Felipe Uriarte
Tashi Delek. Khumjung. 2023ko azaroaren 26a

Nak, Jak, Nak

2023ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

Guru Rimpoche, Budismo Vajrayanaren sortzailea, hegan eginez MaraTika gailurretik Khumjungo Akhang Dupkhang kobara heldu zen.

Rimpoche hegan eginez heldu baldin bazen, xerpek oinez igaro zuten Nangpa La 5.806 metroko mendate glaziarra Himalaiaren hegora iristeko. Ezinezkoa egingo zitzaien jaken eta naken (arra eta emea) laguntza barik horrelako bidaia harrigarria burutzea. Duela 700 urte, abere jator horien bizkarretan garraiatu zuten Himalaiaren beste aldean bestelako bizimodu bat egiteko behar zuten guztia.

Xerpen bizitza abere hauen inguruan eraikita dago: garraiobidea, okela, ilea, esnea... baliatzen dute, baita haien gorotza ere. Gorotz egin berria jaso, eta behin etxean ura gehituta, boletan bildu eta indarrez etxeko egubera diren hormetan eransten dute, lehortu arte. Erregai ona lortzen dute horrela: tse. Khumbu inguruko berogailu eta sukalde guztiak tsez elikatzen dira.

Jak bat
Jak bat. FELIPE URIARTE

Ibilkera lasaiko abereak dira; ohituak daude Himalaiako xenda piko eta estuetan ibiltzen. Lasaia izanik, arriskutsua ere bada. Beldurtia oso, edozein keinu desegokirekin izutu, eta handiak izanik, 700 kilo!, arriskutsuak bihurtzen dira abiadura bizian.

Jakekin topo eginez gero, hobe mendi aldean jartzea, ez amildegi aldera, hauxe xerpa gidariek ematen duten lehenengo oharra, erraza baita jak izutu baten bultzadaz 400 metro beherago dagoen Dudh Kosi ibaira amiltzea.

Pentsalariak dira, eta zaila da haien begirada lasaitik ihes egitea.

Aldapa gora zoazela, ar handi batekin topo egin, eta begira jarriko zaizu:

–Zertan zabiltz? –galdetuko balu bezala.

Badago lurralde hauetan beste izaki bat, yetia, gaur egun hainbeste mendizale, garraiatzaile, helikoptero eta hegazkin txikirekin, oso aparteko lekuetara erretiratu dena. Jak arrek, haien adar eta buru handi eta ile luzearekin, gogora ekartzen didate yetia. Hau ere beldurtia, glaziar ezkutuen azken muturreraino erretiratu da. Jakek eta yetiak lagunak izateko aukera guztiak dituzte. Arazoa da, yeti orojalea izanik, gose izanez gero, ez diola naken hanka samur bati muzin egingo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.