Mendiko bizikleta

Otzaurteko bira

Aizkorri-Aratz parke naturalaren handitasuna miresteko ibilbide lasai bat da hau. Haren sarrera nagusietako batetik abiatuko gara.

p019 f01
p019 i01 (1)
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Otzaurte, Beunda, San Adriango bidea, Aizkorri-Aratz, Urdalur urtegia, Ultzama.
  • Distantzia: 32,8 km.
  • Iraupena: 2 ordu eta 40 mn.
  • Ingurunea: Aizkorri-Aratz parke naturalaren handitasuna miresteko ibilbide lasai bat da hau. Haren sarrera nagusietako batetik abiatuko gara.
  • Estekak: Ibilbidea
Ivan Ruiz.
2023ko otsailaren 21a
08:00

Gipuzkoa eta Araba arteko mugaren inguruak biltzen ditu Aizkorri-Aratz parke naturalak. Euskal Autonomia Erkidegoko gailurrik altuenak daude bertan, baita gure lurraldeko toki ezagunenetako asko ere: San Adrian, Urbia, Aratz eta Aizkorri mendiak... Parke horren sarrera garrantzitsuenetako bat Otzaurte dela esan genezake, asteburuero ehunka mendizale biltzen dituen tokia, eta gure ibilbidearen abiapuntua. Parkean, Altzaniako mendiak daude, eta horiek inguratuko ditu ibilbide honetan, pagadi ederrak zeharkatuz pista lasaietan pedalka eginez.

Aisialekuaren aurrean aurkituko dugu aparkatzeko tokia (675 metro), Otzaurteko Andre Mariaren baselizaren ondoan. Handik, hego-mendebalderantz gora egiten duen pistatik jarraituko dugu. Aldapa ez da makala, baina pagadiaren edertasunak sufrimendu guztiak ahatzaraziko dizkigu Beundarako bidean. Lepora iritsitakoan (832 metro), harritzar batek emango digu ongi etorria, Altzaniako mendirik altuenen panoramika eder batekin batera.

Ezkerrera biratuz, aterpea alde batera lagako dugu, eta, bide zabalean aurrera eginez, Unamendi inguratuko dugu, Ultzamako lepora iristeko. Hemen, Txurruko Punta gailur biluzi eta polita miretsi ahal izango dugu aurrean, Urdalur urtegiaren zaindaria. Baina gure ibilbideak, mendi horretara igo beharrean, inguratu egiten du, erlojuen orratzen norantzan.

Laster, Garagartzako haitz deigarriak agertuko dira gure aurrean; Zabalaitz eta Naparaitz haien artean, mendian lasai ordu luzeak emateko toki aproposa. Urdalur gure gurpilen azpian 200 metro beherago dugula, mendiari bira ematen jarraituko dugu, Ultzamako lepora bueltatzeko. Behin Beundan gaudela, pistatik zuzen jarraitu, eta Añabaso mendiaren hego hegalean zehar bizkor egingo dugu aurrera, Aranarri erreka bidelagun dugula. San Adriango ermita famatuaren inguruan jaiotzen da, eta haren urek Urdalurko urtegia beteko dute geroago.

Momentu oro pista nagusiari jarraituz, bideak ez du galbiderik. Hala, aldapa gogortuz joango da San Adriandik hurbilen dagoen bihurgune itxira iristerakoan. Ia 180 gradu biratuko ditu hemen bideak, hego-ekialderako norantza hartuta, pago berde altuen artean metroak irabazten joango garen bitartean. Orain, Altzaniako gailur garrantzitsuenak alde batera uzten joango gara pixkanaka; lehenengo, Elur zuloak; gero, Aratz, Imeleku, Allaitz, Allaitz Txiki; eta, azkenik, Umandia. Mendi horretatik iparralderantz luzatzen den kordan gaudela (952 metro), ezkerrean Iramendira doan bidea alderatu, eta bide nagusitik jarraituko dugu, eskuinera biratzen dena eguneko jaitsiera luzeena hasten den momentuan.

Pistak sakanean behera egiten du, Urdalur urtegiaren buztanera iritsi arte. Han, beste pistara batuko gara, eta presarako bidea hartuko dugu. Leku berezi horretan argazkiren bat egin eta gero, pistan behera egin, eta, Altzania ibaia alde batean dugula, aurrera egingo dugu. Pista ipar-mendebaldera biratzen joango da, NA-1001 errepidearekin bat egiteko.

Azkeneko kilometroak asfaltoan lasai pedalka emango ditugu, irribarre luze bat belarritik belarrira. Hurbil dago Otzaurte, eta hurbil gure helmuga, baina lan garrantzitsuena egina dugu jada: bideaz gozatzea, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.