Mendiko bizikleta

Oiz, Bizkaiko behatokia

Ur eta haize erroten artean, deiadar mendiari bira ematen zaio ibilbide honetan.

p025 f01 (3)
p025 i01 (6)
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Berriz, Garai, Magumako ataria, San Kristobal, Oiz, San Kristobal Txiki, Sarrimendi, Gaztelu.
  • Distantzia: 39,6 m.
  • Iraupena: 4 ordu, 30 mn.
  • Ingurunea: Ur eta haize erroten artean, deiadar mendiari bira ematen zaio ibilbide honetan.
  • Estekak: Ibilbidea
Ivan Ruiz.
2023ko otsailaren 21a
09:00

Bada Durangaldean bere goraguneagatik edozein txirrindulariren arreta ematen duen mendi bat. Mila metro inguruko desnibela gure aurrean, eta haize errotez jositako mendilerroa: Oiz da bera. Mari jainkosaren etxeetako bat dela diote kondaira zaharrek, eta Gorbeia, Kolitza, Ganekogorta eta Solluberekin batera, deiadar mendietako bat zen XIX. mendean, Bizkaiko Batzar Nagusietara joateko dei egiteko erabiltzen ziren gailurrak. Baina horiek ez dira mendi honek gordetzen dituen sekretu bakarrak. Goza dezagun istorioz betetako itzuli honetaz, bi gurpileko zaldiaren gainean.

Berriz-Olakuetan du hasiera gure ibilbideak (165 metro). Udaletxe ondoan iparrerantz doan errepideari jarraituz, biribilgunera iritsi, eta bigarren irteera hartuko dugu (PR-BI 71). Basagutxin, ezkerrera Bilbatuara daraman pista hartuko dugu, bertan eskumara biratu eta Arrierreka alboan dugula aurrera egingo dugu. Errota zaharrez josita dago sakan hau: lehena Errotetakoa, Bizkaiko lehen paper lantegia izan zena (XVIII. mendea); ondoren, Bolunzar, Errotabarri, Errotatxu eta azkenik Patala, martxan jarraitzen duen zentral hidroelektriko bakarra.

Pista honek Garaira garamatza. Han, Lasiar atsedenlekuaren seinaleei jarraituko diegu, eukalipto basoan gora eginez lehenengo, eta pagadi eder bat zeharkatuz ondoren. Aterpera iritsitakoan, ezkerrean jaiotzen den bidea hartuko dugu, Ametzorbe mendiaren hego magala zeharkatuz Maumeko atarira daramana (GR-38 Ardoa eta Arrainaren ibilbidea). Han, XIV-XVI. mendeen artean erabili zen galtzadaren aztarnak topatuko ditugu.

Oleako burdinola baztertuta, Maumera igo, eta errepidea jarraituko dugu kilometro eskas ondoren bihurgune batera iritsi arte. Gure eskuinean Artazelaiko lepora (448 m) igoko gaituen bidea izango dugu. Bertan, eskuinera jo eta Goroño, Pokopandegiburu eta Torrenkantera mendien hego hegalak zeharkatuko ditugu, Astakurutzeko lepora iristeko (595 metro).

Hego-ekialdera jarraituko du gure ibilbideak, haize erroten pistarekin bat egin arte. Pistaz baliatuko gara San Kristobal baselizara igo, eta gailurrera daraman azken aldapari aurre egiteko. Goian (1.026 metro), postontzia eta Urdaibai zein Durangaldearen bistarik onenak.

Jaitsiera errota lerroa hego-ekialdera jarraituz hasiko dugu. Eraikin pare bat atzean utzi, eta 400 metro geroago, eskuinean dagoen xendra hartuko dugu, mendiaren hego magala zeharkatzen duena. Parke eolikoaren pistarekin bat egiten dugunean, aldapa behera jarraituko dugu, Askako mendiaren ekialdean dagoen lepora iritsi arte (601 metro). Han, hegoalderantz behera egiten duen porlanezko pista hartuko dugu, kilometro bat geroago, ezkerrera pinudian sartzen den xendra jarraitzeko. Bide honek Sarrimendiren iparrean dagoen lepora iristen lagunduko gaitu; handik erraza izango da San Kristobal Txiki baselizara iristea, pista jarraitzea besterik ez dugu egin behar.

Santutegia atzean utzi, eta Gaztelu mendia ipar hegaletik inguratzen duen xendra teknikotik jaitsiko gara. Besoitan, errepidean behera egingo dugu, BI-633arekin bat egiteko. San Lorentzo baselizan gaudela, bide paraleloa hartuko dugu, geroago BI-633a azpitik zeharkatu, eta Berrizera itzultzeko. Ondoren, ezkerrera biratuz, PR bidearen margoek Oka ibaiaren xendra gidatuko gaituzte. Errekaren parean pedalka eginez, hilerrira iritsi eta Mikeldi ibilbideari jarraituko diogu azkenik gure abiapuntura itzultzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.