360º

Saioa Artesiagatik

Saioa Nafarroako tontor bisitatuenetako bat da. Oraingoan, Artesiagatik abiatzen den bidetik igoko dugu.

jarraia224565
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Saioa, Artesiagako lepoa, Zirolako Harria.
  • Distantzia: 2,4 km.
  • Iraupena: ordu 1 eta 10 min.
  • Estekak: Treckview
2023ko otsailaren 1a
09:20

Baztango mendien artean, garaiena dugu Saioa. Bere gailur belartsuak eskaintzen duen ikuspegia paregabea da, iparraldeko haranetatik Moncayora eta Kantauri itsasotik, Pirinioetara, baldin eta lainorik ez badago.

Bertara igotzeko ohiko bideak bi dira, Belateko gainatik abiatuta, Azkenazko lepotik igaro eta Okolin gaina atzean utzita, alde batetik, eta aurkako isurialdean, Artesiagan hasita, Sagardegiko lepotik doan bidetik.

Bertara iristen diren bide arruntena ez bada ere, gaurkoan Artesiagatik abiatzen den bat burutuko dugu, zuzenagoa den Zirolako Harriaren ondoko bidetik. Eremu lainotsu honetan hodeiarteak probesteko biderik egokiena da, laburrena eta agerikoena izanagatik.

Bide hauek errazak eta erosoak dira, edozein adineko mendizaleek ibiltzeko modukoak. Neguan ere, mendiko eskiekin gabiltzanon artean ere klasikoetako bat dugu Saioa.

Aipatutakoak aintzat hartuta, erraz ulertu daiteke zergatik Saioa mendia den Nafarroako tontorren artean maitatu eta bisitatuenetakoa.

Artesiaga-Zirolako Harria

Artesiagako lepotik abiatuta, HM norabidera abiatzen den pistan barneratzen gara, eskuin aldean dugun Eurtegi mendiaren hego-mazela inguratuz. Bidea basoaren goiko mugaren gainetik doa malda gutxiko aldapatik.

Metro gutxitan, bideak IM aldera bira bat egiten du Eurtegiko HM magala moztuz. Bertatik, Zirolako Harria aurrean ikus dezakegu. Pistak ezker aldera bira egiten du, Eurtegi eta Saioaren arteko lepoaren azpitik eta HM norabidean metro gutxi batzuk egingo ditugu, seinale-tantaia duen bidegurutzera iritsi arte.

Bertan, eskuin aldeko pista hartu eta lehenengo bihurgunearen parean pistatik irteten gara Zirolako Harrirantz, IM norabidean, belarreko malda ertaineko aldapatik, seinale txuri eta gorriak jarraituz. Zirolako Harriaren ondoko lepora iritsi aurretik, ezker aldera egiten dugu, harkaitzen azaleratzearen artetik HM norabidean gora eginez.

Zirolako Harria-Saioa

Harrien gunea atzean utzi eta belarditik zuzen egiten dugu gora, lurrean sartutako markadun taketak jarraituz. Saioa mendiaren aurreko muinora gerturatu ahala, malda areagotu egiten da harkaitz-azaleratzea zeharkatu arte.

Muinoaren azkeneko aldapa berriro ere gogortu egiten da goialdera iritsi aurretik. Hala ere, zuzen jo beharrean, eskuin aldetik, zatirik gogorrena inguratzen dugu, errekaren sakonunetik gertu iraganez.

Goialdea atzean utzi eta Saioa mendiaren azkeneko aldapa aurrez-aurre ikusten dugu. Erreferentzia gisa, hegalaren erdian dagoen ageriko arrakala, eta gailurraren ezker aldean dagoen lepotxoa hartuta, tarteko eremuan egingo dugu igoera.

Tarte honetan, taketak desagertu egiten dira. Hala ere, nahiz eta ageriko biderik ez egon, edozein lekutik igotzeko aukera dago. Magala zabala da eta sigi-saga ibiltzeko arazorik ez da.

Goialdera iritsi aurretik, taketak berriro ere ageri dira, gailurretik gertu. Bizkarrean gaudela, ezker aldera egiten dugu, gailurretik aldentzen gaituzten azkeneko metroak burutzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.