere. Eskuinera eta gora jotzen duen bidea alde batera utzita (gailurretara doana, alegia), beste bi bidexka ikusiko ditugu. Miralekuko talaia deskubrituko badugu, artadian barneratzen den xendari jarraitu beharko diogu. Harrizko gandor xume batetik ibiliko gara, altituderik galdu gabe. Bi minuturen buruan, edertasun handiko itsaslabar baten gain-gainean izango gara. Uraren ordez, jakina, pagoek, arteek eta erkametzek sorturiko zuhaitz masa trinkoa izango dugu aurrez aurre. Gizakiaren txikizioa gogora ekar dezakeenik eza, bestela esanda.



DORMIDA ITURRIA. Miralekutik plazatxora bueltatu ondoren, ezkerrera egin eta paradisuan barrena abiatzen den xenda oratuko dugu. Adi ibiliko gara, haatik, jaisten hasi eta berehala; izan ere, bide balizatuak zehar-zehar segituko du eta Dormida ibarrean barna jarraitzen duenak ezkerretik eta beherantz egingo du ezpelak, pagoak, erkametzak eta arteak gogaide.

Tenperatura hotza gorde ohi duen Dormida iturrira iritsiko gara berehalakoan, ibar nagusiarekin bat egindakoan, hain justu. Ezkerrera egingo dugu han eta beherantz jarraituko dugu pittin batean, harik eta hiru metroko haitz baten aurrean izan arte. Bidexkak bananduko dira hantxe: haitzaren eskuinetik doana hobetsiko dugu Inta haizpera eta Ega ibaiaren ertzera hurbiltzeko. Pista bat zeharkatuko dugu gero, eta Uxerriko xendari jarraituko. Hala, Inta haitzuloa bera goiko malkarraren babesean lagata, Ega ibaiaren ertzera iritsiko gara. Bide nagusiak ezkerrera -mendebaldera- egingo du hor. Ur-emaria bidaide, Lejido deritzen arrantza egiteko laku artifizialen ondotik igaro eta, institutura iritsita, amaiera emango diogu ibilbideari autoa utzi dugun lekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.