Ibilkari

Raneroren inguruan

Ibilbide honek aukera emango digu Pozalaguako haitzuloak, Carlista mendia eta Armañongo natur parkeko harrera etxea bisitatzeko, zortzi kilometro eta erdiko bidea eginda.

Raneroren inguruan.
Josean Gil-Garcia.
2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Raneroko kareharrizko mendiguneko bira Armañongo natur parkeko parketxearen aurrean (Ranero, Bizkaia) hasiko dugu. Han dira Pozalaguako haitzuloak. Haitzuloen barrunbeetako altxorra aurkitu zenetik, milaka pertsonak interesa eta miresmena erakutsi dute, batik bat barrunbeko estalaktita eszentriko finak ikustean.

Aparkalekura iristean, ezkerraldean dagoen behatokira joko dugu lehenik, talaia ezin hobea baita Ordunte mendiguneko Kontserbazio Bereziko Eremua bete-betean ikusteko, eta baita Karrantzako ibarraz bapo gozatzeko ere. Behatokitik aparkalekura ekin, eta ezkerrera joko dugu. Armañongo Parke Naturaleko informazioa daukan argibide taularen eretzetik igaro, eta tipi-tapa hasiko gara. Oraingoz, La Zoja behatokira doan bidexkari jarraituko dugu. Sigi-saga beherantz, alde batera utziko dugu laster behatokira doan zidorra. Haren ordez, GR 123 zidorra izango dugu gidari, nahiz eta batzuetan zaila egingo zaigun pintura arrastoei segitzea.

Parketxeko talaiaren azpiko trenbidearen arrastora heldu baino lehen, eskuinera jo, eta belarrez jantziriko muinotik joango gara. Bidexka bitan bananduko da arin baino arinago. Orduan, ezkerrera ekin, eta muino batean dagoen ur biltegi zahar baten ondora iritsiko gara. Eraikin xumearen atzetik doan bidexkari jarraituko diogu gero. Harresi txiki baten ondotik egingo dugu beherantz, eta, beste ur biltegi xume baten ondotik igaro ostean, Ranerorako errepidera iritsiko gara.

Surbiasko tumulua

Natur parkearen inguruko argibide taula bat ikusiko dugu, Ranero herrian sartu gabe. Orduan, Surbiasko tumulurantz doan bidea hartuko dugu, ezkerrera. Beraz, porlanezko bidean gora, iparraldera begira jarriko gara. Berehala, ur hargune bat ikusiko dugu, pistak banatzen diren lekuan. Gora doan basabideari jaramonik egin gabe, zuzen-zuzen joango gara. La Quinta errekastoaren gainetik igaro ondoren, oraingoan bai, maldan gora hasiko gara. Eukalipto eta pinu artean ibili eta gero, bideak panoramika zabala utziko digu, Surbias tontorraren gainean.

Tontorrera igo baino lehen, belardi bat zeharkatu beharko dugu. Baina, zelaiko etxolara jo ordez, eskuinaldean agertuko zaigun harresi txiki bat zeharkatzera abiatuko gara; izan ere, harrizko horma xume horren beste aldean, zabal-zabal agertuko zaigu egin beharreko bidea. Metalezko langa gainditu ostean, bideak sigi-saga jarraituko du, goraka. Lepora iristean, Surbiasko tumulua ikusiko dugu eskuinaldeko muinoaren altzoan.

Monumentua bisitatu eta gero, lepora jaitsiko gara berriz, eta, Rasa tontorra inguratuta, aurrera egingo dugu, lerrotik aldendu gabe. Cueto la Peña inguruan, Kantabria aldera begira jarriko gara. Pago bakartu batera heltzean, bidexkak gora eramango gaitu. Hala, Haya de la Venera, Picollano eta Mazarredonda muinoetatik hurbil eramango gaitu bidexka bihurgunetsuak.

Azken tontor horren ondoan, hiru eukalipto ikusiko ditugu: zuhaitzok erreferentzia ona dira. GR zidorrak behera eramango gaitu orduan, eta Picon de la Mosquilla tontorra ikusiko dugu aurrez aurre. Sakonune karstiko zabala inguratu ondoren, bat egingo dugu Ojebar auzotik (Kantabria) igotzen den PR-S 23 zidorrarekin. Hegoaldera ekiteko tenorean, goraka hasiko gara galtzada txiki batean barrena. Gero, ibarrean gora egingo dugu, eta Valsecako lepora helduko gara. Raneroko haitza zapaltzeko, eskuineko zidorrari jarraitu besterik ez da egin behar. Guk, ordea, lepoan behera egingo dugu, gertu dugu-eta Pozalagua haitzuloetako aparkalekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.