Santuste, behatoki aparta

Santuste edo Santiuste talaia ederra da Trebiñuko lurretan. Herrixka gotortua izan zen behiala. Egun, labore soroek dute erabat maskaratua.

Santusteko gaina Añastro herritik ikusita. JOSEAN GIL-GARCIA.
Josean Gil-Garcia.
2023ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Santuste gaina Ladrera eta Ozilla herrixken hegoaldean altxatzen da harresi baten moldean. Tontorrerako igoera zuzenak, baina, lanak emango dizkio txangolariari, landaretza trinko eta itxiak babesten baitu Burdin Aroan egokitutako herrixka gotortua. Gainaldeko ordokian indusketa arkeologikoak egin ziren, orain dela hamarkada batzuk. Material ugari atera zuten muinotik: hondakin paleontologiko eta zeramika mota asko, besteak beste. Igoera samurtze aldera, Trebiñuko herrian hasiko gara oraingoan. Gurdibideen Bidea bidaide-gogaide, Kutxu herrira iritsiko gara laster batean. Gero, bide-seinaleak lagata, Santuste gaina zapaltzera zoli eta zalu abiatuko gara. Azkenik, Bustuko ibar xumean barrena ibilita, Trebiñun izango gara berriz ere.

Trebiñu herrian (Araba) hasiko dugu zirkuitua. Herriko gasolindegiaren atzeko aparkalekuan utziko dugu autoa. Silo handiaren parean jarraituko dugu gora egiten duen Rotelabide kalea. Azken txaletera iritsita, eskuinera jo, eta garaiera hartuko dugu. Lehen aldatsa igo, eta bidebanatze batean, zuzen doan zidorrari jaramon egingo diogu. Bide biek Kutxu herrira doazen arren, eskuineko aukera utziko dugu itzulera erosoago gerta dakigun. Hoyo Vallejora iritsiko gara ziztuan. Bideak sigi-saga egingo du orduan, eta leporaino lagunduko digu. Noranzkoa aldatu gabe, zuzen jarraitu eta hilerriaren ondotik igarota Kutxura iritsiko gara.

Kutxutik Santustera

Herriko plazan latsarria ikusiko dugu, elizaren atari ederraren aurrean. Eraikin bien artean igaro, eta Labearen kaleari begia kendu gabe, Kutxu eta Bustu herriak lotzen dituen errepidera helduko gara. Asfaltoa gurutzatu, eta aurrerapausoak egingo ditugu herriko baratzeak dauden tokirantz. Gero, lau bideko elkargunera iritsita, eskuin-ezker egin gabe, aurrera segituko dugu. Añastrora heldu gabe, eskuinera egingo dugu bidebanatzean, eta linea elektrikoari segituko diogu. Hala, ur-baltsara iritsiko gara bizkor-bizkor. Orduan, presara igo, eta hezegunea hegoaldetik inguratzen hasiko gara. Ehunka metro egin ostean, ordea, hormatik aldentzen lagunduko digu bideak berak. Hala ere, ez gara hezegunetik askorik apartatuko. Izan ere, ur-baltsa eskuinean eramango dugu une oro, harik eta ponpatze estaziora iritsi arte. Eraikin xume horretatik ehun metrora-edo, ezkerretik doan nekazari bideari jarraituko diogu. Monterenako bidean aurrera eginda, Santuste muinoko mendebaldeko lepora iritsiko gara. Ur-baltsa zirkular bat ikusiko dugu lepoan. Ladrera eta Ozilla herrietara jaitsi ordez, eskuinera egingo dugu lepoan. Bidea amaitzean, bi lursailen artetik igaro eta muinora igoko gara tentu handiz, konglomeratuzko harri blokeak saihesten. Santusteko lehen gainak elorri zuri, otaka eta karduek hartuta daukate.Muinoko lursailak jasota egonez gero, aukera izango dugu erpin geodesikoraino igotzeko. Panoramika itzela izango dugu handik goitik.

Itzulera egiteko, tontorretik jaitsi eta lepoan ikusitako ur-baltsa zirkularrera jaitsiko gara. Monterenako bidea lagata, ezkerrera doan nekazari bide zabala hartuko dugu. Hala, Santuste gaina ezkerrean dela, hegoaldeko magala zeharkatzeari ekingo diogu, astiro-astiro. Begirada Bustu herrira luzatuta, bidebanatze batera helduko gara ziztuan. Barrancal errekastoa gurutzatuko dugu han, eta eskuinera joko. Aurrerago, La Llanako bidesardan, aurrera segi eta Bustu herrira helduko gara. Kale nagusiari men eginez, herriko eliza erromanikora iritsiko gara. Tenpluaren garrantziaz aspaldi handian ohartarazi zigun Micalea Portilla historialariak; izan ere, XIII. mendeko ataria, zinez, ederra da. Besteak beste, zutabe apainduak ikusi ditugu han.

Elizaren eskuinetik doan kalean gora eginez, hilerritik igaro eta nekazari bidean aurrera egingo dugu, aldatsa amaitu arte. Orduan, eraman dugun bidea utzi eta ezkerrekotik goratasuna galtzen hasiko gara. Metro batzuk egin ostean, Hoyo Bustuko bidea utzi eta eskuinetik irteten den belarrez jantzitako bideari lotuko gatzaizkio. Hala, Zunbera bidean aurrera eginda, Trebiñun emango diogu amaiera Trebiñun barreneko zirkuituari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.