Naturaren behatxuloak

jarraia221290
Aitzulo, Orkatzategin zabaltzen den begian. IVAN RUIZ.
jakes goikoetxea
2022ko abuztuaren 23a
09:00
Entzun

Aitzulo (Gipuzkoa)

 Araozko aitzuloko begia. ITZIAR ALBERDI.
Araozko aitzuloko begia. ITZIAR ALBERDI.

Gizakiaren txikitasuna

Gizakia txiki uzten duten leihoak dira Aitzulokoak. Bada zulo bertikal erraldoi bat, amildegia eta paisaia miresteko. Eta bada anfiteatro itxurako zulo horizontala, gora begiratzeko eta zerua behatzeko.

Oñatitik (Gipuzkoa) Arantzazuko santutegira joateko errepidea hartu behar da; gero, Arrikrutzeko kobazuloetara joateko saihesbidea; eta, ondoren, Araotz aldera hartu. Aitzuloko leihotik parez pare ikusten dira bi bide horiek.

Oinezko bidea Araotz auzotik abiatzen da. Seinale hori eta zuriak jarraitu behar dira. Ibilbide erraza eta motza da, bi kilometro eskasekoa. Pixka bat ibili eta gero, beste dimentsio batera iristen da, ohiko paisaiak beste begi batzuekin eta beste begi batzuetatik ikusteko aukera. Leihoaren ertzeraino gertura daiteke. Irteera luzatu nahi izanez gero, Orkatzategiko tontorrera(874 metro) igotzea da aukeretako bat.

Aitzulokoa da eskura dagoen leiho natural ikusgarrietako bat. Leiho naturaletan sakontzeko ezinbesteko erreferentzia da Santiago Yanizen Excursiones a ventanas naturales liburua —50 leihoren bilduma—, Sua argitaletxearena.

 

Sartzaleta (Nafarroa)

 Sartzaletako leiho naturala, erdian zutabea duela. SANTIAGO YANIZ ARAMENDIA.
Sartzaletako leiho naturala, erdian zutabea duela. SANTIAGO YANIZ ARAMENDIA.

Begi bat, bi begi

Lokizko mendilerroko leihoek Allin ibarrera begiratzen dute. Naturak eta gizakiak moldatutako koloretako lursailek adabakiak dirudite goitik begiratuta. Sartzaletako harresian hainbat leiho edo begi bisita daitezke ibilaldi berean, hiru kilometro eskasean. Bi dira ezagunenak: Sartzaletakoa eta San Prudentziokoa. Sartzaletakoan bi begi daude elkarren ondoan, harrizko zutabe batek banatuta. Haitzean higatutako begiak bihurtzen dira bisitariaren begi. San Prudentziokoa, berriz, leiho biribildua eta handia da.

Gauzatik (Nafarroa) irits daiteke bertara. Malda pikoa igo behar da, amildegirantz; bide harritsuetatik ibili; harrien eta landareen artean bidea egin, bidexkarik gabeko lekuetan; hormaren azpira iritsi; hormaren azpian mugarriei jarraitu; eta eskuen laguntzaz harrian gora egin, zati labur batean. Horrela iristen da San Prudentzioko haitzuloaren sarrerara. Komeni da esku argi edo kopeta argi bat izatea tunelean aurrera egiteko. Makurtu beharra dago, tunelak metro bateko altuera baitu.

Ez dira iristeko leiho errazenak, baina ikuspegiak merezi du.

 

Goroko haitzuloa (Araba)

 Goroko haitzuloa eta bertako leiho naturaletako bat. BASOTXERRI.
Goroko haitzuloa eta bertako leiho naturaletako bat. BASOTXERRI.

Ganbera eta ubidea

Kanpotik, bunker itxura duten leihoak dira Goroko haitzulokoak. Barrutik, denborak eta naturak higatutako barrunbea, ganbera eder bat.

Ibilbidea Otogoienen (Araba) hasten da. Aurrena GR bidearen seinale gorri eta zuriak jarraitu behar dira; gero Laña errekaren ibilgua, Badaiako mendilerroraino. Goroko haitzuloan jaiotzen da Laña erreka, Zadorraren ibai adarretako bat. Normalean ez du urik izaten, edo oso ur gutxi. Ibilbideak ez du zailtasun tenikorik eta ez da luzea, bi kilometro eta erdi ingurukoa.

Leihoak bi garaieratan daude: goian eta behean. Leihorik ezagunenak eta bisitatuenak bost dira. Bertatik Goroko amildegia ikus daiteke. Euri asko egiten duen egunetan urak hartzen du haitzuloa, ubide bihurtzen da, eta ezin da bertara sartu. Egun horietan ura indartsu ateratzen da leihoetako batetik, eta ur jauzia bihurtzen da ikuskizun.

Haitzuloaren barruko bideek guztira ia bi kilometro dituzte, baina bisitariei lehen 250 metroak soilik egitea gomendatzen diete, hori bai, esku argiarekin edo kopeta argiarekin. Kobazuloan barrurago sartzeko espeleologia ezagutza eta material tekniko egokia behar dira.

Ibilaldia luzatu nahi izanez gero, badira aukerak: Santa Marinako ermita, Ganalto mendia (898 metro) eta Olazargo lepoa bisitatu daitezke.

 

Baltzola (Bizkaia)

 Baltzola. Aritz Loiola, Foku.
Baltzola. Aritz Loiola, Foku.

Harrizko labirintoa

Baltzola ez da eskalatzaileen paradisua soilik. Baita naturak zizelkatutako paisaien zaleena ere. Jentilzubiren azpitik pasa daiteke, eta, kondairak dioen moduan, jentilak irudikatu, haitzezko pasabidearen gainean. Baltzolako haizuloak bisitatu daitezke, eta harridura eragin dezake naturak halako labirinto naturala eraikitzeko izan duen gaitasunak. Mitologia, geologia eta arkeologia uztartzen dituen irteera da. Bizipen ederra da ur tantek urratutako Baltzolako isiltasuna entzutea.

Ibilbidea Diman (Bizkaia) hasten da, San Lorentzo ermitatik edo Indusi auzotik. Lau kilometro inguru dira Baltzolaraino. Sarrera bat baino gehiago ditu. Esku argi bat edo kopeta argi bat lagungarria izan daiteke pasabideetan eta kobazuloetan ibiltzeko. Kontuz, bertako lurzorua irristakorra baita. Behin Baltzolaraino joanda, merezi du Abaroko tunela ezagutzea eta handik pasatzea. Pasabide bat, arrakala bat kareharri puskaren azpian.

Ezagunak dira Jentilzubi eta Baltzola. Gomendio bat egin du Yanizek: ohiko bideetatik joanda ere, bidearen ondoko lekuak eta paisaiak lasai ikustea eta aztertzea, «horrela aurkitzen baitira gauza berriak». «Jendeak askotan bide erraza hartzen du», haren iritziz. «Baina Jentilzubin, esaterako, hamar metro soilik igo eta beste hiru edo lau zulo daude. Betiko paisaia guztiz aldatzen da».

 

Rocher de la Vierge (Lapurdi)

 Rocher de la Vierge eta haren parean dagoen dagoen leiho naturala.. Guillaume Fauveau.
Rocher de la Vierge eta haren parean dagoen dagoen leiho naturala.. Guillaume Fauveau.

Itsasoak sortutakoak

Naturak sortutako leiho guztiak ez daude mendian. Badira itsasoko enbatek, olatuen eta itsaslasterren joan-etorri etengabeak eta kresalak sortutakoak ere. Miarritzen (Lapurdi) bertatik bertara ikus daitezke. Nabarmenena, Miramar hondartzaren aurreko Roche Ronde, paisaiaren parte, kaioen pausaleku.

Rocher de la Viergeren ondoan dago itsasoak sortutako beste leiho bat. Bisitari asko joaten dira Rocher de la Viergera. Oinzubi bat dago hara iristeko. Tunel bat ere pasatu behar da, ez naturak sortutakoa, gizakiak lehergaiekin zulatutakoa baizik. Begiratoki bikaina da kostaldea eta Ozeano Atlantikoa ikusteko. Oinzubitik bertatik ikus daiteke itsasoak sortutako leihoa, naturala.

Itsasoak sortutako Euskal Herriko leiho ezagunenak Gaztelugatxekoak dira (Bermeo, Bizkaia), ziurrenik. Baina Gaztelugatxetik gertu badira beste leiho ikusgarri batzuk ere. Yanizen liburuan Itsaspotorroatxoko leihoen argazki deigarri bat dago, su koloreko zeruarekin: «Itsasoak zizelkatutako katedrala da. Hara joan eta pentsatzen duzu munduko paisaia basatienean zaudela».

Bere leiho kutuna ere itsasoak sortutako bat da, Ogoñokoa (Elantxobe, Bizkaia): «Izugarria, txundigarria». Yaniz piraguan joan zen Itsaspotorroatxara eta Ogoñora. Itsasoz iristen baita hara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.