Gorobel mendizerra mendebaldetik ekialdera luze-luze zabaltzen da eta Gaztelako lautadarekin dugun muga naturala da. Mendebaldean dagoen Altubeko mendatetik ekialdean dagoen Anguloko mendateraino luzatzen ditu bere gandorrak. Mendilerroa mila metroko altuera duen ordeka itzel batez osaturik dago, eta berak markatzen du isurialde atlantikoaren eta mediterraniarraren ur-banalerroa. Txarlazorekin batera, Tologorri eta Ungino dira Gorobel mendilerroaren mendi kutunenak. Lendoñogoiti herritik begiratuz gero, ezproi itxura duen silueta du Tologorrik, zorrotza eta malkartsua. Unginorenak, berriz, Aiarako larre eta zelaietan nabigatzen ari den itsasontzi baten brankaren itxura du. Bi mendiak bisitatzeko, Lendoñogoititik abiatu eta Xenda Beltzaren bila abiatu gara, goi-lautadako erromesek Arbiletako San Klemente Monasteriora joateko erabiltzen zuten bide zaharra hain zuzen.
Garai batean, mendilerro horren euskal izena Garobel izan zen, baina dauden dokumentu gutxi batzuetan Gorobel izena aipatzen dute. Lendoñogoiti izango dugu ibilaldiaren abiapuntu, eta hara iristeko bideak bat baino gehiago dira. Amurriotik abiatuz gero Maroñoko urtegia aldera hartu eta hemendik Belandiara, herria pasatu eta Lendoñogoitira helduko gara. Urduñatik irtenez gero, Antiguatik pasatu eta Lendoñogoitira doan errepidea jarraituko dugu.
TOLOGORRI JOMUGA. Lendoñogoiti herrira heldu aurretik, egurrezko zutoin batek Iturrigorriko Bidea adierazten du. Porlanezko bidetik aparkalekura iritsi gara. Lendoño errekari jarraitu diogu, hasieran aldapa ez da gogorra, baina hariztia desagertu eta pagadian murgiltzean martxa moteldu egin behar izan dugu, aldapa gogortu egin baita. Hasierako bide zabalak bidezidor estu eta markatuari laga dio bere lekua. Pago gazteetatik eroritako hostoek lurra estaltzen dute, gainetik ibiltzeko atsegina den orbel-alfonbra osatuz.
Bidezidorretik gorantz jo dugu, eta aldapa geroz eta pikoagoa da. Bidean, Herren harria-ren ondotik pasatu gara. Pagadia zeharkatu ostean Bedarbideko malkarraren oinera iritsi gara, eremu soila. Belar artean irekitzen den bidea leunagoa dugu orain, Xenda Beltza izenez ezaguna den ingurura iritsi gara. Tologorri parez pare dugu eta behera begiratuz gero, gure azpi aldean zabaltzen diren aldats pikoek zirrara berezia sortzen dute gugan. Balkoi luze eta aparta horrek harratearen ondora eraman gaitu, uharrean txertaturik dauden pago batzuen artean sartuz. Hori igaro eta La Barrerilla atakara heldu aurretik, harkaitzen artean sigi-sagan igo ditugu azken metroak.
Hesia gurutzatu, Iturrigorriko iturrian kantinplorak bete eta labarraren ertza bilatu dugu. Behetik igo ezina zirudien haitz zorrotzak beste ikuspegi bat erakusten du hemendik, lepo zabal eta belartsu horretatik igoera erraza suertatzen baita. Gailurrerantz abiatu gara, eta bertara gerturatu ahala aldapa gogortu egiten da. Azken metroak betetzeko soberan ez ditugun indarrak atera ditugu. Buzoia eta erpin geodesikoa. Eskualde osoaren behatoki aparta dugu Tologorriko muinoa. Hamaiketakoa egin dugun bitartean, ikuspegiaz gozatzeko aukera bikaina izan dugu. Inguratzen duten mendiez gain, itsaso berdean barreiaturik dauden herrixkak begiztatu ditugu: Aginaga, Lendoñogoiti, Maroño, Belandia, Poza, Mendeika...
UNGINORA BIDEAN. Sabela ase eta begiak oraindik gose ditugula, Menerdigako ataka aldera jo dugu. Gandorra jarraituz berehala ikusi dugu Unginoko tontor bikaina, atzerago Eskutxikoa. Mendebaldera zabaltzen den harresiaren gainetik doan bide ederra jarraitu dugu atakaren ondoan dauden artzain txabolen ondora iristeko. Menerdiga atakatik Atatxako atakara zuzentzen diren bidezidorretatik gorantz egin dugu, eta belarrez estalitako malda luzearen ondoren iritsi gara Ungino mendiko gailurrera. Gutunontzia eta erpin geodesikoa daude bertan. Gailurretik bertatik, Aiara harana aldera irekitzen den Unginoko Begia ikusi dugu. Lendoñogoitirako itzulera bide beretik osatuko dugu.
Mendi ibilaldia
Tologorri eta Ungino, Xenda Beltza zeharkatuz
Fitxa teknikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu