Mendi ibilaldia

Txabolapea, Legutioko gerra eremua

Txabolapea, Legutioko gerra eremua.
Txabolapea, Legutioko gerra eremua.
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Legutio, Txabolapea, Meatzeak, Goiko errota
  • Distantzia: 4,5 km
  • Iraupena: 1 ordu eta 30 minutu
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2023ko ekainaren 27a
00:00
Espainiako gerrako gertaerak eta babesleku ezkutuak ezagutarazte aldera, makina bat ibilbide atondu da azken urteotan Euskal Herrian. Memoria ibilbideak izenburua hartu dute zidor horiek. Naturan egokitutako mural eta bide seinaleei jaramon eginda, ibiltariak aukera ona izan ohi du, besteak beste, 1936ko altxamenduak sorraraziko triskantza eta artegatasuna bertatik bertara ezagutzeko.

Legutio Arabako iparraldean dago, Bizkaiko mugatik hurbil-hurbil. Hiribildua urtegiaren ertzean ikusten dugu gaur egun, kulunka mantsoan. Bagarik gabeko itsasoaren abaroan izanda ere, ez du beti merezitako soseguaz profitatu. Ez, bederen, historia handiko gune estrategiko bati dagokion neurrian. Izan ere, zeru lurrak astintzen hasi ziren 36koan, eta, gauzak zer diren gero, protagonismo bizia hartu zuen bazter ezagunak. Txabolapea pinudi trinkoa eszenatoki odoltsua izan zen orduan, eta, tamalez, magal leunak odoleztatuak izan ziren urrikalmendurik gabe. Hilotzek pinudiko bazterrak hartu zituzten, bi bandoen artean baja ugari gertatu zirelarik.

Borroka egun horietako agertokiak irudikatzearen karietara, ibilbide bat egingo dugu Legution hasita, baita Basatxiko muinoa inguratuta ere. Igoera xumea bezain eztia gauzatuko dugu hasieran, hariztiak eta belaze zabalaz jantzitako landen artean. Txuliando eta Basatxi parajeon gaindi Txabolapeko pinudiarekin bat egingo dugu ziztuan. Defentsarako lubaki bihurgunetsuak eraiki zituzten hantxe bertan, eta, gaur egun bazterrok sastrakez eta astoarrosez beztituta ikusi arren, orain dela urte gutxi lurpetik atera zituzten liskar haietan hildako bi gudulariren gorpuzkiak.

Legutioko bidea

Legutioko eliza inguruan hasiko gara ibilian. Pilotalekuaren aurretik igaro bezain laster, kale nagusia utzi eta eskuinera egingo dugu Urrunagako urtegia elikatzen duen Bosibaieta errekara jaisteko asmoz. Muinotik behera egiten lagunduko diguten eskailerak baliatuko ditugu. Hala, porlanezko mailak lagun, Albinagoitik mantso-mantso nabigatzen duen emari apetatsua zeharkatuko dugu. Bidebanatzean, eskuinera hartu, eta Memoria Ibilbidearekin bat egingo dugu. Bide seinale metaliko batzuk ikusiko ditugu bidean, tinda urdineko marra bikainez markatuak.

Aldatsa amaituta, asfaltoa utzi eta basoan sartuko gara bizkor-bizkor. Bidean aurrera eginda, inguruko landaretzak erakarriko du gure interesa: urkiek, haritz amerikarrek eta hurritzek, besteak beste, ederki zedarriztatuko dute bidexka. Ur biltegia ezkerrean laga, eta altzifreak lerrokatuak ikusiko ditugu goratasun pitin bat hartuta. Azkenik, pinudi ezagunera iritsiko gara. Mugarri txikiak Legutioko barrutian gaudela gogoraraziko digu; Txuliandoko parajean, hain justu ere.

Bide nagusitik irten gabe, gudularien gorpuak agertu ziren tokira iritsiko gara. Ezkerraldean Basatxiko belardiak ikusiko ditugu eta, urrunago, atze oihal baten erara, Gorbeia eta Lekanda handiak. Maldan behera jarraituko dugu gero, eta itxitura batera helduko gara berehala. Hariztian sartu, eta, elorri zuriak, gorostiak eta ametzak bidelagun, zeharkaldi polita egingo dugu basoan zehar. Lau bide elkargune batean, eskuin-ezker egin gabe, zuzen jarraituko dugu. Enbor lodia eta zimurtsua erakusten dituzten haritz batzuk izango ditugu aurrez aurre, magal zabalean ederki sakabanatuta.

GR 25 zidorra batuko zaigu xendak banantzen direnean. Orduan, ezkerrera jo eta seinale zuri-gorriak lagun, zehar-zehar jarraituko dugu. Meategiak izan direneko parajetik hurbil, langa metaliko bat zeharkatu, eta, porlan bidea alde batera utzita, meategiko esparrua zeharkatuko dugu, alderik alde. Pistara berriz irtenda, eskuinera egin eta asfaltoari men eginez, goratasuna galtzen hasiko gara. Bosibaieta erreka gurutzatu ostean, ezkerrera egin, eta, Saindurdi kalean aurrera egin ostean, Legutioko plazara iritsiko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.