360º

Orhi, gure lehen bi milakoa

2023ko uztailaren 5a
00:00

Inguruko mendien artean ere garaiena da Orhi. Beraz, gailurretik edozein aldetara begiratuta, sekulako ikuspegia duen mendi baten aurrean gaude. Tontorrera iristeko hainbat bide daude, baina ohikoena Larraineko mendatetik abiatzen dena da, zailtasun gutxikoa eta laburrena.

Mendatetik abiatuta, bi bide nagusi daude: ertzekoa eta ipar-mendebaldekoa. Gure txangoan, ertzeko bidetik joan gara, eta itzulia beste bidetik egin dugu, kamerak bi bideak grabatu zitzan, eta ibilbide birtualean bata zein bestea ikus dezazuen.

Berezko argudio nahiko badira ere hara gerturatzeko, txangoak eremu magiko bat du agertoki. Betidanik kondairek xarma berezia eman izan ohi diote Euskal Herriko zenbait gune, mendi eta basori. Bereziki Orhipean.

Mariren egoitzetako bat omen da Orhi, eta Basajaun eta Basandere ere bertan bizi omen dira, haitzulo batean. Baina zenbat eta beherago joan eta baso eta herrietara gerturatu, orduan eta izaki mitologiko gehiagoren izenak agertzen dira liburuetan, bai mugaren alde batean zein bestean.

Beraz, goizpasa eder bat egin nahian bazaudete, irakur itzazue inguruko kondairak, eta bidean zein tontorrean ume eta gaztetxoei kontatu. Esan ohi da izena duen guzia badela, nahiz eta guk bidean izaki mitologikorik ez dugun ikusi. Hala ere, batek daki Orhiko bideek oraindik zer sekretu gordetzen dituzten...

Larraine-Orhitxipia

Zuberoa eta Nafarroa Garaia banatzen dituen Larraineko lepoan ezarritako mugaren ondoko aparkalekuan dugu gaurko eguneko abiapuntua. Errepidearen iparrean dagoen lautadatik abiatuta, ipar-mendebalderantz joko dugu, Orhitxipiaren aurreko muinoaren ezkerralderantz doan ageriko mendi bidetik.

Gandorreko bideari jarraituko diogu, honen ertza eta hesiaren artean muinoaren oinera iritsi arte. Bideak ezkerraldetik inguratzen du gaina, iparrerantz hegalean gora bira luze bat eginez.

Norabidea mantenduko dugu Orhitxipiaren aurreko lepotxoaren aurrean, mendi bideak eta orain arte ezkerraldean izan dugun hesiak bat egiten duten arte. Ataka igaro eta mazelan gora jarraituko dugu aurrean dugun harkaitz zerrendaren azpian kokatuz. Zerrenda gainditu ahal izateko, hormaren etenune batean dagoen arrapala baliatuko dugu. Aparteko zailtasunik gabe gaindituko dugu maila hori. Eskuin aldean bada kable bidezko eskudel bat harkaitz-plakaren gaineko pasabidea babesteko, bereziki baliagarria lurra bustita bada edota izotzak hartuta.

Orhitxipiaren gailurra eskuin aldean utzita, honen eta Orhi mendiaren arteko lepotxorantz jarraituko dugu, hegala erabat moztuz. Bidebanatzean, goitik doan bidea hartuko dugu, Orhi mendiaren igoera ertzeko bidetik eginen dugu eta. Metro gutxiren buruan, lepotxora iritsi aurretik, beste bidebanatze batekin egiten dugu topo.

Orhitxipia-Orhi

Bidebanatze honek Orhi mendira doazen bi bideak ere lotzen ditu. Eskuin aldetik joanez gero, ertzeko bidetik joateko aukera dugu. Ezkerraldetik, berriz, ipar-mendebaldeko hegalari jarraitzen dio bideak.

Ertzeko bidea

Eskuin aldeko bideari jarraituz, iparrera bira txiki bat egingo dugu, eta Orhi eta Orhitxipiaren arteko lepotxora iritsiko gara. Ertzetik metro gutxi batzuk egin, eta azkeneko aldaparen oinera gerturatuko gara. Bideak ertzetik metro batzuetara gora egiten du, alde batetik bestera malda gogorretik. Aldapa handia den arren, lurra lehor dagoela zolek ederki eusten diote, eta laster batean ertzaren goialdera iritsiko gara. Hemendik gailurrerako bidea lasai eta eroso egingo dugu, inguruan dugun ikuspegiaz gozatuz.

Ipar-mendebaldeko bidea

Bidebanatzean ezkerraldetik jarraituz, bideak diagonal luze bat egiten du IM norabidean, eta bizkarraren gainean dagoen lepo txiki batera iristen da. Lepoan isurialdea aldatu, eta IE norabidean gora jarraitu behar da, gogorra den arren, ertzeko bidea baino malda lasaiago batetik. Hegala mozten duen diagonal luzea ia gailurreraino iristen da, eta, pare bat bihurgunetan sigi-saga egin ostean, tontorreraino garamatza.

Gailurreko ikuspegia

Orhi mendiak duen ikuspegia paregabea da. Mendikatearen lehenengo bi milakoa izateaz gaiz, inguruko mendien artean garaiena dugunez, berezko talaia baten aurrean gaudela esan genezake.

Eguna garbi dagoenean, ekialderantz Aragoi eta Frantziako Pirinioetako gertuko mendiak ikus daitezke, Nafarroako gailurrik gorenekin batera.

Hegoalderantz urrunean, Moncayo ikus daiteke, eta, mendebalderantz begiak zuzendu ahala, San Lorenzo, Palomares, Berian, Gorbeia, Hautza, Larhun eta, noski, Bizkaiko Golkoa.

Iparrerantz jarraituz, nola ez, Iparraldeko mendi eta haranetatik hasita, Frantziako lautada zabalek zeruertzarekin bat egiten duten arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.